‘Chicas prepago’ film laburra prestatzen ari da Isabel Saez zinemagilea, prostituzioan ari diren emakumeei hitza emateko; Astelehen Lilak-en eskutik aurkeztu du lana.
Edurne Elizondo
Prostituta, sexu langile, puta. Astelehen Lilak talde feministak antolatutako Internet bidezko mahai inguruan, hitz horiek guztiak erabili dituzte parte hartzaileek. Isabel Saez zinemagilea prestatzen ari den Chicas prepago film laburra aurkezteko egin dute solasaldia. Tere Saez antolatzailearekin eta Isabel Saez egilearekin batera, Maria Jose Barrerak hartu du hitza; Sevillako (Espainia) Prostituten Kolektiboko sortzaileetako bat da.
Prostituzioa “ertz anitz” dituen auzi bat da. “Talde gisa, ez dugu gure jarrera zehaztu; ez dugu erregularizazioaren edo abolizioaren alde egin, baina garbi dugu feminismoa emakume guztientzat dela; emakume guztientzako bilgune izan behar duela, eta emakume guztien eskubideak defendatu behar dituela”, azaldu du Astelehen Lilak-eko kide Tere Saezek. Antzeko mezu baten alde egin du Isabel Saez zinemagileak ere: “Ez dut argi nire burua non kokatuko nukeen, baina, zalantzarik gabe, nire eginbeharra da emakumeoi hitza ematea, eta errateko dutenaren bozgorailu izatea”. Prostituzioan ari diren emakumeei buruz ari da, haien berri emateko prestatzen ari baita bere azken lana. Edizioa amaitzen ari da. Filmarekin batera, Silvia Aierra egiten ari den argazki liburua kaleratuko dute.
Errealitatea agerian
Saez duela hiruzpalau urte hasi zen Chicas prepago lanak jaso dituen elkarrizketak egiten. Madrilen, argazkilaritza erotikoaren esparrua jorratzen hasi zen, ikuspuntu feminista batetik. “Batez ere, prostituzioan ari ziren emakumeek deitzen zidaten; argazki saioetan, euren esperientzien berri kontatu zidaten, eta ohartu nintzen jasotzen ari nintzen solasaldi horien bozgorailu izan behar nuela”.
Madrilen ez ezik, Iruñean ere egin ditu elkarrizketak Saezek. “Erakutsi nahi nuen sexu lanaren inguruan Madrilen entzundako istorioak Iruñearen gisako hiri batean ere gertatzen direla. Errealitate hori azaleratu nahi izan dut”.
Asmo hori ontzat jo du Maria Jose Barrerak. Eta ontzat jo du, batez ere, Tere Saezen lanak “subjektu politiko” gisa hartu izana prostitutak. Saezek nabarmendu du sexu lanaz hitz egitea dela “arrazakeriaz, migrazioaz, klase gatazkaz eta abarrez hitz egitea”. Eta Barrerak berretsi egin du hori guztia: “Prostituzioaz hitz egitea, batez ere, pobreziaz hitz egitea da”.
Saezek zehaztu nahi izan du bere ustez ez direla gauza bera prostituzioa edo sexu lana, eta emakumeen salerosketa. “Nirekin hitz egin duten emakume guztiek erran didate modu autonomo batean ari zirela lanean”, erran du zinemagileak. Barrerak ere zehazki salatu nahi izan du salerosketaren biktima diren emakumeen egoera: “Benetako babesa exijitu behar dugu emakume horientzat, egungo legea hutsaren hurrengoa baita”.
Sevillako Prostituten Kolektiboko kideak, hala ere, ez du hor gelditu nahi izan: “Egun indarrean dagoen atzerritarren legea ere hutsaren hurrengoa da; lotsagarria”.
Prostituzioaren inguruko eztabaiden erdian, Barrerak galdera nagusi bat jarri nahi izan du mahai gainean: “Zer nahi duzue? Putek eskubideak izatea, edo sasian jarrai dezaten?”.
Prostituzioari buruzko edozein iritzi izanda ere, mugimendu feministako kide guztiei garbi erran nahi izan die Barrerak “borroka denona” dela. “Baina zehazki putak zeharkatzen dituzten auzietan, putek izan behar dute gidari. Gure borroka bere egin dezake mugimenduak, noski, baina gure borroka dela ahaztu gabe. Elkarrekin eta elkarren ondoan egin behar dugu lan”.
Kapitalismoaren aurka
“Kapitalismoaren aurka egiten dugu, ezein emakumek ez dezan prostituziora jo beharrik izan pobreziaren ondorioz”. Horixe berretsi du Maria Jose Barrerak. “Prostituziora jotzen duten emakume gehienek pobreziaren ondorioz egiten dute, eta lanean jarraituko dute, pobrezia hor dagoelako oraindik. Gure borrokaren helburua da orain lanean ari diren emakume horiek ez ditzatela guk izan genituen baldintza latzak izan”, nabarmendu du.
Prostituzioa utzi nahi duten emakumeentzat “benetako alternatibak” aldarrikatu ditu Barrerak. “Eskaintzen dizkieten lan feminizatuak ez dira konponbidea. Kontua ez da putak erreskatatzea; kontua da pobreak erreskatatzea. Gure kideek behin eta berriz eskatu dituzte benetako lan alternatibak, eta zer jasotzen dute? Nahi ez duten arloetan trebatzeko ikastaroak. Putek ez dituzte josten ikasteko tailerrak nahi; hori ez da zentzuzko irtenbide bat; puten eskubideen aldekoa edo abolizionista izan, bada garaia pertsona erdigunean jartzeko”, erran du Barrerak.
Samina erakutsi du Sevillako Prostituten Kolektiboko kideak online egindako solasaldian: “Baztertu duten kolektibo bat da gurea, eta, hala ere, aurrera egitea lortu dugu. Herritar gisa ditugun eskubideak urratzen dizkigute takoidun zapatak erabiltzeagatik”. Argi du bidea zein den: “Jazarpen ardatz guztiak kontuan hartuko dituen feminismo bat behar dugu; eseri, eta denon artean oraingo politika publikoak aldatzeko”.
Argazkiak: ‘Chicas prepago’