Sindikatuak karrikara atera ditu langileak. Iruñean egin dute greba eguneko ekitaldi nagusia, prekaritatea salatu eta duintasuna eskatzeko.
Edurne Elizondo
“Zaintza sistema publiko, unibertsal, duin eta doako bat” aldarrikatu du ELA sindikatuak, asteon, Hego Euskal Herrian deitutako grebaren bidez. Nafarroan, hiriburuan egin zuten astearteko protesta eguneko ekitaldi nagusia. Nafarroako Parlamentutik eta Nafarroako Gizarte Eskubideen Departamentuaren egoitzatik zutabe bana abiatu ziren, eta Foruen plazan egin zuten bat, eguerdian. ELAko Nafarroako koordinatzaile Imanol Pascualek, ELAko Gizalan-Zerbitzu Publikoetako arduradun Sonia Ontoriak, eta Iruñeko Erruki Etxeko ELAko ordezkari Susana Laiak hartu zuten hitza.
Menpekotasunen bat dutenak egoitzetan eta haien etxeetan artatzen dituzten langileek osatzen dute zaintzaren sektorea. Lantoki horietan elkarretaratzeak eginez hasi zuten astearteko greba eguna, protestarekin bat egin zuten herritarrek “elkartasuna” agertu nahi izan zietelako “greba eskubiderik gabe” gelditu ziren langileei. ELA sindikatuko arduradunek salatu zuten Nafarroako Gobernuak “neurriz gaineko” gutxieneko zerbitzuak ezarri zituela. Hala ere, “ehunka langile eta herritar atera dira kalera”, erantsi zuten.
Eredu aldaketa
“Zaintzaren sektoreak duen arazoa ez du pandemiak eragin; arazoa zaintza sektorearen eredua da”, erran zuen Imanol Pascualek, Foruen plazako ekitaldian. Gaur egungo sistemak “negozioari” mesede egiten diola salatu zuen, eta “pertsona erdigunean” jarri behar dela exijitu. Pascualek Nafarroako Gobernuak eskuartean dituen aurrekontu orokorrei kritika egin zien, haren arabera ez dutelako erakusten zaintza “lehentasun bat” denik herrialdeko agintarientzat.
Gizalaneko arduradun Sonia Ontoriak, berriz, zalantzan jarri zuen egungo zaintza eredua gai denik beharra dutenak artatzeko: “Sistema egina dago enpresak aberasteko, pertsonen bizitzaren eta langileen bizkar. Herritarrek 5.000 euro ordaintzen dute zerbitzua jasotzeko; langileek, berriz, 1.000ko soldata dute”.
Argazkia: Iñigo Uriz / Foku