Duela urte eta erdi lotu zitzaion Yasmine Khris Maansri frantziarra euskararen bideari. Hizkuntza ikasi eta euskaraz bizitzeko hautua egin zuen Euskal Herrira iritsi zenean. ‘Ahobizi’ izanen da Euskaraldian.
Uxue Rey Gorraiz
Biziki maite ditu hizkuntzak Yasmine Khris Maansrik (Marseilla, Frantzia, 1996). Itzultzailea da: frantsesa du ama hizkuntza, baina beste hainbat hitz egiteko gai da gaur egun; tartean, euskara. Duela urte eta erdi hasi zen marseillarra euskara ikasten, Euskal Herrira bizitzera etorri zenean; Iruñean bizi da ordutik. Jariotasunez lotzen ditu euskarazko hitzak, gai da naturaltasun osoz komunikatzeko. Berria.eus-en blogaria ere bada.
Estreinakoz ariko da Euskaraldian, ofizialki. Aitortu du berak aspaldi hasi zuela ariketa, eta ez duela bukatuko abenduaren 4an. Harago joan nahi du.
Zerk bultzatuta ekin zenion euskara ikasteari?
Ikasketak bukatu nituen duela bi urte, eta ez nekien oso ongi zer egin bizitzan. Aukera eskaini zidaten atzerrian praktikak egiteko, eta Ahotsa.info-ko kideekin jarri nintzen harremanetan. Hona etortzea proposatu zidaten, eta nik, jakina, baietz. Iritsi eta berehala, euskaltegian hasi nintzen.
Hemen izanik, ezinbestekotzat jo zenuen euskara ikastea?
Bai, eta gauza bera gertatu zitzaidan Galizian bizi izan nintzenean; aldez aurretik ere erabakia nuen galegoa ikasiko nuela, eta hala egin nuen iritsitakoan. Nik zuzenki lotzen ditut herrialdea eta hizkuntza. Banekien esperientzia euskaraz biziko nuela, eta ez gaztelaniaz. Hala nahi izan banu, beste toki batera joanen nintzateke, eta ez Nafarroara.
Nola ikasi duzu hizkuntza?
AEKn hasi nintzen, iazko maiatzean. Egia esateko, bi aste baizik ez ziren falta ikasturtea bukatzeko, eta, beraz, proposatu zidaten barnetegira joatea, udan. Foruko barnetegian [Bizkaia] eman nituen bi aste. Gaur egun, euskaltegian jarraitzen dut, Iruñean.
Ohi baino denbora gutxiagoan lortu duzu euskaraz mintzatzeko gaitasuna. Nola?
Ikasgeletatik kanpo ere euskaraz bizi naiz, ia beti. Iruñera iritsi nintzenetik, euskarari josita bizi naiz, haren inguruan eraiki dut nire egunerokoa. Euskaltegiko lagunekin, Ahotsa-ko lankideekin, etxekideekin… guztiekin aritzen naiz euskaraz. Sekulako zortea izan dut, eta agian hori da nire abantaila nagusia.
Ikasketa prozesuan, inoiz ez zara sentitu trabatuta?
Izan ditut zailtasunak, jakina. Akats asko egiten ditut oraindik ere, eta, batzuetan, kostatu egiten zait, baina nahiko ausarta naiz horrelakoetarako. Ez dut lotsarik izaten gauzak egiteko, berdin zait hanka sartzea. Euskaraldiak planteatzen duen moduan, ni ere saiatzen naiz lehen hitza euskaraz egiten. Botatzen dut esaldia, eta gero gerokoak. Asmatzen badut adierazteko moduan, hobe niretzat, eta, aldi berean, mesede da ulertu nahi didanarentzat ere. Baina, bestela, balioko dit hurrengoan nola egin jakiteko.
Uste duzu hanka sartzeko lotsa dela askoren oztopoa?
Beharbada bai, baina uste dut hori norberaren izaeraren araberakoa dela. Bestalde, agian, niretzat lagungarri da bertakoa ez izatea ere. Izan ere, hainbat herrialdetan izan naiz jadanik, eta horri esker ohartu naiz gaizki solastatzea ez dela lotsatzeko arrazoia.
Uste duzu behar adina baliabide daudela euskara ikasteko?
