Denda berri bat ireki dute Tuteran, arduraz kontsumitzera deitzeko

Denda berri bat ireki dute Tuteran, arduraz kontsumitzera deitzeko

Trapuketariek Raimundo Lanas karrikako egoitza itxi dute, eta beste bat zabaldu Miguel Izako 12.ean. Bi pertsona ari dira dendan lanean;  Berriozarren, Burlatan, Lizarran eta Iruñean ere badaude.

Edurne Elizondo

Tokiz aldatu dira Tuterako Emausko Trapuketariak: Raimundo Lanas karrikako egoitza itxi, eta denda berri bat zabaldu dute Miguel Iza kaleko hamabigarrenean. Larunbatean inauguratu zuten. Aurrerantzean, asteartetik ostiralera, goiz eta arratsaldez izanen da zabalik, eta larunbatetan, berriz, goizez. Bigarren eskuko arropa eta zapatak dituzte salgai.

Duela hamar urte luze ailegatu ziren Emausko Trapuketariak Erriberako hiriburua; Raimundo Lanasen, altzariak eta etxetresna elektrikoak saltzen zituzten hasieran, batez ere. Denborak aurrera egin ahala, aldatuz joan zen egoitzara ailegatzen zen materiala, ordea, eta, azkenaldian, ehungaiak ziren jasotzen zituzten gehienak. Aldaketa horrek markatu du fundazioko kideen jarduera. “Horregatik erabaki dugu tokia aldatzea: duguna erakusteko toki aproposago bat behar genuelako”, azaldu du Emausko Trapuketarien fundazioko kide Marta Lacuevak.

Tuterako denda berria hiriko erdigunetik hurbilago dago; bi lagun ari dira han lanean. Emausko Trapuketariek hitzarmen bat dute Erriberako Mankomunitatearekin, eta, horri esker, ehungaiak jasotzeko 34 edukiontzi dituzte eskualdean. 2020. urtean, hain zuzen ere, 142.650 kilo arropa eta zapata jaso dituzte edukiontzi horien bidez.

Bertze zenbait herritan

“Arduraz kontsumitzeko beharra nabarmendu nahi dugu, eta herritarrak deitu ehungaiak berrerabiltzera”, adierazi du Lacuevak. Helburu horrekin jarri dute martxan Tuterako denda, eta xede berarekin ari dira lanean herrialdeko gainerakoetan ere. Iruñean hiru egoitza dituzte Emausko Trapuketariek; Burlatan ere badute denda bat, eta bertze bat Lizarran. “Lizarran, hain zuzen, hamabost pertsona inguruko lantaldea daukagu, inguruko ehungaiak jasotzeko, txukuntzeko eta saltzeko”, azaldu du Lacuevak.

Berriozarren duten egoitzak ematen die aukera trapuketariei beren dendak hornitzeko; jasotako material guztia zentro horretatik pasatzen da berrerabiltzeko eta birziklatzeko. Erriberako Mankomunitatearekin ez ezik, herrialdeko gainerako mankomunitateekin ere akordioa dute trapuketariek. Bi mila tona ehungai baino gehiago jasotzen dituzte denera urtean.

Jasotako horren %70 inguru ailegatzen da Emausko Trapuketarien dendetara. Lehendabizi, gaika sailkatzen dituzte ehungaiak, Berriozarren, eta berrerabiltzeko aproposak ez direnak, gero, garbitzeko zapi eta gisako bilakatzen dituzte; materiala birziklatzeko aukerarik ez baldin bada, berriz, Gongorako zabortegira eramaten dituzte ehungaiak.

Fundazioak 1972. urtean hasi zuen bere bidea Nafarroan. Gaur egun, 270 lagunek osatutako lantaldea du. Irabazi asmorik gabeko erakundea da trapuketariena, eta lehentasuna hartu du bazterketa egoeran dauden edo bazterketa egoeran egoteko arriskua dutenei lanpostu bat ematea.

“Ekonomia sozial eta solidario baten alde egin nahi dugu gure lanaren bidez”, berretsi du Emausko Trapuketarien fundazioko kide Lacuevak. Ingurumenarekin daukaten konpromisoa ere nabarmendu nahi izan du, eta gaineratu du fundazioak “pertsona guztien ongizatea” duela helburu.

 

Datua

8.000

ZENBAT LITRO UR BEHAR DEN GALTZA BAKERO BATERAKO

Emausko Trapuketariek nabarmendu dute ehungintza dela, egun, ingurumena gehien kutsatzen duten industrietako bat. Adibide bat jarri dute: galtza bakero berri bat egiteko 8.000 litro ur behar direla azaldu dute. Egun, zabortegietara ailegatzen diren hondakinen %10-15 dira ehungaiak: hau da, 23 kilo biztanle eta urte bakoitzeko, azken ikerketen arabera.