Nafarroako Osasun Plataformak elkarretaratzea egin du, oinarrizko arreta sendotzeko eskatzeko. Plataformak martxoko asteazkenetarako deitu ditu herritarrak protestara, urrian egin bezala, osasun etxeentzat baliabideak exijitzeko, eta «krisiaren aitzakiarekin» hartutako zenbait neurri salatzeko.
Edurne Elizondo
Nafarroako Osasun Plataforma 2010. urtean sortu zuten, orduko UPNren Nafarroako Gobernuak egindako murrizketek gaixotutako osasun sistema publikoa suspertzeko; ahalegin horretan segitzen du taldeak, hamar urte luze joan eta gero. Diagnostikoa zehaztea lortu du: Osasunbideak oinarrizko arreta du ahul; eraikin osoari eusten dion zimendua du jota.
Koronabirusak eragindako osasun krisiarekin bat egin duen oraingo makalaldiari aurre egiteko, plataformak protestara deitu zituen herritarrak, joan den urriko asteazkenetan; gaixoak ez du hobera egin, ordea, eta martxoan ere karrikara deitu ditu taldeak osasun etxeetako erabiltzaileak. Asteazkenean egin zuten, herriz herri, lehendabiziko elkarretaratzea.
Begoña Ordoki eta Begoña San Julian Lesakako osasun etxeko erabiltzaileak dira, eta urriko elkarretaratzeetan parte hartu zuten, bertze herritar anitzekin batera; martxoan ere, karrikara ateratzeko prest dira herriko zentroa babesteko. Osasun etxea zaintzeko konpromiso bera erakutsi dute osasun etxeko langileek ere. Nafarroako Osasun Plataformak Lesakan antolatutako mahai inguruan hartu dute hitza, eta oinarrizko arretaren garrantzia nabarmendu dute.
Baliabiderik ezak zer ondorio duen ederki dakite herriko egoitzan ari diren osasun langileek. Eraikin berean egiten dute bat Lesakako osasun etxeak eta Bortzirietakoak, eskualdeko herritarrak Lesakan artatzen baitituzte larrialdietan eta zenbait programa berezitan. Koronabirusak ekarri duen osasun krisiak eztanda egin eta gero, Bortzirietako osasun etxeko buru Ruth Gonzalez medikuak jendaurrean ohartarazi zuen egoeraren larritasunaz, joan den urriko protesten ildotik: langileak falta zituztela salatu zuen, orduan, eta, orain ere, zer hobetu badela garbi du.
Bortzirietan pandemiaren lehen olatuari iskin egitea lortu zuten; bigarrenak, baina, esparrurik ahulenean jo zuen eskualdea: Berako eta Lesakako zahar etxeetan sartu zen koronabirusa. Egoerak hobera egin du orain, baina agerian jarraitzen dute lehendik zeuden gabeziek.
Medikuak falta dira
Urrian zenbait lanpostu bete gabe zituzten Bortzirietan, langileek salatu zutenez; hutsune horietako zenbait betetzea lortu dute, baina ez denak. “Falta zen Lesakako mediku lanpostua bete dute, baina ez lanaldi osorako; larrialdietako mediku lanpostua bete da, eta hutsik zegoen Berako administrari postua ere bai; baina lanaldi erdiz Arantzan eta Lesakan aritzeko eskatu den administrari postua, berriz, ez. Onartzeko zain gaude. Beran pediatra ere falta da, oraindik ere; eta errehabilitaziorako medikua hilabetean behin baino ez da etortzen”, azaldu du Gonzalezek.
Urtebetez egon da errehabilitaziorako sendagilea Bortzirietako gaixoak artatu gabe, eta, ondorioz, une honetan 80 herritar daude itxaron zerrendan. Lesakako egoitzatik eskualde osorako egiten ziren programa anitz ere bertan behera utzi zituzten pandemiak eragindako osasun krisia lehertu zenean, eta oraindik ez dute lortu berriz ere martxan jartzea.
