Jangelarekin batera, proiektu bat kolokan

Jangelarekin batera, proiektu bat kolokan

Leitzako Amazabal institutuko gurasoek salatu dute Hezkuntza Departamentuak jangelako zerbitzua bertan behera utzi nahi duela. Zentro horrek Leitzako eta Araitz, Arano, Areso, Betelu, Goizueta, Larraun eta Lekunberriko ikasleak hartzen ditu.

Edurne Elizondo

Bat egin du Leitzako Amazabal institutuaren inguruko hezkuntza komunitate osoak: jangelako zerbitzuari eutsi nahi diote, eta Nafarroako Gobernuari eskatu diote bazter dezan zerbitzua bertan behera uzteko asmoa. Bat egin dute gurasoek, eskolako arduradunek, bai eta udalek ere. Izan ere, Leitzako ikasleekin batera, Araitz, Arano, Eraso, Betelu, Goizueta, Larraun eta Lekunberrikoak ere hartzen ditu zentroak, eta denen artean garatutako proiektuari eraginen lioke Hezkuntza Departamentuko arduradunen erabakiak.

“Leitzako institutua eskualde zabal batentzat da erreferentziazko zentroa, eta horrek ekarri du ikasle kopuruak gora egitea; batxilergoan, adibidez, eskaintza polita dago, baina jangela kentzen badigute, galdu egin daiteke”. Hori nabarmendu du Nerea Martiarenak. Araizko Udaleko zinegotzia da, baita Leitzako Amazabal institutuko irakaslea ere. Auzia lantzeko sortu duten taldean ere badago. Garbi du zentroan bazkaltzeko aukera galtzen badute, ikasle anitzek bertze nonbaiterako bidea hartuko luketela: “Goizueta eta Aranokoek, Hernani aldera [Gipuzkoa], eta Araizkoek, Tolosaldera [Gipuzkoa]. Larraundik, akaso, Iruñera joanen lirateke batzuk. Horrek guztiak eraginen lioke Leitzako proiektuari”.

Nafarroako Gobernuak aurreko ikasturtean ezagutarazi zien institutuko kideei eta udaletako ordezkariei jangelari eusteko diru laguntza kentzeko asmoa zuela. Leitzatik kanpoko ikasleek DBHko hirugarren eta laugarren mailak eta Batxilergoa egitera jo behar izaten dute Amazabalera, beren herrietan horretarako zentrorik ez dutelako. DBHko ikasleek 14:20 arte dute azkeneko eskola; Batxilergokoek, berriz, 15:15 arte. “DBHko ikasleek tarte hori aprobetxatzen dute bazkaltzeko; gero, elkarrekin itzultzen dira autobusez, nor bere herrira”, azaldu du Martiarenak.

Herrialdean jangelako zerbitzua duen DBHko institutu bakarra da Leitzakoa, eta horregatik erabaki du Nafarroako Gobernuak diru laguntza kentzea. Hau izanen litzateke zerbitzua duten azkeneko ikasturtea. “Salbuespen bat garela diote”, erran du Araizko zinegotziak. Baina Amazabal institutuko gurasoek defendatu dute eskualdearen ezaugarriek bilakatzen dutela berezi eta bakar haien egoera, eta jangelari eusteko exijitu dute, egoera horri aurre egiteko modurik aproposena delakoan.

Ordutegia erdigunean

Halere, gurasoen lehentasuna egungo ordutegiari eustea da. Horrek badu zer ikustekorik jangela zerbitzuarekin, Hezkuntza Departamentuko arduradunen asmoa delako, zerbitzu hori bertan behera uztearekin batera, DBHko eta Batxilergoko ikasleen ordutegiak bateratzea.

“Ordutegiak bateratzeko urrats hori egitea huts nabarmena litzateke pedagogiaren eta haurren osasunaren ikuspuntutik”, nabarmendu du Fran Bravo Lekunberriko gurasoak. Herriko Ibarberri eskolako Guraso Elkarteko kidea da, eta azaldu du gurasoen artean egindako inkestak agerian utzi duela ordutegia bateratzeko aukerarekin kezka handia dutela. Udalek ere osatu dute txosten bat, eta garbi utzi dute haien apustua dela gaur egun dutenari eutsi ahal izatea.

Lekunberriko ikasleen egoera berezia da, zenbait urtez borrokatu behar izan dutelako Leitzako Amazabal beren erreferentziazko institutua izan dadin. Leitza hamazazpi kilometrora dute, eta Iruñea, 35era. Halere, duela gutxira arte, hiriburuko Biurdanara joan behar zuten Lekunberritik, DBHko hirugarren eta laugarren mailak egitera. “Guretzat, atzerapauso bat litzateke Leitzako jangela zerbitzua galtzea, bai eta ordutegiak bateratzea ere”, erran du Fran Bravok.

Udalek egindako txostenaren arabera, Nafarroako Gobernuak nahi duen bezala ordutegiak bateratuz gero, DBHko ikasleek astean 80 minutu gehiago eginen lituzkete gelan; Batxilergokoek, berriz, 120 gutxiago. Autobusez joateko ikasleek “oso goiz” altxatu behar dutela azaldu du Bravok, eta ez du ontzat eman bazkaldu gabe egotea, 16:00 aldera etxera ailegatu arte.

“Oraingo ordutegiarekin, arazoak dituzte eduki guztiak lantzeko; eskola orduak murriztuz gero, are okerragoa izanen da egoera”, erran du Bravok. 8 urteko alaba baten aita da Bravo, baina argi du oraingoa ere badela bere borroka, “etorkizunerako” nahi duten proiektuari eutsi ahal izateko.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko arduradunekin hitz egin nahi dute gurasoek auziaz, baina orain arte ez dute aukerarik izan. “Leitzako Udalak ere eskatu du; guk ere bileran egon nahi dugula esan die gobernukoei, eta erantzunaren zain gara”.

Ordutegia ez aldatzea lehentasun dutela berretsi du Bravok, eta hasi direla udalekin jangelako zerbitzuari eusteko bertzelako bideak aztertzen. Lekunberrikoak guraso guztiak deitu ditu bat egitera, denen artean proiektuari eusteko lan egiteko.