Lur Albizu Etxetxipia
Kontua da ez dugula etorriko zaiguna ezagutzen. Edo ezagutzen dugula, baina ez nahikoa. Eta helduleku bila ibiliko garela aste eta hilabete hauetan. Helduleku bila pasatzen dugulako bizitza: nondik jo esanen digutenen bila. Nora joan, nola hartu hau, nola izan harremanak, nola jokatu arduraz.
Kontua da eskolak irekita daudela dagoeneko; haurrez (eta bizitzaz) beteko direla heldu diren egunetan, eta kezka handia sortzen digula horrek. Sortzen digutela terrazek, tabernek, gure arteko elkarguneek. Baina kontua da fabrikak duela hilabeteak daudela irekita, balkoietako poliziak zirenak lezio asko ematen ari direla duela denbora batetik hona. Falta izan zaiguna, falta izan zaizkigunak, beharbada, hilabete hauetan, lan ikuskaritzak izan dira.
Kontua da ardura. Kontua da bizitzen jarraitzea, baina normaltasuna hilgarria denean ere, nola bueltatu nahi izan horretara? Akaso, askok ez dutelako beste irtenbiderik: helduleku gutxi, eskas, urri horiek normaltasun zahar horretan topatzen zituztelako eta topatzen dituztelako gaur ere.
Zerbait ikasi badugu (agian), hori izanen da: hobe bereizten jakin izan dugula zer zen behar-beharrezkoa eta zer ez zen apaindura besterik. Agian, ilargira begiratzen jakin izan dugu; ilargia ikusten, finean, hatzaren gainetik.
Akaso, pentsatu beharko genuke, zifren gainetik, zelako herria nahi dugun orain, zer-nolako herria nahi dugun eraiki etorkizunerako. Baina gaur. Biharkoa pixka bat gehiago ahaztu, eta gaurkoan pentsatu eta eragin, hain zuzen.
Pentsatu beharko genuke zein hezkuntza eredu nahi dugun, eta zeri erreparatuko dion: edukiei, curriculum karratuei edo pertsonak hezteari, harremanei, bestelako baloreei. Pentsatu beharko genuke pertsona helduak ez direla zaharretxeetan bizitzeko bakarrik dauden pertsonak; eta haiek ere harremanak, heldulekuak eta zaintza behar dituztela.
Pentsatu beharko genuke bizitza sostengatzen duen zaintza hori guztia nork egiten duen, zein baldintzatan eta zeren menpe. Eta zer eraiki nahi dugun: zerbitzu publikoen gizartea edo familiaren (eta gizonen) menpeko bizitzak. Pentsatu beharko genuke zergatik diren prekarioenak hilabete luzez bizitza salbatu (bai, salbatu) diguten langile horiek guztiak.
Pentsatu beharko genuke euskara ez dela apaingarri bat: bizi nahi dugula eta horretarako ahalegin kolektibo handia beharko dugula, ez indibiduala. Pentsatu beharko genuke publikotasunak zein eragin duen gure bizitzan, eta zein eragin izatea nahi dugun, bizitza bizigarriagoak eraiki nahi baditugu, behintzat. Pentsatu beharko genuke zer den Nafarroan garraio publikoa; nola dauden saretuta gure herriak, eta zergatik ez genuen gaineko pisuko bizilaguna ezagutzen martxoa heldu zen arte.
Pentsatu beharko genuke zer denbora eskaintzen diogun honi guztiari, eta zertan nahi ditugun jarri indarrak. Zer den bizitza, eta zer nahi dugun bizitzak sostengatzeko. Guztion ardura da. Hori da kontua.