E. Elizondo
“Neskekin ligatzen hasi nintzenean izugarri harritu ninduen lesbianen aurkako indarkeriaren mailak. Emakumeok, berez, emakume izateagatik indarkeria sufritzen dugu: begiradak, ukituak… jazarpen hori handia da, baina areagotu egiten da lesbiana zarela erakusten duzunean”.
Zikutak Bollera Transfeministen Kolektibo jaioberriko kide batenak dira hitzak. Ez du bere izena agertzea nahi. Lesbiana zela erakusten hasi zenetik erasoak etengabekoak izan direla salatu du. Hori dela pertsona anitzen egunerokoa. “Lugatibeko kidearen aurkako erasoa ez da azkenaldiko bakarra izan. Kide bati maritxu erran zioten, mutiltzat hartu zutelako. 16-17 urteko gazteak ziren erasotzaileak. Korrika alde egin behar izan zuen. Gizon bati, berriz, sudurra hautsi zioten, sexu bereko bikotekideari musu eman ziolako karrikan”.
Lugatibeko kideek errandakoarekin bat egin du: nabarmendu du eraso gehienak isilpean gelditzen direla. Erasotzaileak gazteak izaten ohi direla gaineratu du, eta hori “matxismoaren armaberritzearekin” lotu du hark ere.
Argi du hainbat espazio publikotan jasan dituen erasoak ez zirela gertatu izanen berarekin gizon bat egon izan balitz. Dantza areto batean jazotakoa ekarri du gogora: “Neska batekin nintzen, elkarri musu ematen. Gizon bat hurbildu, eta deus erran gabe, bat-batean, aurpegia miazkatu zidan”. Gizon batekin egon izan balitz hori gertatzea “pentsaezina” dela berretsi du. “Espazio publikoa heterosexuala da”.
Neskekin egon denean, hamaika aldiz entzun behar izan ditu hirukoak egiteko proposamenak: “Hagitz modu oldarkorrean, gainera”. Salatu du halako gertaerek agerian uzten dutela erasotzaileen matxismoa. “Emakumeen arteko harremana gonbidapen gisa hartzen dute; haientzat ez dira existitzen zakilik gabeko harremanak, eta bi emakumek osatutako binomioa ez dute errespetatzen”.
Are gehiago erran du: “Eraso egiten dute, erantzunaren beldur ez direlako. Uste dute munduaren zilborra dela beren sexualitatea, beren zakila”.
Ustez ezkerrekoak eta aurrerakoiak diren espazioetan ere halako egoerak errepikatzen direla erantsi du. “Generoaren eta aniztasun sexualaren esparruan, oraindik ere, ez gara anitzek uste duten bezain aske”. Arazoetako bat da, haren hitzetan, erakundeetan eta gizarte mugimenduetan ere auzia bigarren mailakoa dela oraindik. Argi du hori konpontzeko modurik egokiena eta eraginkorrena hezkuntzaren esparruan eragitea dela. “Homosexualei eta lesbianei buruz hitz egitea ez da nahikoa; diskurtso politikoago bat behar dugu, eta benetako ekintza plan bat ikastetxe guztietan”.
“Gai hau haurrekin lantzea ezinbertzekoa da, aniztasunaren diskurtsoa errazago onartzen dutelako”. Hezkuntza da aldaketarako tresna. Erasoei orain aurre egiteko, berriz, gizarte taldeen arteko elkartasuna aldarrikatu du.