Amets Aranguren Arrieta
Eskuak burura eraman ditu(gu) askok eta askok duela aste pare bat-edo CUPeko diputatu izandako Quim Arrufaten inguruko berriarekin. Tipoak alderdia utzi behar izan du egotzi zaizkion jarrera eta eraso matxistak direla eta.
Amorrua, inpotentzia, tristura, dezepzioa senti daitezke, baina sorpresa? Egia esan, eta ongi pentsatuta, sorpresarik ez, eta hori bai dela tristea —nahiz eta dena frogatu gabe dagoen oraindik—. Alderdi, mugimendu, antolakunde, talde… ezkertiar eta aurrerakoietako kideek ez dute horrelakorik egiten, feminismoa dute haien borrokaren ardatzetako bat. Ja. Oso urrutira joan gabe, inguruan gertaturiko pare bat kontatuko dizkizuet, ideia egin dezazuen. Ez dut izen errealik erabiliko.
Mirenekin izan nintzen duela urte batzuk Leitzako festetan. Katalunia aldean ezaguna egin den talde batek zuen gau hartan kontzertua. Kontzertuaren ondotik haiekin pare bat trago hartu eta Mirenek taldeko tipo batekin alde egin zuen txosnagunetik. Geroago deituko zigun. Deia jaso eta Mirenek, negarrez, zegoen lekura hurbiltzeko eskatu zigun mesedez. Txortan ari zirela, tipoak kondoia kendu zuen. Bukatzean ohartu zen Miren horretaz. Tipoak barkamena eskatu eta drogatua zegoela erabili zuen aitzakia gisa. Taldeak kantu bati esker lortu du ospea: emakumearen askatasuna aldarrikatzen duen kantu bati esker. Pentsa. Kantu hori entzuten dudan bakoitzean…
Martxoaren 8ko manifestazioan Gora borroka feminista! oihuak bota eta Me tacho de macho kamiseta daraman horrek ere suntsitu zuen psikologikoki Maddalen. Hark ez zuen Maddalenekin harremanik nahi, momentu horretan ez baitzuen harremanik izan nahi inorekin. Ados. Baina, aldi berean, exijitu egiten zizkion berak ematen ez zituen zaintzak eta gaizki sentiarazten zuen neska zaintza horiek ez bermatzeagatik. Era berean, zaintza edo hurbiltasun keinu minimo bat ikusi eta halakoak botatzen zizkion: “Nik zurekin ez dut deus, ez dizut ezer zor”. Sekretuki elkartu behar izaten zuten, ez zezaten tipoa Maddalenekin ikusi, zer pentsatu behar zuten berataz bestela… Koldarkeriak eta umekeriak eraman zuten tipoa beste neska batekin hastean Maddaleni “esango dizudana ez zaizu gustatuko, baina zuk behartu nauzu (…)” edo “jo paretan, eman buruarekin kolpeak edo ez dakit (…)” bezalakoak botatzera. Pantailaz bestalde, noski. Baina bera ez da matxista, e, ez du inoiz emakumezko bat jo. Hau ere ikusiko duzue denetarik aldarrikatzen.
Alardean emakumezkoen presentzia onartzetik harago doa hau dena, ez dakit batzuk jabetzen diren. Maialen Lujanbiok duela hiru urte transexualitatearen inguruan bota zituen bertso famatu horiek txalotu zituztenen artean, zenbatek txalotzen dute hori bera bertso saiotik kanpo? Uste dugunek baino gutxiagok. Bada, horrekin bezala, beste gauza askorekin. Ez, ez gara hain aurrerakoiak.
Eta bai, holako jendearen izenak ere badira zerrenda honetan. Baita espero ez ditugunak ere: Quim Arrufat, Adibidez.
Argazkia: Kataluniako Parlamentua.