Lesakako Udalak prest du mugikortasun plana: herri «bizi eta seguru» bat lortu nahi du, eredu «iraunkor eta inklusibo» baten bidez. Oinezkoei eman nahi die lehentasuna, eta autoei espazioa kendu.
Edurne Elizondo
Egin behar da”. Serio hartu du Lesakako Udalak mugikortasunaren auzia. Plan bat prestatu du herria oinezkoentzat eta txirrindularientzat irabazteko. Erronka da autoari gaur egun duen nagusitasuna kentzea. “Ez da erraza”, herriko agintariek onartu dutenez. Baina hasi dira urratsak egiten. Herri bat nahi dute bizilagun guztientzat.
“Garbi dugu eztabaida pizten duen gai bat dela”. Hori onartu du Lesakako alkate Ladis Satrustegik, mugikortasunaren esparruan mahai gainean jarri dituzten proposamenei buruz. Izan ere, autoari orain hartzen duen espazioaren zati bat kentzeko aukera hutsak kontrako iritzi sutsuak eragiten ohi ditu; berdin Iruñean, zein Lesakaren tamainako herri batean 2.741 biztanle, 2019ko erroldaren arabera.
Koronabirusaren pandemia hasi eta gero, Lesakako Udalak berretsi zuen herritarrentzat espazio publikoa lortzeko beharra, eta, asmo horrek bultzatuta, Plaza Zaharra behin-behinean moldatzen hasi zen: loreontziak eta piboteak jarri zituen, gidariek autoak ez aparkatzeko.
“Badakigu erabaki horrek ezustean hartu dituela herritar anitz; pandemiaren eraginez behar baino azkarrago aritu gara akaso, baina garbi dugu zerbait egin beharra zegoela”, azaldu du Lesakako Udaleko zinegotzi Iban Garrok. Behar hori datu baten bidez islatu du: “Bost autorentzako toki baimendua dagoen espazioan hogei egoten ziren”.
Autoak plazatik atera ondoren, inguruko bizilagunek eta dendariek egindako proposamenak kontuan hartu ditu Lesakako Udalak, eta aukera eman du erosketak egitera joaten diren gidariek autoa hamar minutuz aparkatzeko, horretarako zehaztutako tokietan.
Parte hartzea sustatu
Plaza Zaharrean oinezkoei eta txirrindulariei lehentasuna emateko hartutako neurriek behin-behinean erantzuten diote mugikortasuna eraldatzeko udalaren asmoari. Harago joan nahi dute Lesakako agintariek, eta bide horretan Hiritik At kooperatibako eta Lua arkitektura etxeko kideak hartu dituzte bidaide.
“Herritarrak ere bai”, Satrustegi alkateak nabarmendu duenez, lesakarren parte hartzea sustatu baitu udalak: batetik, egungo egoeraren diagnostikoa egiteko, eta, bertzetik, egin beharreko lanen esparruan lehentasunak zehazteko. Oinarriak ere garbi utzi nahi izan ditu udalak, eta nabarmendu du herriak “bizia eta segurua” izan behar duela herritar guztientzat; berdin zahar zein gazteentzat; arazorik gabe mugitzen direnentzat, edo gurpil aulkia behar dutenentzat.
“Plan iraunkor eta inklusibo bat hartu dugu helburu”, berretsi du Hiritik At kooperatibako Ainhoa Retegik. Herriko kanpoko aldetik erdigunerantz hiru geruza zehaztu dituzte egindako lanean, oinezkoek gero eta espazio gehiago har dezaten geruza batetik bertzera pasatzerakoan. Oro har, ideia da aparkalekuak herriko sarreretan kokatzea, autoen abiadura gehiago mugatzea, espaloiak zabaltzea eta ez dauden tokietan jartzea. “Nolabaiteko bide sare seguru bat sortu nahi dugu oinezkoentzat”, azaldu du Retegik.
Plaza Zaharrean hasitako eraldaketari segida eman nahi dio udalak: espaloia zabalduz alde batean, eta oinezkoen eta autoen espazioa berdinduz bertzean, autoak nagusi izan ez daitezen.
Planak bertze bi espazio lehenetsi ditu egokitzen hasteko: Beheko plaza eta Zabaleta dorretxearen ingurua. Obrak lehenbailehen hasi nahi dituzte udal agintariek, eta haien asmoa da datorren urtean martxan jartzea. Plana gehiago garatu behar dutela onartu du alkateak, halere. Horretan ari dira: hartu beharreko neurriak zehazten, eta asmoen berri ematen herritarrei. Plana denena izatea nahi dute.
Erdigunea eta Bidasoko bidea lotuko dituzte
Herriko mugikortasuna ez da Lesakako Udaleko arduradunen kezka bakarra; erdigunea eta Bidasoko bide berdea lotzeko proiektua ere bultzatu dute, eta egitasmo hori egia bilakatzeko Nafarroako Gobernuaren laguntza jasotzea lortu dute: 340.000 euroko saila onartu du gobernuak, proiektua garatzeko.
Asmoa da Bidasoko bide berdetik Lesakarainoko kilometro eta erdiko bidea oinezkoentzat eta txirrindularientzat egokitzea. Egun, errepidea da bi gune horiek lotzen dituen bakarra. Proiektu berriaren bidez, autoen presiorik gabeko bide seguru bat egin nahi dute herritarrentzat, oinez edo bizikletaz mugi daitezen.
Nafarroako Gobernuak badu bertze asmorik Bidasoko bide berderako: Plazaolakoarekin lotu nahi du; zehazki, Europan sortu duten Eurovelo 1 izeneko ibilbidearen barruan. Ederbidea osatuko dute bideok. Eurovelo 1 ibilbideak Norvegia eta Portugal lotu nahi ditu, motorra duten ibilgailurik gabeko bide baten bitartez.
Goiko argazkia: Iñigo Uriz / Foku