Nafarroako Liburutegiak zabalik du 150. urteurrena ospatzeko erakusketa, ‘Liburu eremua-Eremu librea’ izenburupean. 1870ean sortu zuten, baina 1810ean du jatorria. Azken hamarkadetan, 2011ko toki aldaketa izan da urrats nagusia. Anabel Olaso zuzendariak proiektua garatzen jarraitu nahi du.
Edurne Elizondo
Nafarroako Liburutegiari pandemia garaian egokitu zaio 150. urteurrena ospatzea. Egoera horrek “ilundu” egin du okasiorako prestatutako erakusketa: Liburu eremua-Eremu librea izenburupean antolatu dute, eta hilaren 31ra bitarte ikusi ahal izanen da. “Eskolentzat bisitak antolatzea zen asmoa, herritarrak gurera erakartzea, baina, tamalez, ezin izan dugu egin”.
Nafarroako Liburutegiko zuzendari Anabel Olasorenak dira hitzak. Iaz hartu zuen liburutegi nagusiaren ardura, eta garbi erran du “etsipena” eragin diotela osasun krisiak ekarri dituen ondorioek. “Zabaltzeko eta erabiltzaileengana hurbiltzeko prozesu batean murgilduta ginenean, atzera egin behar izan dugu, eta herritarrengandik urrundu, eta gure lanpostuetan bakartu. San Frantzisko plazako egoitzako lan egiteko moduetara itzuli behar izan dugu ia”.
Nafarroako Liburutegiak 2010. urtean utzi zuen Iruñeko Alde Zaharreko San Frantzisko plaza. Nafarroako Gobernuak 2011ko martxoan inauguratu zuen egun duen egoitza, eta erantzuna eman zion, azkenean, liburutegiko arduradunek eta langileek urte luzez egindako eskaerari, espazioarena ezin gainditu zezaketen muga baitzen Alde Zaharrean. Nafarroako Liburutegia 1972. urtean aldatu zuten Karlos III. etorbidetik San Frantzisko plazara. Sei hilabete iraun zuen liburuak eta agiriak tokiz aldatzeko prozesuak. Azpiegitura modernizatzeko ahalegina egin zuen administrazioak: liburuak eskatzeko fitxak eskuz bete behar zituzten erabiltzaileek, oraindik ere, baina lehendabiziko fotokopiagailuak eta mikrofilmak irakurtzeko tresnak ailegatu ziren liburutegira. 1978rako, baina, liburuzainek San Frantziskon zuten tokia beteta zegoen jada.
Elizari kendutako liburuak
Jose Bonaparteren aginduz Elizari kendutako liburuak izan ziren duela mende eta erdi sortutako Nafarroako Liburutegiaren oinarria, 1810ean. Frantziarren okupazioa amaitu eta gero, liburuak batera eta bertzera barreiatu ziren, eta 1870ean Nafarroako Liburutegia sortu arte ez zituzten toki berean hartu, berriz ere.
Mendebaldea auzoko egungo egoitzak zer ikusteko gutxi du Nafarroako Liburutegiak bete zituen hasierako tokiekin. San Frantzisko plazakoarekin alderatuz ere, nabarmena da oraingo eraikinean aurrera egindako urratsa. 2008tik ari da Olaso Nafarroako Liburutegian lanean, eta onartu du oraingo egoitzara mugitu zirenean geroztik da Nafarroako Liburutegia eta Filmoteka, eraikin berrian aurkitu zituzten toki zabalek “pixka bat beldurtu” zituztela langileak.
Osasun krisiak ekarri duen jokalekura egokitzeko, baina, lagungarri izan zaie espazio zabal hori. “Edukiera murriztu arren, espazioa aprobetxatu ahal izan dugu, ahalik eta erabiltzaile gehien hartzeko”. Liburutegian ez da arazorik distantzia sozialari eusteko. Koronabirusarengatik ezarritako protokoloek, dena den, eragin diote eguneroko jarduerari, ezinbertzean. “Irakurle taldeak, adibidez, bertan behera utzi behar izan ditugu, eta hutsean gelditu zaizkigu, halaber, ekinaldi anitz”, azaldu du Olasok.
Maileguei ere eragin die egungo egoerak: 2019. urtean, adibidez, 107.100 mailegu baino gehiago egin zituen Nafarroako Liburutegiak, eta 2020an, berriz, ia 65.000. Liburuak garbitzeko protokoloak ezarri dituzte, eta, ondorioz, berrogeialdian izan behar dituzte berriz utzi baino lehen.
