Fernando Hualde idazleak eta Joseba Urretabizkaia argazkilariak Erronkaribartik Maulera espartinak egitera joaten ziren emakumeen memoria biltzen duen liburua kaleratu dute.
Iker Tubia
Udazkenarekin batera uzten zuten etxea, eta udaberrian itzuli. Beltzez beztituak, eguraldi kaskarrari aurre eginez: halaxe zen Erronkaribarko ainaren migrazioa. Ainarak, hala deitzen zieten 1850. eta 1930. urteen artean Maulera espartinak egitera joaten ziren emakumeei. Erronkaribartik joaten ziren gehienbat, baina Zaraitzutik ere joaten ziren, baita Nafarroatik kanpo dagoen Anso ibarretik ere. Pirinioen bi aldeetan diren ibarrak lotzen zituen hizkuntzak eta familiak, baita beharrak ere. Emakume haien hegaldiaren arrastoa liburu batean bildu dute orain: Erronkari Ibaxako ainariak (Xibarit, 2020).
Bi egileren eskutik egin dute memoria ariketa: Fernando Hualde idazle eta ikerlaria arduratu da testuez, eta Joseba Urretabizkaia argazkiez. Zuri-beltzeko irudietan, garai bateko ainaren ondorengoak ageri dira udazkenero Pirinioetan barrena egiten zuten odisea hura antzezten; ainaren memoria ondorengoen eskutik etorri baita. Hualderen beraren amatxik askotan egin zuen Maulerako bidea, espartinak egiteko fabriketan lanean aritzeko. “Omenaldi hori egiten ari garenak haien ondorengoak garela jakitea garrantzitsua da”, esan du Hualdek.
Argazkien garrantzia nabarmendu du idazleak: “Joseba Urretabizkaiak sekulako argazkiak egiten ditu, eta ainaren irteera antzezteko aukera eman zigun”. Izan ere, urtero ainarek ibarra uzten zuten momentu hori antzezten dute, herritarrek gogoan atxiki ditzaten haien aurrekoek egindako lana eta esfortzua. Baina iaz, ezin izan zuten halakorik egin koronabirusarengatik.
Beharrezkoa da memoria ariketa hori egitea, asko orain ohartu baitira haien amatxi, birramatxi edo izeba espartin egileak izan zirela. “Ikusi zuten beste lanbide batzuk omentzen genituela: artzainak, almadia zainak… Baina haiek isilik ziren. Eta isilaraziak”. Ez zuten kontatu, ez baitzuten uste harro esateko afera zenik. “Normalki, familia soiletakoak joaten ziren: kanpora atera behar zuten etxera gauzak ekartzeko. Gainera, onura bikoitza zen, tarte horretan etxean ez zirelako gastu bat”, azaldu du Hualdek.
Maulera espartinak egitera joaten ziren emakumeen egoera aldatuz joan zen. XVIII. mendean, Zuberoako hiriburua erreferente bat zen Europako espartin ekoizpenean, eta 1850. urtean langile gehiago behar zituzten. “Hemengo gehienak senideak ziren, eta denek egiten zuten euskaraz. Ez zen arazorik”, kontatu du Hualdek. 1920an, egoera aldatu egin zen: orduan migrazio bihurtu zen ainarena, lan harreman bat. Gainera, euskararen erabilera galtzen hasi zen Erronkarin eta Maulen: “Beraz, batzuk frantsesak dira, eta besteak, espainiarrak. Lana kentzen zietelakoan, espainiarrak baztertzen hasi ziren”. Azkenean, espartin egile nafarrek bidaia eten egin zuten.
Bide gogorra
Espartinak egiteko lanak eman lezake liburu oso bat egiteko, baina, kasu honetan, Erronkaribartik Maulera egin beharreko bidean jarri dute arreta. Giza esfortzua da balioan jarri nahi dutena, bereziki. “Zure 12-13 urteko alaba Maulera bidaltzeak esan nahi zuen ibarra oinez zeharkatu behar zuela euria, elurra, horma edo hotza egin arren, eta mendira igo, amildegi horiekin. Batzuetan, ez zekiten ailegatu ote ziren”.
Arriskuaren adibide garbia da Jaurrietako neska batzuei gertatu zitzaiena: urtero bezala, neska batzuk espartinak egitera abiatu ziren Maulera. Zenbait egun pasatuta, eskutitz bat jaso zuten Jaurrietan. Mauletik idatzi zuten, harriturik, jaurrietarrak espero baitzituzten, urtero bezala, baina han ez baitzen inor agertu. Herrikoak nesken eske atera ziren, eta denak hilik aurkitu zituzten elur azpian. Hotzak hil zituen.
Hualdek uste du garrantzitsua dela emakume haiek egindako lana eta esfortzua aitortzea: “Esfortzua, sakrifizioa, adiskidetasuna, elkartasuna, biziraupena… Horiek ziren haien giza ezaugarriak, eta balioa eman behar diegu”. Nabarmendu du erronkariarren sustraiak eta iragana izanda, haiei so egin behar diotela aitzinera egiteko: “Emakume horiek eredu gisa eta gure identitate zeinu gisa balio behar digute. Urteetako ahanzturatik atera behar ditugu eta esan: eskerrik asko”.
Fitxa
Izenburua. Erronkari ibaxako ainariak.
Egileak. Fernando Hualde eta Joseba Urretabizkaia.
Itzulpena. Bixente Gorostidi.
Argitaletxea. Xibarit.
Orrialdeak. 166.
Prezioa. 38 euro.