Lohizune Amatria
June Fernandez kazetariak Uxue Alberdi idazleari Pikaran egindako elkarrizketa irakurri, eta gehien gehienok jo dugu ondoren Argia aldizkarira. Zein izanen ote da Aritz Galarragak egin zion elkarrizketa “matxista”? Sálvame pixka baten bila hasieran, baina kazetari gisa kezkaz ondoren, jo dut elkarrizketa irakurtzera. Nolako galderak egin ote zizkion?
2014an Hasier Etxeberriak Sautrela-n Danele Sarriugarte idazleari esandakoa etorri zait gogora. Erraiak nobelan haren sexualitateaz ari zela iradoki zion kazetariak idazleari, lana autofikzioa ote zen galdetuta. Deseroso sentitu zen Sarriugarte, eta horren inguruko adierazpenik eginen ez zuela esan zion: “Bakoitzak gero bere barruan pentsa dezake nahi duena”. Autofikziotik asko duela pentsatu, eta esan egin zuen Etxeberriak.
Kazetaritzak objektiboa izan beharko lukeela irakatsi ziguten; baina aspaldi ikasi genuen hori erdiestea ezinezkoa dela, eta gure testuinguru soziala, politikoa eta ideologikoa izanen direla beti gure hitzen artean. Gizarte patriarkal batean bizi garen honetan, noski, sexu-genero sistemak eragindako desberdintasuna izan da gure galderekin marraztu duguna. Pentsatu nahi dut, hala ere, orain ez ditugula berdin irakurriko duela bederatzi edota sei urteko horiek. Zerbaitek krak eginen digula barrenean, eta deseroso sentituko garela. Baina zein ikuspegirekin ari gara euskaraz egindako kazetaritzatik egun errealitatea interpretatzen?
Gai garrantzitsuei buruz hitz egiteko zenbat emakume izan ohi dira tertulietan? Zenbat etxekoagoak diren gaiei buruz aritzen direnak? Barne antolakuntzan ere nolakoa da banaketa?
Euskal Herriko gaurkotasunaren inguruko analisia egiteko kolaborazio proposamen bat jaso nuen duela ez asko euskarazko hedabide baten eskutik. Kostatu zitzaidan erabaki bat hartzea. Gaiak behar bezala lantzeko eta analisiari merezi duen tartea eskaintzeko denborarik ez nuela esan nien. Eta egia da, baina erabaki horren atzean iruzurtiaren sindromea ote dagoen pentsatzen nabil geroztik.
Lorea Agirre kazetari eta antropologoak aipatu bezala, “hitzaren monopolioa eta hegemonia nork duen genero sistemaren araberakoa da”. Eta gure kasuan, gainera, hitza euskarazkoa da eta mendebaldetik egiten dugu; beraz, non kokatzen du gure kazetaritza hizkuntzaren gatazkak? Non etnia-arrazarenak?
Mari Luz Esteban antropologoak dio euskal gizartean “bi norabideko kolonialitatea” atzeman daitekeela. Bat edo beste elikatzen al dugu gure jardunarekin? Euskaraz egindako kazetaritzan nola uztartzen ditugu gizarte bereizkeriak sortzen dituzten faktore guztiak? Egiten al dugu egun euskaraz kazetaritza dekolonial intersekzionala?
Kontrako eztarritik saiakera idatzi zuenean, Uxue Alberdik bazekien bertsolaritzaren munduan hainbati ez zitzaiela gustatuko idatzitakoa, deserosoa eginen zitzaiela. “Oso interesgarria… baina non uzten du horrek bertsolaritza?”, esan izan diote. Gaia kazetaritzara ekarrita, gai izanen al gara idealizazioarekin hausten?