«Aldaketa izan da: gobernu eraikitzailetik suntsitzailera»

«Aldaketa izan da: gobernu eraikitzailetik suntsitzailera»

Ander Perez

Gaztea izanagatik, Javier Garcia (Cintruenigo, 1985) ez da berria politikan. CDNko gazte erakundeko presidente izan zen, orain zazpi urte. PPk Nafarroako Parlamentuan dituen ordezkarietako bat da orain. Harekin zabalduko du Nafarroako Hitza-k legealdiko parlamentari berriei eskainitako elkarrizketa sorta.

Askotan egingo zizuten galdera: zer egiten du 30 urteko gazte batek politika munduan?

Bizigarria ematera nator, besteen esperientziarekin uztartuz dakidan guztia emateak onera ekartzen duelako politika, zeina hain baitago gaizki ikusia. Uste dut bestelako ikuspegia eskaintzea dagokigula. Oinarrizkoa da gazteok gure etorkizunaren eraikuntzan ahotsa izatea. Gazteak animatu behar ditugu politikan sar daitezen, edozein ideologiatakoak direlarik ere. Egon beharra dago ekarpena egin ahal izateko.

CDNko gazte erakundeko presidentea izan zinen. Zer gertatu zen gero?

Badira urte batzuk CDN desagertu zela. Nik jende asko ezagutzen nuen PPn, banituen lagunak han. Ekitaldietan parte hartzen hasi nintzen, eta alderdia barrutik ezagutzen hasi nintzen. Eta hemen gaude. Hori izan da eremu politikoan izan dudan bilakaera.

Zer eskaini zizun PPk? Zer eskaintzen dio Nafarroari?

PP alternatiba bat da, gobernu alternatiba bat, Nafarroan orain arte ezagutu ez duguna, oraindik ez duelako agintzeko aukerarik izan. Ezarpen lan ona egiten ari gara, eta, bide horretan jarraitzen badugu, aukera izanen da PP gobernu alternatiba izateko. Zer eskaintzen duen? Espainian eskaini duen gauza bera. Norberak pentsa dezakeenaz harago, errealitatea hor dago: lanpostuak sortzen dituen alderdia gara, politika sozial onenak jartzen dituena martxan, gazteei aukera gehien ematen diena, kudeatzen dakiena… Hori eskaintzen du PPk, baita Nafarroan ere.

UPNren alternatiba da PP Nafarroan? Sarri, badirudi gauza askotan egiten duzuela bat.

Egia da badirela bat gatozen gauzak, eta eskerrak. Baina beste askotan ez gatoz bat. Arduratsuak gara, Nafarroako onuraren alde egiten dugu, baina Espainiako onura orokorrean pentsatuz, Espainiari ongi badoakio Nafarroari ere ongi joango zaiolako. Nazio mailako alderdi baten babesa dugu, eta hori oinarrizkoa da. Izan ere, Nafarroan gauza garrantzitsuak erabakitzen dira, baina baita Diputatuen Kongresuan ere, eta han ahalik eta diputatu kopuru handiena edo, are, gobernua izateak baldintzatzen du Nafarroak izango duen babesa.

Zein da zuen eginkizuna Nafarroako Parlamentuan?

Oposizioa egiten ari gara. Bi parlamentarirekin ekinaldi asko jarri ditugu martxan, eta oposizioari jarraitu beharreko bidea erakusten diogu. Hori guztia bi parlamentari izanda, eta kontuan hartuz horietako bat berria dela.

Nafarroaren identitateaz mintzo zarete sarri. Zein da identitate hori? Bakarra al dago?

Argi dago Nafarroa oso askotarikoa dela, baina Nafarroa bakarra da. Nafarroa pluralak elkartzen gaitu, eta ez gintuzke banandu behar. Argi dago Erriberatik Mendialdera askotarikoa dela Nafarroa, baina horrek ez du esan nahi oro har ezberdinak garenik. Oraingo gobernu nazionalistak bi Nafarroak banatu ditu, elkarren aurka jarriz ezberdin pentsatuta ere helburu bera duten bi zatiak.

