Atxukarro Estombak historiako emakumeak izan ditu mintzagai Euskalerria Irratian eginiko kolaborazioetan, 2018tik. Berriki, liburu bat argitaratu du horiek guztiak jasotzeko: ‘Gizalabak’.
Uxue Rey Gorraiz
Astronautak, kirolariak, idazleak… Askotarikoak dira Bakarne Atxukarro Estomba kazetariak (Irun, 1974) Gizalabak liburuan bildu dituen emakumeak. Irratian kontatutakoak ditu oinarri haren lanak, eta multimedia da: podcastak ere aditu daitezke.
Nola erabaki zenuen proiektu honetan murgiltzea?
2017an, Sarerik gabe izeneko liburua kaleratu genuen Izaskun Zubialdek eta biok. Gazteei zuzendutako nobela bat zen hura, baina bi protagonisten istorioaren bidez historiako zenbait emakumeren bizitzak atera genituen itzalpetik argitara. Euskalerria Irratira gonbidatu ninduten liburuaz hitz egiteko, eta, handik hilabete batzuetara, proposatu zidaten asteroko kolaborazioak egiten hasteko: asteartero emakume bati buruz hitz egitea zen helburua, eta halaxe egin nuen, konfinamenduak gure mundua hankaz gora jarri zuen arte. Orduan, ohartu nintzen zerbait egin behar nuela historia horiekin, eta liburua sortzeari ekin nion.
Hitzak paperera eramateak laguntzen du historiak betikotzen?
Nire ustez, bai; hori nuen helburu. Azken finean, batzuetan, irratian esaten dena uhinetan gelditzen da, eta kito. Edo, bestela, sare sozialetan. Baina, noiz arte? Liburu batean jasotzeak laguntzen du hitz horiek guztiak biltzen, haizeak eraman ez ditzan. Ez nuen nahi irratian mintzagai izan ditugun emakume horien guztien historiak ahaztea. Ezin ditugu galtzen utzi.
Zer irizpide erabili duzu erabakitzeko zer emakumeri buruz hitz egin?
Hasieran, Sarerik gabe liburuan aipatutakoak hasi nintzen azaltzen. Ordea, berehala ikusi nuen aise aurkitu nitzakeela emakume apartak urtean gertatzen ziren gauza mordoarekin lotuta, edo, bestela, efemerideetatik tiraka. Halere, beste batzuetan, nik nahi izan dudalako atera ditut argitara; besterik gabe, merezi zutelako beren tartea.
Emakume izateaz gain, jaso dituzun historia horiek ba al dute ezaugarri komunik?
Oztopoak. Kasu askotan, oso argi ikusten da emakume izateagatik bide latzagoa egin behar izan dutela, gizonek izango ez lituzketen arazoak jasan behar izan dituztela. Hori nabarmenagoa da antzinako emakumeen bizitzetan, baina, ez pentsa, gaur egungo historietan ere antzeman daitezke. Gauza izugarriak deskubritu ditut emakume askoren bizitzetan, eta, horrelakoetan, galdera bat datorkit burura: nola da posible oraindik ere horrelakoak gertatzea?
Aurretik ezagutzen zenituen emakume gehienak, ala prozesuan izan duzu haien berri?
Gehienak ez nituen lehendik ezagutzen. Asko ikasi dut bidean. Ez da harritzekoa; izan ere, hainbeste dugu ikasteko… Gutxiegi dakigu.
Iraganekoak ez ezik, gaur egungo emakumeak ere jaso dituzu liburuan.
Bai. Inportantea iruditu zitzaidan horrela egitea. Izan ere, nik uste dut jadanik denek dakigula historia gizonek idatzi dutela eta horrek nabarmen baldintzatu duela zer kontatu diguten. Istorio asko daude kontatzeke. Batzuetan pentsatzen dugu hutsetik hasi behar dugula etorkizuna eraikitzen. Oker gaude. Inportantea da jakitea zer-nolako bidea dagoen egina eta nork egin duen, erreferenteak ez galtzeko. Premiazkoa da atzera begiratzea eta ikustea emakume aparta asko izan direla gure aurretik. Horrez gainera, gu geu ere ari gara historia egiten, eta gero etorriko direnek gu hartuko gaituzte eredu gisan. Horregatik guztiagatik, argi eta garbi izan behar dugu bidea pixkanaka egiten dela, baina ez garela hutsetik hasten, bidearen zatitxo batzuk beste emakume batzuek egin zituztela, gure mesedetan.
Zer ondorio atera duzu?
Liburuan jaso ditudan historiek balio dute ikusteko emakume horiek guztiek zer ahalmen izan duten aurrera egiteko. Sekulako trabak izan dituzte, eta, hala eta guztiz ere, jakin dute oztopoak gainditzen eta aurrera egiten. Niretzat hori da inportanteena.
Euskalerria Irratiari emanen dizkiozu liburuaren irabazi ekonomikoak. Zergatik?
Hala erabaki nuen, hasieratik. Oso garrantzitsua iruditzen zait egiten ari direna. Iruñean ez da erraza den-dena euskaraz egitea, eta oztopoak asko dira. Nirea ez da izango sekulako ekarpena, baina haientzat izatea nahi dut.
Oraingoz, Amazonen eskura daiteke liburua. Zergatik han?
Hainbat aukera aztertu nituen, eta ikusi nuen bide hori zela errentagarriena irratiak ahalik eta diru gehien hartu ahal izateko harentzat. Horrela, liburua erosteko ordaintzen denaren herena zuzen-zuzenean bideratuko da irratira. Beste erremediorik ez nuelako egin dut horrela, edo, behintzat, beste bide hoberik aurkitu ez dudalako.
Zergatik erabaki duzu testu idatzia eta audioak konbinatzea?
Irratian kontatutakoa da produktuaren oinarria, eta, beraz, iruditu zitzaidan hori baliatu beharra nuela. QRak sortu ditut, jendeak audio horietara sarbide zuzena izateko eta kontakizunak aditu ahal izateko. Jendeak ohean, edo edonon, goxo-goxo izaten ahalko du emakume horien berri. Bestalde, nik uste dut testuak idatzita edukitzea lagungarria dela xehetasunak hobeki jasotzeko. Halaber, iruditzen zait euskara ikasten ari direnentzat ere oso tresna interesgarria izan daitekeela.