Batzar Nagusiaren oniritzia falta du Bardeako turismo plan berriak

Batzar Nagusiaren oniritzia falta du Bardeako turismo plan berriak

Abenduan argitaratu zuten Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Turistek ordaintzeko aukera jaso dute planean. Ekologistek alegazioak aurkeztu dituzte, eta kontserbaziorako neurriak eskatu

Edurne Elizondo

Azken txanpan da Bardeako turismo plan berria: abenduaren 16an argitaratu zuten Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta, alegazioak aurkezteko epea amaitu eta gero, Bardeako Komunitateko Batzar Nagusiaren oniritzia baino ez du falta. Oraindik ez dute zehaztu batzarrak noiz eginen duen bilera, baina Bardeako Komunitateko idazkari Juan Jose Martinezek azaldu du “udaberria hasi baino lehen” egin nahi dutela.

2018. urtean hasi ziren Bardeako turismo plan berria lantzen, eta 2030. urtera arteko “lan ildo nagusiak” zehaztu nahi izan dituzte agirian. Bertzeak bertze, hiru interpretazio zentro berri egiteko aukera jasotzen du, bai eta turistei sarrera kobratzeko aukera ere. Martinezek azaldu du azken neurri horrek “oihartzun handia” izan duela, baina garbi utzi nahi izan du “erabakirik ez” dutela hartu. “Planak jasotzen du turistek ordaintzeko aukera, baina landu behar dugun asmo bat da. Planak aukera hori jaso behar zuen, ordea, nahi izanez gero gauzatu ahal izateko”, erran du.

Jendaurrean erakutsi eta gero, Erriberako Ekologistak Martxan taldeak egindako alegazioak jaso dituzte Bardeako Komunitatearen planean. Ekologistek plana osatzeko prozesua kritikatu dute, batetik, eta nabarmendu dute herritarren parte hartzea “eskasa” izan dela. Bertzetik, salatu dute turismo planak ez dituela kontuan hartu Bardea “espazio berezi” bilakatzen duten ezaugarriak. “Natur parke bat da, Natura 2000 Sarean dagoen Kontserbazio Berezirako Eremu bat; kontserbazioaren inguruko neurririk, ordea, ez da jasotzen; kontserbazioa ez dute kontuan hartu”, azaldu dute Ekologistak Martxan taldeko kideek.

Hitzez harago

Oro har, Bardean bultzatu nahi den “turismo eredua” kritikatu du Erriberako Ekologistak Martxan-ek, esparru horretako enpresei egin nahi dielako mesede, Bardeak dituen “kontserbazio beharrak” aintzat hartu gabe. “Planean behin eta berriz agertzen dira jasangarri eta ekoturismo-ren gisako hitzak, baina ez du hitz horien esanahiarekin bat egiten”, ohartarazi dute ekologistek.

Oroitu dute, gainera, indarrean dagoen Natura Baliabideak Antolatzeko Plana 1998. urtekoa dela, eta “tamalgarritzat” jo dute berritu ez izana, turismo plana prestatu baino lehen. “1998an, bost urterako onartu zutela erran zuen Bardeako Komunitateak berak, baina ez dute urratsik egin”.

Ekologistek azaldu dute giza jarduerek “gora” egin dutela Bardean: “Turismoaren esparruan, gero eta jende gehiagok bisitatzen du, eta turismoarekin lotutako jarduera gero eta gehiago dago”. Abeltzaintzarekin eta ehizarekin lotutako jarduerak ere egiten direla erantsi dute, eta horiek guztiek eragiten dietela Bardeari, eta han bizi diren espezie guztiei.

Bardeako tiro eremua ere aipatu dute Ekologistak Martxan-eko kideek, eta salatu dute, hain zuzen, Bardeako Komunitateak egindako turismo planak ez duela “ia deus” erraten azpiegitura horri buruz. Gogorarazi dute 2015. urtean turista bat zauritu zutela.

 

“Enegarren” ariketa militarrak salatu dituzte

Pandemiak ere ez ditu geldiarazi Bardeako tiro eremuko maniobra militarrak: Espainiako armadak berriz egin zituen joan den astean, Tiro Eremuaren Aurkako Batzarrak salatu duenez. Batzarrak nabarmendu du Bardeakoa natur parke bat ez ezik, biosferaren erreserba ere badela, eta “kontrajarritzat” jo dute gune berean tiro eremu bat egotea. “Bertan behera” uzteko eskatu dute.

Bardea Libre plataformako kideek ere salatu dituzte han egin berri dituzten maniobra militarrak: “Herritarrok oinez ere ezin gara sartu zenbait tokitan, otsailetik abuztura bitarte, hegaztien habiak babesteko; maniobra militarrak egiten dituzte, ordea, inolako arazorik gabe”, salatu du plataformak. “Bitxia da Bardeako agintariek uste izatea maniobrak ingurumenaren babesarekin uztartzen ahal direla”, erantsi du.