Edurne Elizondo
Ba al dakizu suhiltzaile bakarra dagoela, une honetan, Altsasuko parkean?”. Galdera hori egin zuen Victor Rubiok sare sozialen bidez, hilaren 21ean. Suhiltzailea da, eta LAB sindikatuko kidea. Rubiok salatutako egoera ez da berria, arazoa aspaldikoa baita: behar direnak baino suhiltzaile gutxiago ditu Nafarroak. Orain arte, aparteko orduak eginez egin diote aurre egoerari, baina langileek behingoz behin betiko konponbidea eskatu dute.
“Nekatuta gaude”. “Egoera larria da, eta ezin izanen diogu luze eutsi”. “Zerbitzua kolokan da”. Horixe erran zuten suhiltzaileek 2016an, eta horixe berretsi dute orain. Duela lau urte, euren protesta karrikara eramatea erabaki zuten; orain, berriz, langile batzordean ordezkaritza duten sindikatuek erran dute aparteko orduak egiteari utziko diotela. Ados dira LAB, ELA, CCOO eta UGT: “Arazoa egiturazkoa da, eta gisa bereko konponbidea behar du; adabaki gehiagorik ez”.
2016an, 340 suhiltzaile ari ziren lanean Nafarroan. Urte horretan, orduko Nafarroako Gobernuko Funtzio Publiko, Barne eta Justizia kontseilari Maria Jose Beaumontek konpromisoa hartu zuen legegintzaldian 388ra ailegatzeko. “Legegintzaldia amaitu baino lehen ere bai, akaso”, erran zuen 2016ko urrian. 2009an adostutako kopurua zen 388, eta oraindik ere ez dute lortu. “Ia 400 suhiltzaile behar dira, eta, orain, 360 ari gara lanean”, azaldu du Pablo Arrastiak, CCOO sindikatuko kideak.
Astelehenean, CCOO, ELA eta UGT sindikatuek prentsa ohar baten bidez ohartarazi zuten egoerak okerrera egin duela azken hilabeteotan, eta, “neurriak hartu ezean”, ohiko bilakatuko dela herrialdeko parkeren bat itxi behar izatea tarteka, suhiltzaile nahikorik ez izateagatik.
LABeko kideak ados daude egoera larria dela, baina positibotzat jo dute Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne Departamentuko arduradunek egindako azken urratsa: Javier Remirez kontseilari eta lehendakariordeak sinatutako agiri bat jaso dute suhiltzaileek. Agiri horretan, legegintzaldian 127 suhiltzaile postu sortzeko asmoa agertu du departamentuak, 2023ra bitarte. “Guk negoziatu nahi dugu, eta uste dugu postu horiek negoziatzeko giltza direla”, erran du Victor Rubiok.
Gainerako sindikatuek ere ontzat jo dute gobernuak mahai gainean jarri duen kopurua; gakoa da, ordea, 127 postu sortzeko asmo hori zenbateraino den konpromiso egingarri bat, haien hitzetan. “Ez dut uste benetako konpromiso bat denik”, erran du Arrastiak. ELAko Jesus Lostao ere ez da fio: “Gobernua aldatzen den aldi oro, gauza bera gertatzen da: diagnostikoa egin, arazoa onartu, baina konponbiderik ez. Arazoa aspaldikoa da, eta neurriak hartzea da behar duguna. Ez dugu konfiantzarik kontseilariak sinatutako agiriarekin”.
Azken urteotako nekeak gora egin du suhiltzaileen artean. Urte luze bat joan da Maria Txibite sozialistaren gobernua osatu zenetik, eta “hasieran bezala” dira herrialdeko suhiltzaile parkeetan. Remirezek sinatutako agiria joan den ostiralean jaso zuten suhiltzaileek, baina aurretik ere asmo bera agertu zuen departamentuak posta elektroniko bidez bidalitako mezu batean.
Posta elektronikoz jasotako mezu hori ezein sindikatuk ez zuen nahikotzat jo. Kontseilariak sinatutako agiriak zer bide eginen duen ere ikusteko dago. Izan ere, Nafarroako Gobernuko Barne zuzendari nagusi Amparo Lopezek berak onartu du 127 postu sortzeko erabakia ez dela bere esku, ezta departamentuaren esku ere. “Hau da guk nahi duguna, baina hori ez du sektoreko mahaiak erabaki behar, baizik eta administrazioko mahai orokorrak”, zehaztu du zuzendari nagusiak. Asmoa da auzia datorren irailean jorratzea.
“Funtsezko zerbitzua”
“Egia da suhiltzaileen zerbitzuak egiturazko gabezia larriak dituela; hori badakigu, eta, hain zuzen horregatik, urtebete daramagu gogor lanean”, nabarmendu du Amparo Lopezek. Argi eta garbi erran du suhiltzaileena “funtsezko” zerbitzu bat dela, eta “lan bikaina” egiten dutela. Aldi berean, baina, zehaztu nahi izan du “aurrekontuen” arabera egin behar dituztela urratsak, eta “legeak onartzen duen” esparruaren barruan, betiere. “Guk 127 postu sortu nahi ditugu, baina azken erabakia ez da gurea”, berretsi du.
Ez hori bakarrik. Koronabirusaren pandemiak eragindako osasun krisian suhiltzaileek izan duten jarrera txalotu du, baina, aldi berean, argi utzi du “eskatzea erraza” dela: “Zailagoa da konpromisoak hartzea eta egunerokoan lan egitea”. Lopezek erantsi du duela hilabete luze eman ziela suhiltzaileei sortu nahi dituzten postuen berri. “Agian mezu bat ez da nahikoa; horregatik bidali dugu kontseilariak sinatutako agiria”, erran du. Eta, berehala, galdera bat jarri nahi izan du erdigunean: “Galdetu al diezu urtean zenbat ordu egiten duten lan? Hori ere jakin behar da”.