Lesakako erizainen buru da Elixabet Elizalde. Erretzeari uzteko edo elikaduraren inguruan osasun etxetik sustatutako programak hutsean gelditu izanak “komunitatean” duen eragina nabarmendu nahi izan du. Bat egin dute erizainarekin Nafarroako Osasun Plataformako ordezkari David Mendazak eta Arantzan eta Igantzin mediku aritutako Gabriel Txoperenak ere. Are gehiago, agerian utzi dute zerbitzuek, eta, zehazki, osasun etxeak duten garrantzia landa eremuko herriek aurrera egin dezaten. Ez hori bakarrik: oinarrizko arretan egiten den lanak osasun sistema osoari on egiten diola nabarmendu dute. “Osasunaren esparruko heziketa eta prebentzioa jorratzeko aukera ematen duelako”.
Hori egiteko, baina, baliabideak behar dira; funtsean, dirua eta profesionalak. Bai eta egonkortasuna ere, profesional horientzat. “Medikuak erabiltzaileak ezagutu behar ditu, eta nekez lor dezake hori lanpostu batetik bestera salto egiten badu”, erran du txoperenak. Baliabideak gaur egun oraindik ere eskasak direla salatu du, berriz, Mendazak. “Arazo orokorra da oinarrizko arretan”.
Aurrekontuaren %14
Datu bat jarri du David Mendazak erdigunean, egoeraren adibide: “Osasun Departamentuaren aurrekontu osoaren %14 bideratu du Nafarroako Gobernuak oinarrizko arretarentzat; Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, %22 beharko luke, gutxienez”. Urriko protesten ildotik nabarmendu zuen bertze datu bat ere oroitu nahi izan du: “Martxotik 670 langile berri daude Osasunbidean, baina haietako 31 baino ez dira ari oinarrizko arretan”.
Pandemiak “are ageriago” utzi ditu “oinarrizko arreta kudeatzeko” arazoak, Mendazaren hitzetan; osasun krisiaren “aitzakian”, gainera, “zerbitzuaren kalitateari” eragiten dioten zenbait neurri jarri ditu Nafarroako Gobernuak martxan, eta, ondorioz, “egoerak okerrera” egin du. “Pandemia aprobetxatuz ezarri dute telefono bidezko arreta; UPNren garaian mahai gainean jarritako eredu bat da, eta oraingo krisia baliatu dute ezartzeko; ez dute atzera egiteko asmorik”, ohartarazi du Mendazak.
Telefono bidezko arreta “hagitz arriskutsua” dela nabarmendu du Gabriel Txoperena medikuak, hain zuzen ere. Ruth Gonzalezek eta Elixabet Elizaldek ere “kontuz” ibiltzeko beharra nabarmendu dute. Osasun etxeko erabiltzaileekin “artatu aurretik” telefonoz hitz egiteko aukera, halere, ontzat eman dute. “Bakoitzak behar duen denbora zehazteko balio digu; hobeki antolatzeko, alegia, zer behar duten galdetzen baitiegu”, erran du Gonzalezek. Administrariak trebatzeko beharra nabarmendu du, halere.
Erantzunaren zain
Medikuak gaixoa ikusteko eta aztertzeko beharra duela berretsi du Txoperenak, eta “hanka sartzeko arriskua handia” dela telefono bidezko diagnostiko bat egiten denean. Lesakako osasun etxeko erabiltzaile Begoña San Julianek, berriz, neurri horren bertze alderdi bat utzi nahi izan du agerian: “Osasun etxera deitzen dugunean, administrariak hartzen du deia. Ama arta dezaten deitzen ohi dut nik, baina zergatik eman behar diot administrariari amak duenaren berri?”.
Oraingo egoeraren ondorioetako bat da hori: administrariek egin behar dute lehen triajea. Langileok ere agertu dute horri buruzko kexa. Lesakako mahai inguruan garbi erran du Iruñeko Sanduzelaiko osasun etxeko administrari eta Nafarroako Osasun Plataformako kide Marisol Saiz-Ajak: “Guk ez dugu ez dagokigun lan hori egin nahi”.
Nafarroako Gobernuak oinarrizko arretan sortu diren arazoei noiz erantzun zain dira Nafarroako Osasun Plataformako kideak. “2020. urte amaierarako agindu zuten ekintza plana oraindik ez dute martxan jarri”, erran du Mendazak. Etor daitekeenari buruz ez da hagitz baikor, eta Lesakako alkate Ladis Satrustegik ere badu kezka. “Osasun zuzendari nagusi Carlos Ortuondorekin egindako bileran garbi erran zigun telefono bidezko arretari eutsi nahi diotela, adibidez”, erran du. Osasun etxeak babesteko deia berretsi du plataformak.
