Iruñeko Udalak eten egin du auzoetan haur eta nerabeekin lan egiten duten prebentzio taldeen kontratua. Erabakiaren ondorioz, egungo zortzi taldeek etorkizun iluna dute; kinka larrian daude.
Uxue Rey Gorraiz
Iruñeko Udalak berriki iragarri du ez dituela luzatuko auzoetako Prebentzio Ekintza Komunitarioko Zerbitzu kontratuak; Navarra Suma eta PSN udal taldeek babestu dute erabakia. Abenduaren 31n bukatuko zaie kontratua egungo taldeei, eta haien ordez beste zerbitzu bat eskainiko duela jakinarazi du udalak; bakarra hiri osorako. Albisteak sumina piztu die herritar askori, taldeetako kide eta erabiltzailei, bereziki. Sanduzelaiko Umetxea elkarteko hezitzailea da Ana Bejarano (Iruñea, 1991).
Espero zenuten horrelako erabaki bat ailegatuko zenik?
Guztiz harritu gaituenik ezin dugu esan. Azken batean, UPNrekin dugun guda historikoa da: ez zaizkie gustatzen gauza komunitarioak. Ekainean ere izan genituen gatazkak, ez zutelako nahi auzoetako prebentzio taldeek udalekuak antolatzerik. Epaitegietara jo genuen, eta irabazi. Udan, berriz, isil-isilik izan ziren, eta, hara, orain ailegatu zaigu albistea, bat-batean.
Izan duzue negoziatzeko aukerarik?
Ez. Egun batetik bestera abisatu ziguten, eta jadanik hartua zuten erabakia. Maria Caballeko UPNko zinegotziak bideokonferentzia bidez deitu zigun, esanez abenduaren 31 izanen genuela azken eguna, hau da, ez zigutela kontratua luzatuko. Hain justu, handik 30 minutura iragarri zuen prentsaurreko batean.
Zer argudio erabili dute kontratuaren etetea justifikatzeko?
Deszentralizazioaren kontra agertu ziren. Askotan esan digute prebentzio taldeak auzoka antolatuta Iruñea zatitzea baizik ez dugula lortzen. Are gehiago, esan izan digute ez dutela ulertzen zergatik dugun halako sentimendua auzoarekin, kontuan izanik gure jardueretan parte hartu duten haur asko atzerritarrak direla. Sekulako astakeria da hori. Bestalde, esaten dute guk egiten duguna aisialdi hutsa dela eta ez dela prebentzio lana.
Zuen ustez, zer intentzio dago erabakiaren atzean?
Ez gaituzte gustuko, eta sumatzen da gurekiko duten amorrua. Uste dute asmo politikoak ditugula; alderdi jakin baten alde egiten dugula diote, ez-dakit-norentzat gabiltzala lanean. Gainera, aurpegiratu izan digute poltsikoak diruz betetzen ditugula; hori besterik ez genuen falta. Irabazi asmorik gabeko elkarte bat gara; ez dugu inoiz ezer kobratu. Bazkide sariak ditugu, baina nahi eta ahal duenak bakarrik ordaintzen ditu, eta sinbolikoak dira erabat. Diru laguntzei esker funtzionatzen dugu, eta horien bidez kobratzen dugu soldata langileek.
Zer dakizue Iruñeko Udalak diseinatutako plan berriaz?
Dakigun bakarra da hamalau teknikari kontratatu dituztela, gizarteratzeko teknikariak. Zerrenda publiko batetik deitu omen diete, banan-banan, eta bi urte eta erdirako kontratua eskaini diete. Horrez gain, ezer gutxi dakigu; ez dakigu gure lokalak erabiliko dituzten, udaletxetik bertatik ariko diren… Ezjakintasuna ia erabatekoa da.
Zerbitzu bakarra sortuko dute Iruñe osorako. Zer ondorio ekarriko ditu horrek?
Jada ez da izango komunitatearen zerbitzua. Izatez, komunitate hitza haien diskurtsotik kanpo dago guztiz. Orain arte egin dugun modura, elkarlanean aritu ahal izan gara auzoko gainerako elkarte guztiekin. Adibidez, Umetxeak harreman estua du Sanduzelaiko beste eragileekin: ikastetxeekin, osasun etxearekin… Hori guztia galdu egingo da.
Zertan datza Umetxea elkartearen jarduna?
Haur eta gazte mordoa etortzen da egunero, eta horietako batzuentzat sekulako babesa gara. Bereziki lagungarriak gara, adibidez, lagun askorik ez dutenentzat, atzerritik ailegatu berriak direnentzat, gaztelaniaz oso ongi hitz egiten ez dutenentzat… Badute nora joan, badute nora jo zalantzak argitzeko. Baliabide gutxi dituzten familientzat oso beharrezkoak gara, baina baita beste guztientzat ere. Kultur jarduera asko antolatzen ditugu: Sanduzelain egiten diren jardueren %90etan hartzen dugu parte. Jende asko gaude proiektuan murgilduta: lau langile gara, baina, gutaz gain, berrogei bat boluntario ere badaude, eta aurten 202 haur eta gazte ari dira parte hartzen asteroko jardueretan.
Kontratua bukatzeak nola baldintzatuko dizue lana?
Langileok beste lan batzuk bilatu beharko ditugu, ezinbestean, eta, beraz, ezingo ditugu hainbeste ordu inbertitu elkartean. Lokala itxita egongo da askotan. Dena dela, ez dugu amore emango. Ni, adibidez, hemen hazi eta hezi naiz, eta ez dut alde egingo, inola ere. Prest gaude datorrenari kontra egiteko. Izan ere, badakigu hau ez dela izan udalaren azken erabakia.
Zein da hurrena?
Ezin dugu ziurtasunez esan, baina susmoa dugu lokal komunitarioetan sartuko dutela muturra. Haientzat nahiko dituzte. Ikusiko da. Eginen dugu zerbait, baita urtarrilaren 1etik aurrera ere.
Hortaz, Umetxeak bizirik segituko du?
Bai, ziur. Gu desagertzea nahi dute, baina hori ez da gertatuko. Dirurik gabe? Bada, dirudik gabe. Baina hau ez da geldituko. Zalantzarik gabe, hau izan da urtetan jaso dugun kolperik latzena; ez gara inoiz sentitu halako estualdian, baina jarraituko dugu. Ezin ditugu berrehun pertsona horiek bakarrik utzi.
Argazkia: Iñigo Uriz / Foku