Edurne Elizondo
Biktimen ondoan izan da Fernando Rey (Iruñea, 1961), Foro Sozialak Nafarroako Parlamentuan egindako saioan. Aurreko egunetan eta asteetan ere mintzatu izan da haiekin, eta entzun ditu haien esperientziak: ETAk hildako Manuel Zamarreñoren alaba Naiara Zamarreñorenak, Guardia Zibilak hildako Josu Zabalaren iloba Belen Zabalarenak, ETAk hildako Juan Mari Jauregiren alaba Maria Jauregirenak eta estatu terrorismoak hildako Iñaki Etxaberen alaba Olatz Etxaberenak. Saioak utzitako “aje emozionalak jota” mintzatu da Foro Sozialaren barruan dagoen Baketik elkarteko kide Fernando Rey; “zubi lana egin nahi duen herritar bat” da.
Bigarrenez egin duzue indarkeriaren biktimen arteko solasaldia Nafarroako Parlamentuan. Zer moduz joan da?
Pozik atera nintzen. Egia da halako aje emozional bat utzi didala saioak, biktimen esperientziak ezagutu eta entzun eta gero. Pena da halako saioak jende gutxirengana ailegatzen direla, baina, aldi berean, parlamentuaren egoitzan eginda, oihartzun sozial handiagoa dute gero hedabideetan.
Inportantea da halakoak parlamentuan egitea?
Bai, badauka garrantzia. Bilatzen da erakunde publikoek behar bezalako garrantzia ematea memoriaren auziari. Pozik gara, iaz egindako saioan baino talde gehiago izan direlako aurten. Iazkoan, PSN eta UPN gelditu ziren kanpoan.
Oraingoan, PSN egon da.
Pozgarria da. Saioa bukatu zenean, PSNko Inma Juriorekin mintzatu nintzen, eta galdetu nion ea entzun ote zuen zerbait arrarorik. Ezetz erantzun zidan, oso ongi joan zela. Esan nion mezua beti izan dela bera, baina aurrekoan ez zuten entzun nahi izan.
Zer diote biktimek?
Batetik, besteari entzun eta bestearen larruan jarri beharraz aritu dira. Bestetik, memoria inklusiboaren garrantzia nabarmendu dute. Inportantea da ETAren biktimak aintzat hartzea eta dituzten eskubide guztiak bermatzea, baina estatuaren terrorismoak edo polizia taldeek eragin dituzten biktimak bazter utzi gabe.
Biktimen arteko aitortza?
Hori oso inportantea da. Bakoitzak gatazkaren bere kontakizuna izanen du, baina, gatazka hori edonola aztertuta ere, edonola deskribatuta ere, egon gaitezen ados, behintzat, bi gauzatan: biktima guztiek dituzte eskubideak, eta biktima guztiak hartu behar dira aintzat. Giza eskubideak edozein proiekturen gainetik daude. Ez zegoen eskubiderik eta ez dago justifikaziorik ETAk egin zituen izugarrikeriak egiteko, eta ez dago eskubiderik inor torturatzeko eta estatuak inor hiltzeko.
Paco Etxeberria auzi medikuak erran izan du ETAren biktimek erakundeen aitortza jaso dutela, baina ez, ordea, herritar askorena; estatuaren indarkeriaren biktimen kasuan, kontrakoa gertatzen dela, herritarren babesa bai, baina erakundeen aitortza ez dutela jaso. Bat zatoz?
Bai. Parlamentuko saioan ere horixe esan dute batzuek, erakundeen aitortzarik ez, baina herriaren parte handi baten babesa sentitu dutela. Egin dira urrats batzuk: Eusko Jaurlaritzak aitortza egin dio Iñaki Etxaberen familiari. Pausoak eman dira, nahiz eta oraindik biktima guztiek ez duten aitortza hori jaso. Beste aldean, berriz, ETAren biktimek izan dute erakundeen aitortza, baina ez dute herritarren parte handi baten babesik izan.