Lopezek ez du kopurua zehaztu nahi izan, baina Arrastiak bai: “Inolako arazorik ez dugu; funtzionarioak gara, eta araututa dago zenbat lan ordu egin behar dugun urtean; informazio hori publikoa da”. Zehazki, urtean 1.547 lan ordu egin behar dituzte suhiltzaileek; gauez eta jai egunetan aritzen direnez, kopuruak behera egiten du: 1.417 denera. Bertze datu bat gaineratu nahi izan du suhiltzaileak. “Iaz, adibidez, Nafarroako suhiltzaileok aparteko 30.000 lan ordu egin genituen”.
Lantaldea osatzen duten kideek dauden hutsuneak betetzeko egin behar dituzte aparteko lan ordu horiek. Sindikatuek argi dute, halere, hori ez dela behar duten behin betiko konponbidea. Are gehiago, neurri horrek “prekaritateari eusten” diola salatu dute. “Egoera biziki txarra da; parke batzuetan, gutxienez hiru suhiltzaile behar dira; gutxi da, eta, tarteka, hori ere ez da lortzen. Aparteko orduen bidez, benetakoak ez diren datuak ditugu, gutxieneko kopuruak behar baino anitzez ere jende gutxiagorekin lortzen ditugulako”, salatu du ELAko Jesus Lostaok.
Bat egin du Arrastiak: “Aparteko orduen bidez, miseria banatu bertzerik ez du egin gobernuak. Cordovillan, adibidez, 11 suhiltzailek egon behar dute, gutxienez. Egun batean hamar baginen, eta Nabaskozen, egun berean, hiru izan beharrean bi bertzerik ez baziren, Cordovillako bat bidaltzen zuten”, azaldu du. Erantsi du alarma egoerak iraun bitartean suhiltzaile anitz boluntario gisa aritu zirela lanean, eta gobernuak hori aprobetxatu zuela parkeetan ziren hutsuneak betetzeko. “Hau da, suhiltzaileek euren borondatez egindako lanarekin bete zituzten egiturazko lan orduak”.
Osasun krisiaren ondorioz, okerrera egin du suhiltzaileen zerbitzuaren egoerak; hain zuzen ere, 38 kide gelditu direlako akademian egin beharreko egonaldia hasteko aukerarik gabe. “Prozesua atzeratu da; urtebete beharko dugu, oraindik ere, jada akademian egon behar zuten 38 suhiltzaile horiek lanean hasteko”, erran du Arrastiak.
Lankide berrien sarrera atzeratu da, eta, datozen urteotan, gainera, gora eginen du zerbitzua utziko dutenenen kopuruak, Lostaok erantsi duenez. “Batera sartu ziren adin bereko suhiltzaile anitzek batera hartuko dute erretiroa, eta, ondorioz, okerrera eginen du arazoak. Ezin dugu jarraitu horrelakoak kontuan hartu gabe”.
Lostao duela 30 urte hasi zen lanean, eta 55 baino gehiago dituztenen taldean da. “Suhiltzale guztien %30-40k dituzte 55 urte baino gehiago”. Horrek erran nahi du badutela eskubidea ohiko lana egiteari uzteko. “Denok hori eginen bagenu, txarra den egoera bat are txarrago bilakatuko litzateke. Horregatik jarraitzen dugu ohiko lanak egiten. Kontua da ardura handia dugula gure bizkar, baina ardura hori ez dagokigu guri, baizik eta Nafarroako Gobernuari”, erran du.
Bilera, irailean
Denbora ere kontra du suhiltzaileen zerbitzuak, ia bi urte joaten direlako lan eskaintza publiko bat egiten denetik postuak betetzen dituzten suhiltzaileak lanean hasi arte.
Abuztua ere urratsik egin gabe joanen den beldur da Arrastia; hain zuzen ere, Javier Remirez kontseilariak bidalitako azken agiriaren arabera, irailera arte ez diotelako lanari ekinen. “Irailaren 10ean eginen dugu bilera. Bitartean, zer?”, galdetu du. Irailean, hain zuzen, lantaldeak osatzeko asmoa agertu du Barne zuzendari nagusi Amparo Lopezek, auzia suhiltzaileekin eta “barrutik” jorratzeko. Lostaok hasierako kezkak berretsi ditu: “Jorratu zer? Arazoa agerikoa da; denok dakigu zein den, eta konponbideak behar ditugu, ez azterketa gehiago”.
LABeko Victor Rubiok ere argi du arazoari eusteko garaia dela, eta ontzat eman du gaia Nafarroako Parlamentura iritsi izana. Izan ere, EH Bilduko parlamentari Adolfo Araizek azaldu du koalizioak eskatu duela Javier Remirez kontseilari eta lehendakariordearen agerraldia, suhiltzaileen zerbitzuaren egoerari buruz hitz egin dezan.
Rubiok berretsi du “legegintzaldi osorako negoziazio bat” zabaltzea dela LAB sindikatuaren helburu nagusietako bat. Sindikatuek, oro har, gobernuak behingoz gaiari eustea nahi dute, egiturazko arazoari egiturazko konponbidea emateko; bitartean, egin beharreko urratsak aldez aurretik antolatzeko eta aurreikuspenez jokatu ahal izateko, eta, batez ere, kalitatezko zerbitzu bat eman ahal izateko. Orain gertatzen ari da gutxienez hiru suhiltzaile behar dituen parkean bakarra egotea. Errealitate hori da langileek atzean utzi nahi dutena. Behar diren suhiltzaileak nahi dituzte herrialdeko parkeetan.
Goiko argazkia: Iñigo Uriz / Foku