Edurne Elizondo
Erresuma Batuko Cartoon Network kateak zentsuratu egin du Steven Universe izeneko animaziozko saioko eszena bat: bi emakume ageri ziren, dantzan, elkarri helduta, baina Erresuma Batuan ezin izan dute ikusi. “Ziurtatu behar dugu emititzen dugun guztia haurrentzat egokia dela”, erran du kateak, bere erabakia justifikatzeko.
Bi emakume dantzan ikustea, antza, ez da egokia umeentzat, kate horren arabera. Bi emakume elkarri musu ematen ikustea ere ez, Iruñeko billabesa batean hilaren 7an gertatu zenaren arabera: bertze bidaiari baten oharra jaso zuten bi neskak, idatziz, elkarri musu emateagatik.
Halako erasoek, bai eta hori baino larriagoek ere, gora egin dute azken hilabeteotan, Lugatibe Nafarroako Transmarikabibollera eta Queer Gazte Asanbladak salatu duenez. Batzar horretako bi kidek, hain zuzen ere, irainak, bultzadak eta mehatxuak sufritu zituzten, joan den azaroan. “Sistema armaberritzen ari da”, nabarmendu dute taldeko kide Joseba Verdugo Goikoetxeak eta Maider Lazkano Zuñigak. Heteropatriarkatuak ez baititu musu guztiak maite.
“Berriozarrerako bidean ginen. Gurearen aurreko geltokian emakume batek paper bat eman zigun, eta korrika jaitsi zen autobusetik”, azaldu du billabesan hil hasieran oharra jaso zuten bi emakume gazteetako batek. Gertaerak sortutako zalapartarekin gainezka egin duela aitortu du, eta nahiago duela izenik ez eman.
“Zur eta lur” gelditu zen jasotako oharra irakurri zuenean. Halaxe zioen: “Norbera libre da bere sentimenduak adierazteko, baina inguruan dauden pertsona guztiak errespetatu behar ditu beti. Errespetua izan ezazue, neskak, zuen musukeriarekin egiten duzuen bakarra autobusean egoera deseroso bat sortzea baita. Nahiago nuke noizbait gehiengoarenganako begirunez jokatuko bagenu, umeak, helduak…”.
40 urte inguruko emakume bat zen oharra eman ziena. Ustez, bertze emakume baten partez helarazi zien papera, baina bikoteak uste du hark berak idatzi zuela. Gertatutakoa sare sozialen bidez salatu zuten gazteek, eta jasotako elkartasuna eskertu dute. Ez da halako egoera bat bizi izan duten lehen aldia, tamalez. “Musu emateagatik behin baino gehiagotan erran izan digute zerbait. Emakume batek Poliziari deituko ziola ere bota zigun behin. Gizon eta emakume bat izan bagina elkarri musu ematen, ez genuke halako erasorik jasan izanen”.
Ez lehena, ezta azkena ere
Hori da kontua. Sexu bereko pertsonen arteko harremanak daudela jomugan espazio publikoan. “Maritxu izan gaitezke, baina gure etxean. Azarokoa ez da jasan dudan lehendabizikoa, eta ziur naiz ez dela azkena izanen”. Horixe erran du Iruñeko Alde Zaharrean erasoa pairatu zuten bi gizonetako batek, Arkaitzek. Ez da hori haren benetako izena; nahiago du ez erran.
Caldereria karrikan gertatu zen. Bikotekidearekin eta Lugatibeko bertze hainbat lagunekin zegoen Arkaitz. Mutilari musu eman zion, eta, berehala, karrikan ziren hainbat mutil gaztek iraindu egin zituzten. “Txistua bota zuten lurrera, eta marikoi erran ziguten”. Egoerak min egin zion Arkaitzi. Nabarmendu du bereziki mingarria izan zela Alde Zaharrean gertatu izana. “Inguru hori, guretzat, beti izan da eroso eta lasai egoteko toki bat. Hiriko txoko guztiek izan beharko lukete halakoak, baina ez da hori errealitatea. Eroso egoteko espazio berririk ez dugu lortu, eta lehendik genituenak galtzen ari gara”.
Arkaitzek, haren bikotekideak eta Lugatibeko gainerako kideek erasoari aurre egitea erabaki zuten. Denak hasi ziren elkarri musu ematen. “Ahalduntzeko modu bat izan zen guretzat. Beti erraten dugu eraso guztiek jaso behar dutela erantzuna, eta hori egin genuen. Musu emanez erantzun genuen”.
Orduan hasi ziren mehatxuak. “Gorrotoa sumatzen zitzaien gazte haiei aurpegian. Beldurgarria izan zen”, gogoratu du Maider Lazkano Zuñigak. Han zegoen. “Eskerrak talde bat ginela. Bakarrik egon izanez gero auskalo zer gerta zitekeen”. Bat egin du Arkaitzek. “Labana sartuko zigutela mehatxu egin ziguten, eta haietako batek arma poltsikotik ateratzeko keinua ere egin zuen”.