Bost hilabete joan dira aldaketaren gobernua martxan jarri zenetik. Zein da zure balantzea?

Aldaketa izan da, bai: gobernu eraikitzaile batetik gobernu suntsitzaile baterako aldaketa. Ni Erriberakoa naiz, eta hartzen ari diren neurri askok eragiten digute. Adibidez, Nafarroako ubidea, AHTa, PAI eta halako gaiak. Ubidearekin, jakina da Erriberak ura behar duela. Gobernuak egitasmoa gelditu du, alternatibarik proposatu gabe. Gauza bera gertatu da PAIrekin ere. Ongi funtzionatzen duen programa batez ari gara; gauza batzuk berrikusi beharko dira, ados, baina gobernuak ez du alternatibarik eskaini. Ingelesa ikasi nahiko luketen nafar gazte asko horretarako aukerarik gabe utzi dituzte. Bada beste datu bat: Espainiako hauteskundeak. Argi ikusi da nazionalistek ez dutela lekurik Kongresuan. Garaia da hausnartzeko hain ona omen den programa akordioa benetan ona den. PPn ezetz uste dugu, Nafarroa hondatu eta hutsik uzteko akordioa dela.

Konstituziotik laugarren xedapen iragankorra kentzeko borondatea erakutsi du Rajoyk. Hala izango da?

Konstituzioa irekitzen denean, ikusi beharko da xedapena kentzeko zer errealitate sozial dagoen. Baina egia da Rajoyk horretarako konpromisoa hartu duela, eta, beraz, kendu beharko da. Ezin da beste inola izan: xedapen iragankor bat da, eta, iragankorra den heinean, desagertu behar da. Betiere, konstituzioa aldatzeko kontsentsu soziala badago.

Iragankorra da, baina ez da oraindik praktikan jarri.

Bai, baina kontua nola doan ikusita… Erabakitze eskubideari buruzko osoko bilkura egiteak argi erakusten du gobernuaren joera nazionalista. Erabakitze eskubidea ez da nafarren benetako beharra; bai, ordea, lana, gizarte politikak edo garapen ekonomikoa… Hori eskatzen dute.

Zer iritzi duzu euskarari buruz?

Ni ez naiz euskararen kontrakoa; uste dut euskaraz ikasi nahi duen edonork aukera hori izan beharko lukeela, baina baita ingelesa ikasi nahi duenak ere. Nafarroako Gobernua euskararen erabilera alderdikoia egiten ari da, euskararen aldeko apustua egiten dutenak eta libreki euskarari ezetz esan diotenak elkarren kontra jartzen dituelako. Inposatzea eta proposatzea ez da gauza bera. Hizkuntzen artean gatazkarik ez izatea bultzatu behar da. Halere, uste dut ingelesaren aldeko apustua egin behar dela, etorkizuneko hizkuntza baita, euskara, zentzu kulturalean, alde batera utzi gabe. Eskaerak baldintzatzen du kontua, eta oroitarazi beharra dago Nafarroan %12 baino ez direla euskaldunak. Hori ez da gehiengoa, gutxiengoa baizik. Gutxiengo horrek euskara ikasi nahi duela? Aurrera. Ez dugu kontrakorik esan. Are gehiago, guk beti defendatu dugu gurasoen askatasuna, haien seme-alaben hezkuntza aukeratu dezaten.

Espainiako gobernabidea jokoan dagoen honetan, askok dio PP eta Ciudadanosen arteko akordio batek estatua zentraliza dezakeela, Nafarroaren kalterako. Zer uste duzu?

Nafarroan, PPk eta Rajoyk askotan defendatu dituzte forua, gure identitatea eta gure erregimena, eta hala egiten jarraituko dugu. Hain zuzen ere, uste dut PPri esker dugula gaur egun autogobernu zabalagoa, sinatutako hitzarmenari esker eta PPren gobernuek foruari beti erakutsi dioten errespetuari esker.