Nafarroako Gobernuak bertze urrats bat egin du errepresio frankista sufritu zuten maisu-maistren memoria jorratzeko: ‘Militancia y represion. La Federación Española de Trabajadores de la Enseñanza (FETE) en Navarra, 1931- 1936’ argitaratu du. Irakasleen aurkako garbiketa prozesua aztertu du liburuak.
Edurne Elizondo
Errotik moztu zuten: Espainiako II. Errepublikak garatutako ereduaren arrasto oro desagerrarazteko, eta hutsetik hasi eta frankismoaren moldeetara egokitzeko. 1936ko altxamendu militarrak irakaskuntza hartu zuen jomugan, eta gogor kolpatu zuen, orduko maisu-maistrek bultzatutako oinarriak betiko baztertzeko asmoz. Nafarroan, 350 irakasleren aurkako garbiketa prozesua hasi zuten militarrek. Ondorioak gordinak izan ziren: langabezia, toki aldatzeak edo kargugabetzeak maisu-maistra guztientzat; heriotza, espetxea edo epaitegietarako bidea, berriz, esparru politikoan oihartzun handien izan zutenentzat.
Orduko Fete Irakaskuntzako Langileen Espainiako Federazioko afiliatuei zuzenean eragin zien errepresio frankistak, eta haien memoria jorratzeko argitaratu du Nafarroako Gobernuak Militancia y represión. La Federación de Trabajadores de la Enseñanza (FETE) en Navarra, 1931-1936 liburua. Reyes Berruezok, Juan Jose Casanovak eta Francisco Javier Emak idatzi dute, Memoriaren Nafarroako Institutuak bultzatuta.
Oibarko maisua
“Ukaezina da Fetek berrikuntza pedagogikoarekin eta eraldaketa sozialarekin izan zuen konpromisoa; erregimen frankistak horregatik egin zuen maisu-maistren aurka”. Horixe nabarmendu du Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollok, liburuaren aurkezpenean, eta eskertu du egileen “ahalegina”.
Berruezok, Casanovak eta Emak, Guillermo Iriartek utzitako 1927ko argazki bat hautatu dute idatzitako liburuaren azalerako. Oibarren maisu izandako Gabriel Valentin ageri da argazkian, ikasleei eskola ematen. Zaragozan (Espainia) jaio zen Valentin, 1894an, baina Oibarko eskolan maisu izateko etorri zen Nafarroara, 1918an. Oibarren maistra zen Josefa Torcalekin ezkondu, eta bi alaba izan zituzten. 1927tik 1929ra, gainera, herriko alkate izan zen Gabriel Valentin. Udalean ere konpromiso garbia erakutsi zuen irakaskuntzarekin, eta eskola berri baten eta liburutegi publiko baten beharra nabarmendu zituen, bertzeak bertze.
1936ko altxamendu militarrak hutsean utzi zituen Valentinen asmo guztiak. Abuztuaren 17an atxilotu zituzten senar-emazteak. Valentin Ezkabako espetxera eraman zuten, eta urte bereko urriaren 27an fusilatu egin zuten. Larrasoañako hilerrian lurperatu zuten. Josefa Torcal, berriz, Iruñeko espetxera eraman zuten, atxilotu eta gero. Maisu-maistren Aibarko etxera sartu ziren, eta hutsik utzi zuten. Espetxetik kanpo, lagun bati bidalitako gutun batean, halaxe azaldu zuen Torcalek gertatutakoa: “Genuen guztia; alaben arropak ere eraman ditu jendeak. Nori zor nion nik, bada, nuen hori guztiori?”.
Oraindik desagertuta
Sixto Alonso, berriz, atxilotu eta biharamunean fusilatu zuten, 1936ko abuztuaren 3an.
Alesbesen jaio zen Alonso, 1903. urtean. 1930ean PSOEn eman zuen izena, eta 1931n Feterekin egin zuen bat. 1934an irakaskuntzako sindikatu horretako presidente izendatu zuten, Nafarroan.
Altxamendu militarra gertatu eta gero, Sixto Alonso saiatu zen ihes egiten, baina Luzaidera eraman zuen taxi gidariak salatu, eta 1936ko abuztuaren 2an atxilotu zuten. Ez dago garbi biharamunean zer gertatu zen; iturri batzuen arabera, Iruñeko Gaztelugibelan fusilatu zuten; bertze batzuen arabera, berriz, Etxaurin. Feteko presidente izandakoaren gorpuak desagertuta jarraitzen du.
