Maialen Belarra
2010ean sortu zen Sustrai Erakuntza fundazioa, Nafarroan zeuden eta aurreikusten ziren proiektu erraldoiei aurka egiteko. Tokian tokiko plataformei laguntza teknikoa eta juridikoa ematen diete, eta baita beharrezko informazioa ere. Obra horiek “uste baino larriagoak” direla baieztatu du Martin Zelaia fundazioko lehendakariak (Altsasu, 1969).
Egun, zein proiektu daude martxan?
Asko dira, eta era askotakoak. Abiadura handiko trenak, esaterako, Nafarroako zati handi bat hartzen du, baina txiki ugari daude. Hiru aipatuko nituzke bereziki: Aldazko eta Urdazubiko marmol harrobiak, eta Zangoza aldeko potasa meategia.
Borroka luzeak izaten dira.
Hori da zailena. Erraza da herri guztia puzten denean proiektuaren aurka egitea, baina, beroaldia pasatzean, norbaitek jarraitu behar du presioa egiten. Talde iraunkorrak behar dira.
Zer aholku emango zenieke inguruko bizilagunei?
Lehenik eta behin, beren artean antolatu behar dute, eta inguruko udalekin hitz egin, ikusteko zer harreman mota izan dezaketen. Modu berean, tokiko administrazioari informazioa eskatu behar diote. Orduan hasi behar da kexak eta helegiteak jartzen. Gure laguntza izango dute une oro.
Obra berriak lanpostu berriak dakartza.
Hor dago koska. Gu orain sindikatuekin biltzen ari gara. Ezin ditugu lanpostu horiek besterik gabe onartu. Enpresa horien jardunak sekulako eragina dauka ingurumenean, baina baita gizartearen antolakuntzan ere. Ikusi behar dugu ea nola birplantea dezakegun lanaren afera hori. Ezin dugu gure etorkizuna eraiki proiektu erraldoietan oinarrituta.
Alternatibak bilatu behar dira?
Halaxe da, baina ingurumenean talkarik eragin gabe. Ezin dugu kolokan jarri etorkizunean erabil dezakegun zerbait. Agian ez dugu begien aurrean duguna behar bezala ikusten. Orain, industriaren garaia da, baina nork ziurtatzen digu ez dugula nekazaritzara itzuli behar? Hori gertatuz gero, jada ez zaigu lurrik geratuko. Orain, duguna zaindu behar dugu. Baina zaila da hori guztia kudeatzea.
Ingurumenetik harago, nola eragin diezaieke gizakiei?
Obraren arabera. Pitzadurak sor daitezke etxeko paretetan, zuzenean osasunean eragin diezaguke, bizilagunen arteko eztabaidak sor daitezke… Klima aldaketaren kontuarekin ere lotura zuzena dauka. Geroz eta harrobi gehiago izan, orduan eta lehengai gutxiago izango ditugu. Beraz, energia gehiago beharko dugu horiek ateratzeko, eta horrek klima aldaketan eragingo du.
Batzuetan, juridikoki denetarik egin arren, ez da obra geldiaraztea lortzen. Zer egin daiteke?
Antolatzen jarraitu behar da, kalean zarata egiten, eta proiektua gertutik jarraitzen. Neketsua izan daiteke, baina hori da modu bakarra irregulartasunik ote dagoen jakiteko. Orduan, beste salaketa bat jarri behar da.
Aroztegiarekin aurrera jarraitzea erabaki du Nafarroako Gobernuak, adibidez.
Baztango jendeak konfiantza eman dio aldaketaren gobernuari, baina, orain, Geroa Baik iruzurra egin die. Era berean, aurka daudenak mantsoegi ari dira lanean. Horregatik, gobernuko alderdi guztiei presioa egiten segitu behar dugu. Hori bai, horrela jarraitzen badute, epaitegietara eramango dugu salaketa. Espero dut puntu horretara iritsi beharrik ez izatea.