Manifestazio bat egin du Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren Lagunen Elkarteak, Iruñean; umeak ezin izanen dira etorri udan, bigarrenez.
Edurne Elizondo
SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren Lagunen Nafarroako Elkarteak manifestazioa egin zuen asteburuan, Iruñean, Marokoren okupazioa salatzeko, eta Aljeriako kanpalekuetan bizi diren sahararrei babesa eta elkartasuna agertzeko. Baluarten hasi eta Gazteluko plazan amaitu zen igandeko protesta. SEADen 45. urteurrena oroitu nahi izan zuten parte hartzaileek.
Haietako bat izan zen Txaro Pardo, SEADen Lagunen Nafarroako Elkarteko kidea. Nabarmendu du azaroan piztutako gerrak eragin duela egoerak okerrera egitea, eta gertatzen ari diren giza eskubideen urratzeak salatu ditu. “Horren aurrean, nazioarteko komunitatea isilik gelditu da; iazko uztailetik, ezein gobernuz kanpoko erakundek ez du izan aukera kanpalekuetan sartzeko”, erantsi du Pardok.
Koronabirusaren pandemiak ere eragin die kanpalekuetan bizi diren sahararren alde Iruñetik garatzen dituzten programei. “Iaz, adibidez, urte oro bidaltzen ditugun botikak ezin izan genituen bidali”, erran du Pardok. Aurten aukera izanen dute. Iruñetik, gainera, hainbat eragilek bildutako elikagaiak bidali dituzte, asteon, Aljeriako kanpalekuetarantz.
Oporrik ez
Oporrak Bakean programa, baina, bigarrenez utzi behar izan dute aurten bertan behera, pandemiagatik. “Tristura” erakutsi du Pardok, bai eta ANAS elkarteko kideek ere. Elkarte horretako kideek antolatzen dituzte sahararren Nafarroako oporrak, urte oro. 1998an etorri ziren umeak lehenengoz, basamortuko uda bi hilabetez atzean uzteko asmoz.
“Harreman estua sortzen da hemengo eta hango familien artean. Okupazioak ukatzen diena ezagutzeko aukera dute haurrek, eta haiek dira, gainera, saharar herriaren ordezkaririk onenak”, erran du Pardok.
2019an, ia ehun haur eta nerabe etorri ziren kanpalekuetatik Nafarroara, uda herrialdean pasatzera. Joan den urtean ez zuten aukerarik izan, eta aurten ere ez dute izanen.