Oraingo egoerak ekarri du gauza onik ere: horixe nabarmendu nahi izan du zuzendariak, eta aipatu du, batetik, liburutegia “herritarrentzako topagune” bilakatu dela. Bertzalde, liburutegiak edukiak sortzeko duen gaitasuna jarri du erdigunean Nafarroako Liburutegiko buruak. Izan ere, sortu eta mende erdira, liburutegia idatzizko hitzaren gordailu huts bat baino anitzez ere gehiago da: irakurtzeko, ikasteko, ikertzeko, kontsultatzeko, sortzeko eta zabaltzeko gune bat ere bada.
550.000 bolumen
Nafarroako Liburutegiaren funtsa nagusia gordetzen dituen liburuek, argitalpenek eta agiriek osatzen dute: 550.000 baino gehiago dira, denera. Altxor hori zaintzea, erakustea eta erabiltzaileen esku jartzea da erakundeko arduradunen zereginetako bat. Liburutegiko funtsekin batera, filmotekakoak ere gordetzen ditu Mendebaldeko eraikinak. Bertzeak bertze, herritarrek filmotekaren esku utzitako materiala gordetzen dute Antonio Perez Goiena pasealekuko hirugarrenean.
2021aren hasieran, Nafarroako Liburutegiak mende eta erdi bete duenean, Anabel Olaso zuzendariak erakunde horren “marka propioa” indartzea eta “edukiak sortzeko gaitasuna” garatzea hartu ditu helburu nagusi. “Pandemiak uzten digun neurrian, behintzat, ildo horretan lanean jarraitu nahi dugu”, berretsi du zuzendariak.
Datozen asteotarako, adibidez, gizonek bete ohi dituzten arloetan lan egiten duten emakumeen inguruko ziklo bat prestatu du Nafarroako Liburutegiak; otsailaren 15etik martxoaren 8ra izanen da, eta Mari Paz Benito epailea, Itziar Insausti Mujika alpinista eta Alejandra Martinez DYAko kudeatzailea ariko dira. Sareen bidez ere zabalduko dituzte ekinaldiok, garaian garaikora egokituz bete baitu liburutegiak mende eta erdi.
E. Elizondo
Nafarroako Filmotekako programazio arduradun Alberto Cañadak (Iruñea, 1962) Antonio Perez Goiena pasealekuko egoitzako lehen solairuan du bulegoa. Osasun krisiari aurre eginez iritsi da zentroa hamargarren urteurrenera.
Nolakoa izan da 2020. urtea zuentzat?
Martxoaren 13an bertan behera utzi behar izan genuen prest genuen programazioa, eta irailera arte ez ginen martxan jarri berriz ere. Halere, gure ohiko jarduerari eusten saiatu gara; segurtasun protokoloak bete, eta herritarrei helduleku bat eskaini nahi izan diegu. Horretarako, udan, bertzeak bertze, zinemarekin lotutako jarduerak egin genituen, online.
Martxoan hamar urte beteko ditu Nafarroako Filmotekak. Kontent?
Urteotan, lortu dugu publiko fidel bat izatea: batez bertze, 110 ikusle ditugu gure saioetan. Oraingo osasun krisiak edukiera mugatu du, eta berehala betetzen zaigu aretoa. 2011n ez genuen deus, eta egoitza honek aukera eman digu lan handia egiteko. Programazio heterogeneo bat eskaintzea izan dut beti xede; bai eta kalitatezkoa ere. Klasikoek toki nabarmena dute, noski, baina gurea egoitza bizia da, eta bertze herrietan egiten duten zinema ere erakutsi nahi dugu. Hemengoa ere bai: hemen egina, gure herrialdeari buruzkoa… Egile nafar guztiek, noski, zabalik dute gure atea. Lortu dugu anitz egitea, baina zaila dugu bide batzuk jorratzea.
Zer bide berri jorratu nahiko zenuke?
Adibidez, haurrentzako programazio bat; haientzat sortu nahiko nuke eskaintza berezi, pedagogiko eta didaktiko bat, zinemari buruz. Baina gaur egun ditugun mugekin, hagitz zaila da.
Zeintzuk dira muga horiek?
Nafarroako Liburutegiarekin partekatzen dugu egoitza. Astean hirutan egiten ditugu saioak, asteazken, ostegun eta ostiralean, asteburuetan eraikina itxita dagoelako. Udan ere, arratsaldez itxi egiten dute. Egoera horrek mugatzen gaitu.