Ihes egitea erabaki zuten. Nabarrerian, karrikan zegoen jendearen babesa jaso zuten, baina gazteak haien atzetik joan ziren. “18 urte ere ez zituzten izanen. Gure ondotik pasatzen hasi ziren, eta bultza ere egin zidaten”. Alde egitea erabaki zuten arte.
Bikoteak Poliziaren aurrean salatu zuen gertatutakoa. “Nire bikotekideak nahi zuen, eta salaketa jartzea erabaki genuen”. Esperientzia ez da batere ona izan, Arkaitzek nabarmendu duenez, eta agerian utzi du formakuntzarik eza. Foruzainen etxera joan ziren erasoa salatzera. “Tratua egokia izan zen, baina ez zekiten zer egin ere. Erasoa gorroto delitua zela errepikatzen nion nik, behin eta berriz, foruzainari, eta hark erantzuten zidan ezin zuela hori jarri. Azkenean, txostenean jaso zuen mehatxuak izan zirela talde erlijioso edo etniko bateko kide izateagatik. Ezin nuen sinetsi”.
Lazkano Zuñigak eta Verdugo Goikoetxeak ere ez. “Agerikoa da protokolo baten beharra”, nabarmendu dute. Lugatibek ere auzi hori landu nahi du, eta urratsak zehaztu, eraso homofobo, lesbofobo edo transfobo bat gertatzen den bakoitzean jardun ahal izateko. Erasoen berri jasotzeko bulego bat sortzeko aukera ere aztertzen ari dira.
Azaroan gertatu zena salatu bezain pronto, bertze hainbat erasoren berri jaso zuten Lugatibeko kideek, hain zuzen ere. “Jendeak, gehienetan, ez ditu salatzen. Kontzientzia politikorik ez duen jendeak nahiago du gertatu dena ahaztu”. Gertatzen diren erasoen %17 baino ez dituzte salatzen, Espainiako LGTB taldeen federazioak emandako datuen arabera. “Gorroto delituen artean gehiengoa dira LGTB komunitateko kideen kontrakoak”, erantsi du Lazkano Zuñigak.
Delitu horietako anitz, ordea, ikusezin bilakatzen ohi dira. Eta guztiak, gainera, ez dira modu berean tratatzen, Lugatibeko kideak salatu duenez.”Klase ertaineko emakume zuria eta emakume transexuala ez ditu berdin aintzat hartzen gizarteak. Transexuala prostituta eta etorkina bada, ez du deus balio”, salatu du Verdugo Goikoetxeak. Valentzian gertatutakoa ekarri du gogora, horren harira. “Etorkina eta transexuala zen emakume bat hil zuten, baina ez da deus gertatu. Berriak ez du oihartzunik ere izan. Inori ez zaio inporta”. Bartzelonan, Eguberrietan, 17 urteko mutil transexual bat hil zen: bere buruaz bertze egin zuen, ikastetxean denbora luzez jasandako jazarpenaren ondorioz.
Matxismoak, gora
Azkenaldian gora egin dute erasoek. Horren arrazoia zein den argi dute Lugatibeko kideek. “Matxismoak gora egin du. Haren indarkeria jasaten duten emakumeen egoeraren antzekoa da gurea: ahalduntzen ari gara, eta, horren aurrean, sistemak bere burua defendatzen du. Emakumeen aurkako indarkeriak bezala, gure jarrera zuzentzea bilatzen du homofobiak. Heteropatriarkatuak atsedenaldi bat eman digu; baina ez digu gehiago hazten jarraitzeko aukera eman nahi. Sistema armaberritzen ari da, eta atzera egiten ari da gizartea”, erran du Verdugo Goikoetxeak.
Ez hori bakarrik. “Heteropatriarkatua gure borrokak erabiltzen ari da, bere interesen alde”, gaineratu du Lugatibeko kideak. Alemaniako Kolonia hirian gertatu diren bortxaketen auzia jarri du horren adibide: “Emakumeon borroka erabiltzen dute errefuxiatuen aurka arrazista izateko. Gure nortasunak erabiltzen dituzte; horiek dira inboluzioa gertatzen den une honetan sortzen ari diren dinamikak; eta ezin dugu horrelakorik onartu, inondik inora”.
Egoera horretan, Lugatibeko kideek argi dute hezkuntza dela armarik indartsuena. Eta erabiltzera deitu dituzte erakundeak. “Eskola guztietan hasieratik landu beharreko gaia da sexu aniztasuna”. Gaur egun gaia irakasleen borondatearen esku dagoela erantsi dute. “Baina hori ez da nahikoa”. Curriculumean nahi dute.
Karrikan ere bai. Erasoen aurkako erantzunak kalean ere egon behar duela argi dute Lugatibeko kideek. “Gizarteak ezin dio bizkarra eman gertatzen ari denari. Giza eskubideak daude jokoan. Gutaz ahazten ohi dira erakundeak, baina hemen gaudela errepikatzen jarraituko dugu”.