Lohizune Amatria
Aitortuko dizuet. Duela bost urte esan zigutenean ez nuen sinetsi: “Donostiako Zinemaldian aurkeztuko dugu”. “Baina zer diote? Zinemaldian? Erotuta al daude?”. Mikel Zabalzaren auziaren inguruko dokumentala egiteko idea familiari proposatu zigutenean baieztatu zuten; eta, noski, sendiarentzat gauza pentsaezina zen hori. Ez dut uste orduan inork imajinatuko zuenik osabaren historia pantaila handian idatzirik, duela 35 urte egunkarietako albiste solte eta euskal herritarren bizipen izan zirenak bildurik. Nik ez behintzat.
Eta azken emaitza zein izanen zen zalantza horrekin, hasi ziren lanean. “Kaixo, Lohizune! Gogoratuko duzunez, zurekin eta zure amarekin pare bat kontu grabatu behar ditugu. Zer moduz datorkizue urriaren 28an?”. Hasi ginen lanean, eta aurreikusi gabe ezagutzen ez nituenak ezagutzen hasi nintzen: amak inoiz kontatu ez zizkidanak eta nik inoiz galdetu ez nituenak. Osabaren heriotzaren urteurrena gerturatzen den bakoitzean etxean nabaria da hutsunea. Mina. Eta, horregatik, agian, inoiz ez gara gaiaz asko hitz egitekoak izan. Honek, baina, zeharo aldatu du egoera: azken bost urte hauetan sufrimenduaren inguruan hitz egiten ikasi dugu, kalean, kamera aurrean, baita etxean ere. Eta oraindik ere ari gara horretan.
Gogorra da hurbilekoak sufritzen ikustea, gogorra ere egin zutenaren testigantza zuzena entzutea. Bide honetan izan nuen Ion Arretxe ezagutzeko plazera. 1985. urteko azaroaren 26an atxilotu zuten Arretxe ere. Atxilotu eta torturatu. “Nik ez nuen Mikel Zabalza ezagutu, baina Mikel Zabalza ezagutzen dut. Badakit bizitzea maite zuela”, esan zuen duela bost urte. “Ez nuen Mikel Zabalza ezagutu, baina beti gogoratuko dut Mikel Zabalza, eta maite dut”. Guk ere beti gogoratuko zaitugu, Ion; eskerrik asko hitz egitera ausartzeagatik.
Haren hitzak parafraseatuz, nik ez nuen nire osaba ezagutu, baina ezagutzen dut; eta hori herriak egin duen memoria ariketa kolektiboari esker gertatu da. Nik ez nuen auziak gure herrian sortu zuen samina ezagutu, baina ezagutzen dut. Sentitu dut. 35 urte igaro dira, eta erakunde arrotzen dokumentuetan idatzita dagoena gezurra izaten jarraitzen duen arren, egia ez da ahaztua izan.
Horren erakusle izanen da asteartean Donostiako Principe aretoko pantaila handian ikusiko dena. Bai, azkenean, Zinemaldian izanen da osabaren historia. Bost urte luze izan dira, gorabeheratsuak. Bidean itxaropena eta indarra galdu dugu une zenbaitetan; baina beti izan da baten bat erortzen ari zen horri eskua luzatzeko. Horregatik eskerrak eman nahi dizkiet Non dago Mikel? filma posible egin duten guztiei: egileei lehenik, baina baita ere diru bilketan parte hartu zuten guztiei, bileraz bilera ibilitakoei, dokumentalerako txartelak edota kamisetak saldu zituztenei, erosi zituztenei, haien doinu, hitz eta artea oparitu digutenei…
Isiltasun eta gezurrei memoriarekin erantzun diegu, elkarrekin. Memoria zer den galdetu zidaten behin; niretzat nire osaba da; eta Mikel herriak egiten du orain. Jarrai dezagun horretan.