Eta zein izan daiteke konponbidea?
Nik aspaldiko aldarrikapen bati eutsi nahi diot: filmotekak egoitza propioa izan dezala hiriaren erdigunean. Aldarrikapena ez da bakarrik nirea; erabiltzaile anitzek eskatzen dute, eta etortzen ez diren anitzek ere bai. Azkeneko horiek interesatzen zaizkit, bereziki, horiek gureganatuko genituzkeelako egoitza hiriaren erdigunean izanda.
Autonomia handiagoa nahiko zenuke?
Bai. Egoitza eta kudeaketa propioa izateak aukera emanen liguke gure eskaintza indartzeko eta aberasteko: adibidez, haurrentzako jarduerekin osatuz. Haurrak eskolan dira astegunez, eta oraingo gure egoitza itxita dago larunbatetan. Orain ezin dugu horrelakorik egin, ondorioz.
Hiriaren erdigunean, gainera, zinema aretorik ez da jada.
Ez dago eskaintza zinematografikorik, eta tamalgarria da hori. Filmoteka erdigunera eramanez, beraz, helburu bikoitza lortuko genuke. Ezin dugu ahaztu zinema gurearen gisako areto batean ikusteak balio erantsi bat duela; filmotekaren eginbeharra ez delako film bat erakustea bakarrik, baizik eta lan hori bere testuinguruan jartzea, eztabaida piztea…
Egoitza propio hori lortzeko aukera badela uste duzu?
Oraingoz, zaila dela uste dut nik. Non egin: hori da gako nagusietako bat. Nik, halere, Kultura Zuzendaritza Nagusiko arduradunen mahai gainean utzi dut eskaera. Ez da nire eskaera, herritarrena baizik. Baina garbi dago dirua arazo bat izanen dela; are gehiago oraingo krisi egoeran. Filmotekak lortu du hamar urteotan gero eta jende gehiago erakartzea. Interesa bada; batez ere, hiritik desagertu diren zinema aretoetara joaten zirenen artean.
Gazteen artean ez?
Zailagoa da interes hori piztea. Baina nik uste dut badugula gaitasuna piztea lortzeko. Argi dut zinema komertziala etxean kontsumitzea dela joera, baina garbi dut, halaber, filmotekak bertze zerbait eskainiko duela beti.
E. Elizondo
Hiriburutik kanpo bada herri txikietan bizi diren bizilagun anitz, eta horiek ere behar dute nork lagundu”: mezu hori jaso zuen Nafarroako Diputazioak 1950. urtean, herrialdeko liburutegien sareko arautegia onartzeko testuan. Altsasukoa izan zen Iruñetik at sortu zuten lehendabiziko liburutegia; gaur egun, berriz, Nafarroako Liburutegiarekin batera, bertze 91 zentrok osatzen dute sarea.
Herriz herri zabaldutako liburutegiak beti saiatu dira artatzen dituzten herritarren beharretara egokitzen. Horren adibide da Aurizberrikoa. Azaroan, hain zuzen, sari bat jaso zuen egoitza horrek, pandemia garaian garatutako Liburutegia esparru segurua: Pirinioak zaintzen zaitu #Kultura Segurua izenburuko proiektuagatik. “Kanpainaren helburu nagusia izan da nabarmentzea gurearen gisako zentroek egiazko informazio iturri gisa betetzen duten rola”, azaldu du Mari Mar Agos Aurizberriko liburuzainak.
Bada herri horretako liburutegia nabarmentzen duen bertze proiektu bat, halere: Berragu liburutegi ibiltaria. 2019an sortu zen, ofizialki, Nafarroako Gobernuak liburuzainentzako auto bat erosi eta gero. Ibilgailu hori baliatzen dute liburuak herriz herri banatzeko. Gobernuak oraingo autoa erosi baino lehen ere egin izan dute lan hori Aurizberriko liburuzainek, baina beren borondatez.
Aezkoa, Erroibar, Artzibar, Luzaide, Auritz, Orreaga eta Orotz-Beteluko herritarrak artatzen ditu Aurizberriko liburutegiak: denera, 2.640 biztanle baino gehiago. Inguruko eskolak eta Ibañetako zahar etxea ere hornitzen ditu zentro horrek. Autoz, batetik bertzera joaten da liburutegia.