Camino Oskotz maistrarena ere ez zuten inoiz aurkitu. Iruñean jaio zen, 1910ean. 1936ko uztailaren 31n atxilotu zuten, ekintzaile politikoa izan zelako, Gorzako eskolan egiten zuen lanaren bidez etorkizun hobe baten aldeko arma bilakatu nahi izan zuelako hezkuntza. Konpromisoa hartu, eta jendaurrean defendatu zuelako; sutsuki, gainera. Horregatik bortxatu zuten; eta horregatik hil zuten, urte bereko abuztuaren 10ean.
Espetxetik atera, eta Urbasako Pilatoren Balkoira eraman zuten Oskotz; handik behera bota omen zuten maistraren gorpua. 26 urte zituen; Alderdi Komunistakoa zen; UGT sindikatuko Hezkuntza Federazioko eta Nazioarteko Laguntza Gorriko kide; maistra errepublikazalea.
Romualda Zalakain maistrak lortu zuen altxamenduak ezarritako diktaduratik onik ateratzea. Bartzelonan zendu zen, 2012. urtean. 99 urte zituen. Iruñean jaio zen Zalakain, 1913. urtean, eta hiburuan egin zituen irakasletzako ikasketak, 1928tik 1932ra bitarte. Sozialista zuen familia, eta maistra izan zen Feteko lehendabiziko afiliatuetako bat. 1932ko irailean, 19 urte zituela, Feteko idazkariorde izendatu zuten, eta handik gutxira, berriz, diruzain.
Cortesen aritu zen Zalakain maistra. Altxamendu militarrak, baina, bertan behera utzi zuen Zalakainek irakaskuntzan hasitako bidea. 1936ko abuztuan, Nafarroako Hezkuntza Batzorde Nagusiak erabaki zuen maistra kanporatzea; eta 1940an, berriz, Nafarroatik at bidali zuten. 1943an, Juan Santiagorekin ezkondu zen, Bartzelonan, eta han zendu zen, 2012an.
Valentin, Torcal, Alonso, Oskotz eta Zalakain maisu-maistrek garaiko berrikuntza pedagogikoekin konpromiso garbi eta sutsua hartu zuten, eta bide horretan egindako urratsengatik sufritu zuten frankismoaren errepresioa. Ez ziren bakarrak izan. Memoriaren Nafarroako Institutuak argitaratutako liburuak denak oroitu nahi izan ditu, eta, nabarmendu, batez ere, maisu-maistra horiek guztiek gizartea eraldatzeko tresnatzat jo zutela irakaskuntza.
“Feteren sorrerak zera dakar berekin: irakasleen arteko asoziazionismoa klaseko sindikalismo bihurtzea”, nabarmendu dute lanaren egileek, ondorio nagusien artean. Izan ere, sindikalismo horrek lotura estua izan zuen langileen mugimenduarekin.
Fetek maisu-maistra gazteak izan zituen buru: “Militantziarako konpromiso sendoa erakutsi zuten, eta ideologia sozialista garbi bat; gogortuz joan zen, II. Errepublikak aurrera egin ahala”, jaso du liburuak. 1936ko uztailean eta abuztuan, altxamendu militarraren errepresio gordina sufritu zuten sindikatuko kide guztiek, eta, nagusiki, Feteko arduradun izandako agintari gazte horiek. Haien memoria landu eta zabaldu nahi izan du Nafarroako Gobernuak orain argitaratutako liburuaren bidez.
Reyes Berruezo: «Errepresioak kolektibo osoa isilaraztea lortu zuen, izua zabalduz»
Altxamenduak zigortutako irakasleen inguruko ikerketa egiten ari den lantaldeko kide da Berruezo, bai eta Militancia y represión liburuaren egile ere, Juan Jose Casanova eta Francisco Javier Emarekin batera.
E. Elizondo
Hezkuntzaren arloa barrutik ezagutu du Reyes Berruezok (Iruñea, 1951), NUPeko irakasle eta arduradun izan baita, urte luzez. Errepresioa sufritu zuten maisu-maistren memoria dauka orain ikerlan.
