Lohizune Amatria
Goizeko seietan esnatu da gaur Aiur. Eguraldi ona iragarri dute eta larunbata da. Baldintzarik onenak eman zaizkio azken hilabeteetan hainbestetan desiratu duen ibilaldia egiteko. Bart prest utzi zuen dena: maskara, arropa, motxila, ura eta hamaiketakoa. Dena soinean, autoan sartu eta Pirinioetarako bidea hartu du lagunekin batera.
Ezaguna duten ibilbide bat egitea aukeratu dute, gertu ibiltzeko gomendioa eman dutenez, arduragatik izan da bereziki. “Inguruan, oso urrunera joan gabe, badirelako mendi eta bazter gozagarriak”.
Errepidean auto gutxirekin topo egitea aurreikusita zuten, baina ez da hala gertatu. Nahikotxok hartu dute bide bera. “Badirudi mendian ibiltzearena modan dagoela”, hausnartu dute Larraineko mendatean autotik ateratzen ari zirela.
Sakelako aplikazioan ibilbidea begiratu, GPSa martxan jarri eta berehala hartu dute Orhi mendirako bidea. Atzo mendira igo zen baten baten arrastoa aurkitu dute autoen inguruan. Erabilitako pare bat paper ikusi dituzte iritsi bezain pronto, eta ikusi ez duten besteren bat ere bada atzerago. Ibilbidea hartu eta metro batzuk aurrera egin dituztenean laranja azal batek ziurtatu die bide egokia hartu dutela. Gai organikoa da, bai; baina hiru hilabete emanen ditu bertan fruta horrek mendian desagertu arte. Paperek, ia urtebete.
Aiurrek poltsa bat hartu du hamaiketakorako hondarrak botatzeko. Eraman duen zorroan, gainera, tokirik ez du faltan: motxila erraldoi bat hartu du. “Zeharkaldi baterako adina izanen duzu hor”, erran diote txantxetan. Ez dute halakorik egingo, baina Aiurrek etxeko lanak egin ditu abiatu aurretik.
Bat: Ez bota zaborrik. Bi: Seinaleztatutako bideetatik ez irten. Hiru: Ez bildu landarerik. Lau: Ez molestatu animaliarik. Bost: Ez piztu surik.
Interneten irakurri zuen behin, eta geroztik beti egiten du horrela. Eta beti gogorarazten die lagunei hala egin behar dutela. Gaur ere egin du behor talde bat ikusi dutenean: “Mesedez, saiatu eskandalagarriegiak ez izaten, animaliak asaldatuko dira bestela”. Esperientziarekin egin behar ez diren gehiago gehitu dizkio zerrendari, eta hau da horietako bat. Beti erantzuten diote berdin: “Hori da: ixo! Lagunak ere asaldatuko zaizkizu eta”.
Metro batzuk aurrerago itxitura bat aurkitu dute. Aiur taldearen erdialdean jarri da, gainerakoek nola jokatzen duten ikusteko. Hesia zabaldu du lehenak eta azkenak hasieran zegoen bezala utzi du: itxita. Poztu da Aiur, baina ez du ezer esan.
Baina tamalez ikusten ari zena ezin sinetsita heldu da tontorrera. Orhi mendiko buzoia apurtuta topatu dute. Duela bi urte jarritako metalezko txoria ez da ageri eta eguzki-lorearen hostoak apurtuta daude. Buzoi barruan topatu dituzte hainbat zati. “Ulertezina da. Nor igotzen da eta egiten du halakorik? Zenbat geratzen zaigun ikasteko”. Buzoian idatzita azaltzen den esaera beteko delakoan egin dute autorako bidea atsekabeturik: “Orhiko txoria, Orhira tira”.
Itzuliko da txoria, ea garbi aurkitzen duen dena.
Argazkia: Gorka Lopez.