Ezetz uste dut nik; ez dira aski. Administrazioak ez du behar adina egiten baliabideak emateko, eta, gainera, ekonomikoki, nahiko konplikatua izaten da. Euskara ikasten ari garenek, izan euskaltegian edo hizkuntza eskolan, nahikoa diru ordaindu behar izaten dugu gure formakuntzarako. Oso garestia da euskara ikastea, gazteontzat bereziki. Badaude diru laguntzak, baina babes handiagoa behar genuke.
Sumatzen duzu ingurukoen babesa euskara ikasteko?
Sekulakoa. Norbaiti azaltzen diodanean euskara ikasten ari naizela, laguntza handia jasotzen dut bueltan. Gainera, babes hori ez dut sumatzen jada euskara dakitenengandik soilik; adibidez, euskaltegiko ikasleok asko laguntzen diogu elkarri. Saio batzuetan, maila guztietako ikasleak biltzen gara: alde handiak daude batzuen eta besteen artean, eta horrelakoetan izugarria da elkartasuna. Bestalde, oso inportantea da irakasleek egiten dutena. Pazientzia handia dute gurekin.
24 urte dituzu. Nolakoa uste duzu dela gazteen konpromisoa euskararekiko?
Hobetu litezke gauzak. Egia da hemengo lagun askok jadanik ohitura dutela kuadrillarekin gaztelaniaz hitz egiteko, eta, horrelakoetan, ulertzen dut zaila dela aldatzea. Alde horretatik, ahalegina egin beharko litzateke. Dena dela, uste dut ezin diegula errua beti haiei bota. Ez litzateke justua. Baliabideak falta zaizkigu.
Itzultzailea zara lanbidez, eta jadanik egin dituzu itzulpenak euskaratik abiatuta.
Bai, eta oso pozik nago. Egia esanda, sekulako harrotasuna sentitu nuen; animoak eman zizkidan bidean jarraitzeko. Ohartu nintzen hasia naizela euskara menperatzen, nolabait. Gainera, Non dago Mikel? film dokumentaleko hitzen itzulpena izan nuen lehen lana. Ezin bereziagoa izan da.
Zer eman dizu euskarak?
Aberastasuna ematen dit, eta ez bakarrik linguistikoa; ez da mugatzen horretara. Euskarak eman dit mundua beste ikuspuntu batetik begiratzeko aukera. Euskarak baditu berezitasun batzuk, eta berezitasun horiek tresna gehiago ematen dizkidate munduari begiratzeko. Kontzeptu batzuk oso euskaldunak dira, eta ez nituzke ezagutuko hizkuntza ikasten hasi ez banintz.
Zer kontzeptu, adibidez?
Auzolana. Hitz hori oso hemengoa da; oso ederra. Esanahi mordoa du; batetik, horrela esaten zaio auzoan, bizilagunekin, egindako lanari. Baina gehiago ere badakar harekin. Edozein egoeratan erabil daiteke hitza, eta, behintzat nik ulertzen dudan moduan, balio batzuk ditu bere barruan; tartean, elkartasuna. Hitz batzuk ezin dira itzuli zuzenean, eta hitz horiek jatorrizko hizkuntzan ezagutzeak asko zabaltzen dizkit begiak munduari so egiteko.
Zer rol aukeratu duzu euskaraldian parte hartzeko?
Ahobizi txapa eramanen dut soinean. Izan ere, orain, bai: izan naiteke ahobizi. Hasieran, belarriprest aritu nintzen.
Aurreko euskaraldian ere hartu zenuen parte?
Ez. 2018ko Euskaraldian oraindik ez nekien euskaraz hitz egiten. Baina iruditzen zait euskaldun asko aspaldi murgildu ginela gure euskaraldi partikularrean. Nik halaxe egin dut. Euskaraldia, ofiziala, antolatutako ariketa gisa, iraupen jakin batekoa da, baina, askoren kasuan, ez dut uste Euskaraldia azaroaren 20an hasi eta abenduaren 4an bukatuko denik. Dena dela, badut gogoa egun hauetan gertatuko dena ikusteko. Ea nola aldatzen den gure ingurua, ea zer neurritan euskalduntzen diren kaleak…
Argazkia: Iñigo Uriz / Foku