Gizartea ari da kitatzen maisu-maistra horiekin zuen zorra?
Ari gara, baina kostatu eginen zaigu, handia baita dugun zorra. Argitaratu berri dugun liburuan talde ideologiko zehatz baten berri eman dugu: Fete Irakaskuntzako Langileen Espainiako Federazioarekin lotura zutenena, horiek sufritu zutelako errepresiorik gordinena. Orain maisu-maistra errepublikazaleen memoria lantzen ari gara, eta, lan hori amaitu eta gero, maisu-maistra abertzaleen aurkako errepresioa jorratuko dugu.
Bidea luzea da, beraz.
Bai. Horregatik goaz mantso, bidea luzea delako eta lan anitz badelako egiteko. Frankismoak maisu-maistren aurka egindako garbiketari buruz, 15.000 agiri daude Nafarroako Artxibo Nagusian. Baliabideak, denbora eta jendea behar dira horiek guztiak aztertzeko.
Ari zarete horretan.
Bai, zorra kitatzeko erabateko borondatea dago. Hori egiteko sortu genuen lantalde bat, eta gure asmoa da indar guztia jartzea ahalegin horretan.
Zaila da?
Bai. Nafarroako Gobernuak garbiketa sufritu zuten maisu-maistren aldeko omenaldia antolatu zuen, 2016an, eta plaka batean jaso zituen haien izenak. Plaka horren bidez jaso zuten anitzek maisu-maistra izandako gurasoek sufritutako errepresioaren berri, etxean ez zutelako kontatu.
Isiltasunak zaildu du zuen lana?
Uste genuen ahozko iturrietara jo ahal izanen genuela, baina ez da hori gertatzen ari. Maisu-maistra izandakoen biloben bidez datu bakanen bat lortu dugu, baina, oro har, irakasleon seme-alabek ez dute hitz egin nahi, gurasoen saminaren lekuko izan zirelako. Gurasoak, gainera, isildu egin ziren.
Egoera horrek are garrantzitsuago bilakatzen ditu zuenaren gisako liburuak?
Nik uste dut baietz. Lan gogorra da, neurri batean. Baina agiriek lagundutako kontakizuna egiten du, eta horrek balio erantsia ematen dio. Datuak jartzen ditu mahai gainean..
Zer diote datuek?
Maisu-maistrek garbiketa profesionala jasan zuten, batetik, eta errepresio politikoa, bertzetik. Eskoletan Hezkuntza Batzorde Nagusiak egin zuen garbiketa. Hasierako zigorrak hagitz gogorrak izan ziren, kanporatu baitzituzten. Denborak aurrera egin ahala, zigorrak arinduz joan ziren. Zigor horiek, halere, Feteko afiliatu guztiek jaso zituzten. 123 identifikatu ditugu.
Eta zer gertatu zen eskolatik kanpo?
Feten ziren pertsona batzuek bokazio politiko handia izan zuten, eta, ondorioz, eskolatik kanpo ere aritu ziren. Haietako hemezortzi hil egin zituzten frankistek, altxamendua gertatu eta berehala. Bertze 30 pertsona espetxeratu edo auzipetu zituzten. Errepresioak kolektibo osoa isilarazi nahi izan zuen, eta lortu zuen, izua zabalduz.
Zer ekarpen egin zuen Fetek irakaskuntzan?
Oro har, II. Errepublikaren hezkuntza politikaren alde egin zuten lan. Bi ardatz nagusi zituen: hezkuntzak laikoa behar zuela izan, batetik; eta, bertzetik, kalitatezkoa eta denentzat.
Hori guztia bertan behera utzi zuen altxamenduak.
Bai. Militarrek hezkuntza eredua aldatu baino lehen ere, Nafarroako Diputazioak agindu zuen hezkuntzak katolikoa behar zuela izan. Aldaketa erabatekoa izan zen. II. Errepublikako hezkuntza politikaren arrasto oro ezabatu zuten, eta Feteko kide bakar bat ere ez zen gelditu.
Frankismoaren amaierak zer aldatu zuen?
Garbi erran behar dugu egun berritzailetzat jotzen diren proiektuen araberako metodologia batzuk Feteko maisu-maistrek jada erabili zituztela. Kontua da denbora anitz galdu dugula.