ZENBAIT DATU
439 ZENBATEK ERANTZUN DUTEN INKESTA Nafarroako Osasun Plataformak inkesta bat egin die oinarrizko arretako profesionalei. 439k erantzun dute: hau da, guztien %25k. Arlo guztietako langileak dira: mediku, erizain, administrari eta abar.
%79 ZENBATEK NAHI DUTEN LANTALDEA HANDITZEA Inkesta erantzun dutenen %79k uste dute osasun etxee- tako lantaldeak handitzeko beharra dagoela. Kontratu anitz behin-behinekoak izatea ere ikusi dute arazotzat. Landa eremuan are nabarmenagoa da: langileak ez dira gelditzen, eta, herri batean, urte bakar batean, zenbait mediku izan ditzake erabiltzaile batek.
%75 ZENBATEK NAHI DUTEN PSIKOLOGOA ZENTROAN Osasun etxeetako profesionalen %75ek uste dute zentro horietan eskaini behar dela arreta psikologikoa. Fisioterapia eta errehabilitazio zerbitzuak ere nork bere osasun etxean jasotzeko beharra nabarmendu dute inkesta bete duten profesional gehienek: %78k, zehazki.
%78 ZENBATEK NABARMENDU DUTEN PREBENTZIOA Profesional gehienek uste dute osasun etxeek funtsezko rola bete dezaketela preben tzioaren arloan. %78k uste dute zentroek sustatu behar dutela erabiltzaileen osasuna. Baliabideak eskatu dituzte.
E. Elizondo
Oinarrizko arretaren egoera ez da Nafarroako Osasun Plataformako kideen agendan dagoen auzi bakarra: osasun sistema “%100 publiko” baten aldeko elkarretaratzera ere deitu dituzte iruindarrak. Joan den larunbatean egin zuten elkarretaratzea, hiriburuko Merindadeen plazan, Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzaren egoitzaren aurrean.
Osasun sistema “publiko eta unibertsal” baten aldeko aldarria berresteko beharra sumatu du Nafarroako Osasun Plataformak. Zenbait datu jarri ditu mahai gainean, behar hori azaltzeko: koronabirusak eragindako pandemiaren lehendabiziko olatuan, adibidez, Nafarroako Gobernuak 2,9 milioi euro bideratu zituen itunpeko osasun zentro pribatuetara, COVID-19ak jotako gaixoak artatzeko. Plataformako kideek nabarmendu dute, halere, arazoa ez dela pandemiagatik sortu, eta horregatik jo dute “larriagotzat”. Plataformako kideentzat “hagitz kezkagarria” da Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko agintarien jarrera: “Arazoa ez da oraingoa; urteak eman dituzte baliabide publikoak sektore pribatura bideratzen, eta, ondorioz, sistema publikoa ahultzen”.
“Tarifa finkoa”
Nafarroako Gobernuak Nafarroako Unibertsitatea Klinikarekin eta San Miguel Klinikarekin hitzartu ditu prezioak: 4.908 euro, gela arrunt bateko ospitaleratzeagatik; eta 40.978 euro, berriz, ZIU Zainketa Intentsiboetako Unitatean ospitaleratzeagatik. Osasun Departamentuak zehaztu du “tarifa finkoa” dela. Santos Indurain Osasun kontseilariaren hitzetan, gainera, zentro pribatuekin hitzartzea “merkeagoa” da.
Indurainen adierazpenek plataformako kideen haserrea eragin dute. “Kontuen Ganberak garbi utzi zuen bere txosten batean osasun zerbitzuak hitzartzea garestiagoa zela, zuzenean eskaintzea baino”.
Osasun publikoaren aldeko “benetako apustua” eskatu dio plataformak Nafarroako Gobernuari. Gobernutik “goraipatzen” duten arlo pribatuaren eta publikoaren arteko “elkarlanak” pribatuari egiten diola mesede erantsi dute erakunde horretako kideek.