Biktima guztiak ez dira prest parlamentuan egindakoaren gisako saio batean parte hartzeko. Hori baliatzen dute batzuek?
Parlamentuan argi eskatu dute biktimek: “Mesedez, ez manipulatu”. Biktimek dolu prozesu bat pasatu behar dute; sentitzen duten amorrua gainditzeko prozesua luzea da, eta traba handia da prozesu horretan batzuek manipulatu nahi izatea. Bada jendea biktimen eskubide guztiak aldarrikatu, eta gai dena aurrerapausoak emateko, eta besteen sufrimenduari ere begiratzeko.
Sumatzen duzu aldaketarik?
Prozesu guztietan argi-ilunak daude. Alderdien artean izan dira aurrerapausoak: PSN parlamentuan egon izana, adibidez, inportantea da. Martin Zabalza Bake eta Bizikidetzarako zuzendaria PSNkoa da, eta elkarrizketa multilateralak bultzatzen ari da. Hori da prozesuak duen argi bat.
Eta ilunak?
Lasaitu da pixka bat giroa; arazo gutxiago dago onartzeko indarkeria adierazgarri guztiak direla baztertzekoak, baina, aldi berean, jendea urrundu egin da arazotik. Eta ez litzateke ona izanen hau ahaztea, zauriak ongi sendatu gabe. Oraindik badira arazoak. Ona da parte guztiek onartzea indarkeria erabiltzea ez zela bidezkoa izan, eta egindako mina aitortzea, baina estatuak oraindik ez du egin.
Noizbait eginen du?
Segur aski, ez du inoiz eginen. Estatuak esanen du noizbait tortura erabili duela? Gauza jakina da estatu guztiek erabili dutela. Halere, onartuko du hori Espainiak? Bere egiturak erabili dituela talde terroristak antolatzeko? Zaila ikusten dut. Eta badira bestelako arazoak ere.
Zer-nolako arazoak?
Naiara Zamarreñok aipatu ditu, adibidez, presoei egindako ongietorriak. Esan du min handia egiten diotela; ongi iruditzen zaiola egitea; normaltzat jo du maite duzun hori kartzelatik atera delako poztea eta ongietorria egitea, baina ez heroitzat hartuz. Hor bada beste problematika bat. Presoen egoera beste bat da; zergatik ez diren etxetik hurbil. Arazo horiei heldu behar zaie.
Ez enkistatzeko?
1936ko gerrarekin gertatu da bilobek egin behar izan dutela memoria jorratzeko lana. Eskuinak esan du kontu zaharrak direla, eta aurrera begiratu behar dela. Ez dugu iraganean iltzatuta gelditu behar, baina justizia egin behar da, eta izugarrikerien irakurketa kritikoa egin behar da; hurbilagokoa dugun indarkeriarekin ere bai. Aurrera egin behar dugu, bai, baina irakurketa kritiko hori eginez. Zauriak ongi itxi behar dira, eta irakurketa kritiko eta multilaterala egin.
Baketik elkartean ari zara orain; Nafarroako Gobernuan ere aritu zinen aurreko legealdian.
Hutsetik hasi behar izan genuen gobernuan. Lan ona egin zen, baina motz gelditu zen arlo askotan. Halere, nik orduan ikasi nuen administrazioa astuna dela; presio politikoak badirela, eta ausardia falta izan dela. Zuhurtziaz jokatu behar da, bai, baina uste dut gutxieneko oinarri etikoak ezartzen badira ez diegula uko egin behar. Giza eskubideak denonak badira, denonak dira; berdin du biktima hori biktimario ere izan bada. Nik beti izan dut amets herri honen bakea, justizia eta askatasuna. Saiatu naiz inplikatzen; zubi lana egin nahi duen herritar bat naiz.
Argazkia: Iñigo Uriz / Foku