Naiara Elola
Igandean hilabete beteko da inoiz ezagutu den ikasturterik laburrena amaitu zela. Bat-batean eta modu inprobisatuan egin behar izan zitzaion aurre birus malapartatu batek eragindako anabasari. Ahal zen moduan, eskola komunitate osoaren borondate onari esker, ikasturtea amaitu ahal izan da. Baina irailean zer? Nolakoa izango da haurren eskoletarako itzulera? Ia ziur naiz ez dela inondik inora beraiek espero bezalakoa izango.
Denbora luzea eman dute osasun agintariek irailean hasiko den ikasturtean COVID-19 birusarekin ez kutsatzeko neurriak diseinatzen. Izan ere, hor dago mehatxua, ez da desagertu. Hasierako zirriborroari aldaketa batzuk egin ondotik, goitik behera zehaztu dituzte bete beharreko jarraibideak.
Planaren helburu nagusiak “haurren eskolatzea bermatzea, eta familia kontziliazioa eta ekonomia sustatzea” direla diote hura idatzi dutenek. Birusak eskolan izan ditzakeen kutsatzeen arabera, lau agertoki zehazten dira, eta horietako bakarrak soilik ahalbidetzen du kontziliazioa. Lehenengo agertoki deiturikoan, normaltasun berrian kokatzen dute eskola agertoki horretan. Segurtasun neurriak hartuta, haurrek sasi-normaltasun batean ikasi ahal izango dute eskolan.
25 ikasle arteko sektoreak eratu daitezke. Horrek esan nahi du Iruñean ohiko diren eskola handietan haurrek ia ez dutela izango harremanik beste geletako ikasleekin. Gizakia animalia soziala da, eta jolastokian, maiz, ikasgelakoak ez diren ikasleekin jolasten dira haurrak. Irailetik aurrera ezinezkoa izango da, eskoletan ikasleen kutsatzea eragotzi nahi baita.
Kontingentzia planak jolastea deitzen diona, dena den, ez da txikiek orain arte eskolan egin dutena. Izan ere, ahalegin fisikoa eskatzen duten kirolak debekatuta egongo dira; futbola edo saskibaloia, kasurako. Jostailurik ere ez da izango. Izan ere, beldur dira jostailuen bitartez kutsatuko ote diren. Beraz, orain arte ezagutu duten eskolaren antz handirik ez du datorren ikasturteak.
Kontziliazioaren afera birusak zaildu du lehenago ere, baina aurrerantzean ez da errazagoa izango, lehenengo egoeran soilik eskainiko baita jangela zerbitzua. Hortaz, egoera apur bat zailduz gero, gurasook bi aukera izango ditugu: lana utzi gure haurrei jaten emateko edota aitatxi-amatxiei laguntza eskatu, horien bizitza arriskuan jarriz.
Planak zaku berean sartzen ditu Nafarroan dauden eskola guztiak. Hau da, trataera bera dute mila ikasle dituen Iruñeko eskola itunpekoak, edota 70 ikasle dituen Baztango herri bateko eskola txikiak. Jakina da, kasu horretan behintzat, abantailaren bat eduki behar zuela eskola txikia izateak. Batez ere, ikasle kopurua apala denez, aukerak badirelako bestelako kontingentzia plan bat ezartzeko. Baina denak zaku berean sartu dituzte, ahula zena ahulago bilakatuz.
Hala ere, ez dezagun esperantza gal: iraila bitarte, haur eta nerabeen salbazio bide modura aurkeztu den plan zoragarriak tokian tokiko errealitatea aintzat hartzeko aldaketak izan ditzake. Bitartean, uda ona pasa denek!