Erakundeak bideo bat egin du, desgaitasunen bat duten neska eta andreen errealitatearen berri emateko. Eunate Arraiza futbolari nafarra saritu du.
Edurne Elizondo
Nafarroako Cermi erakundeak segida eman dio desgaitasunen bat duten neskek eta emakumeek iazko azaroan hirugarrenez egindako foro sozialari: bideo batean jaso ditu parte hartzaileen hitzak, andreon errealitatearen berri zabaltzeko asmoz. Duela astebete egindako jardunaldi batean aurkeztu zuten Cermiko arduradunek lana, eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren babesa izan zuten, bertzeak bertze.
Azaroko data ez du kasualitatez aukeratu Cermik; izan ere, hilaren 25eko indarkeria matxistaren kontrako eguneko aldarriekin lotu nahi izan dute erakunde horretako arduradunek beren jardunaldia, eta Miriam Rubio aholkularia deitu dute desgaitasunen bat duten emakumeen aurkako indarkeriaren inguruko datuak mahai gainean jartzeko. Rubiok nabarmendu du desgaitasunen bat duten andreen %40,4k sufritu dituztela bikotekidearen tratu txarrak %31,9 da kopurua desgaitasunik ez dutenen artean.
Indarkeriaren auzia da iazko foro sozialari buruzko bideoan jaso dituztenetako bat. Oro har, Cermiren asmoa da “hausnarketarako eta elkarri babesa emateko espazioak” sortzea desgaitasunen bat duten neska eta emakumeentzat eta haien zaintzaile diren andreentzat. Hori sustatzeko egiten dute jardunaldia, urtean behin, eta xede berarekin egin dute oraingo bideo lana ere.
Cermik egungo gizartearen “kapazitismoa” jarri nahi izan du agerian, eta nabarmendu du “ezberdinen aurkako gorroto mezuei aurre egiteko” begirada aldatu behar duela gizarteak, “arau bilakatutako bidetik at direnak ez baztertzeko”.
Saria Eunate Arraizari
Cermi erakundeak bere saria banatzeko baliatu du Iruñean egindako jardunaldia: Eunate Arraiza futbolariak jaso du, hain zuzen ere, kirol jarduera inklusiboen atalean. Arraiza jaiotzetik da gorra; Barañaingo Lagunak klubean hasi zuen futbolaren arloko bere bidea; Athleticeko jokalari bilakatu zen gero, eta Espainiako selekzioarekin ere aritu da.
Argazkia: Iñigo Uriz / Foku