Maialen Belarra
Ongi ezagutzen du D eredua Richard Weyndling kazetari eskoziarrak (Glasgow, 1961), baita PAI Ingelesez Ikasteko Programa ere. Bi seme ditu, 11 eta 16 urtekoak, eta biek D ereduan ikasten dute. Bi hamarkadaz ingeleseko irakasle izan zen, eta bertze hainbertze daramatza Iruñean bizitzen. Nafarroan ere ingeleseko irakasleen irakasle izana da Nafarroako Gobernuarentzat. Garbi du gaur egun euskarazko eredua dela hezkuntzan eskaintzarik egokiena.
Zergatik aukeratu zenuen D eredua?
Opari bat iruditu zitzaidalako hizkuntza bat dohainik ikastea. Lehen semea eskolan hasi zenean ez genekien ezer euskaraz, baina ez genuen dudarik izan; esperientziak erakutsi digu gure hautua ezin hobea izan dela. Gainera, seme zaharrena euskalduna izatea nire akuilua izan da, euskaraz ikasteko. Haren bidez sentimendu polit bat sortu zitzaidan euskararen alde, eta ikasteko beharra izan nuen. Euskarazko ereduaren bertze alde on bat da hori; guraso ez-euskaldunak euskarara hurbiltzen baitira.
Zuk ingelesez egin diezu betidanik, eta amak, gazteleraz.
Nire ustez, garrantzitsua da pertsona batek jakitea hizkuntza bakoitza zein momentutan erabili behar duen. Nirekin ingelesa ez den hizkuntza batean hitz egiten badute, ez dira hain eroso sentitzen, ez daudelako ohituta. Lagunekin euskaraz ari badira, eta ni hurbiltzen banaiz, euskaraz egiten didate, baina normalean ingelesez. Polita da zure seme-alabak hizkuntza bakoitzean hain ongi moldatzen direla ikustea.
D ereduan ikasteak kalterik eragin die etxeko hizkuntzei?
Ez, alderantziz izan da. Txikitatik elebiduna baldin bazara, errazagoa da bertze hizkuntza bat edo batzuk ikastea, garuna prestatuago daukazulako. Aberastu egin ditu, ez kaltetu.
Familia erdaldun askok B eredua aukeratzen dute, gaztelerak kalteak jasoko dituen beldur. Hala da?
Ezta gutxiago ere. D ereduan lortzen den gaztelera maila B ereduko bera edo hobea izaten da, eta, euskarari dagokionez, askoz maila altuagoa lortzen dute D ereduan. Murgiltze eredua da gakoa, eta hori D ereduak soilik bermatzen du.
Merezi du ingelesa 4 urterekin ikasten hastea?
Nire ustez, ez da beharrezkoa. Ez balego ingelesarekin orain dagoen obsesioa, bertze herrialde batzuetako eredua ikusiko genuke. Herbehereetan eta Belgikan, esaterako, ingelesa 9 edo 10 urterekin sartzen dute hezkuntzan, eta 13 urterekin ikasle gehienak lasai hitz egiteko gai izaten dira. Gainera, ez dago frogatuta hain txikitatik ingelesa ikasita 12 urterekin maila hobea izango dutenik, ez delako murgiltze eredu bat.
Batzuen arabera, euskara ez da hizkuntza funtzionala, eta ingelesa da jakin behar dena. Zure lehen hizkuntza ingelesa izanik, zer uste duzu?
Ezin da ukatu ingelesa hizkuntza erabilgarria izan daitekeela lanerako, bidaiatzeko, eta abar; baina balio handiegia ematen diogu. Niretzat, esaterako, hemen euskara jakitea ezinbertzekoa da, horrela lagun batzuekin euskaraz hitz egin dezakedalako. Hemen inorekin ez naiz ingelesez komunikatzen; ez dut behar. Lanerako ere euskara garrantzitsua da. Ezin da ahaztu non bizi garen.
Zergatik dago ingelesarekin itsutasun hori orduan?
Ingelesa arma politiko bat bilakatu da Nafarroako politikari askorentzat, hori da gakoa. Ezin dugu hizkuntzen irakaskuntza asmo politikoetarako erabili; kontu teknikoa da. Funtzionatzen duten ereduak hartu behar dira, eta haien aholkuak entzun. Baina ezin dugu hizkuntza erabili arma politiko moduan, bertze hizkuntza batzuei min egiteko, euskararekin egin duten moduan.
British, TIL eta PAI programek bermatzen dute murgiltzea?
Ez, horietako bakar bat ere ez da murgiltze eredua. Ez da erreala ingelesean oinarritutako eredu elebidun bat hemen; demagogia da hori, engainu hutsa. Agian eskolaren batean berma daiteke benetako murgiltzea, irakasleak jatorrikoak baldin badira, eta prestakuntza baldin badago, baina ez Nafarroako hezkuntza sistema osoan; eta gutxiago dena batera. Hori egin dute PAIrekin orain, eta begira ondorioak.
Ez da inolako planifikaziorik egin gainera.
Prestakuntzarik gabeko programa da, ez dago metodologia garaturik, ez dago helburu argirik, ez dago eredu bateraturik zentro guztientzat… Desastre hutsa da. Materiala ere irakasleek atera behar izan dute, eta funtzionatu badu, irakasleen lanari esker funtzionatu du. Askotan, ikastetxearen nahiaren aurka ezarri dute programa hori, eta egindako ebaluazioak ere ez dituzte publikatu.
Guraso asko, halere, programa horren alde daude oraindik.
Ez dute errealitatea den moduan ikusten. Ikasle ugari daude, eta, normala denez, batzuek azkarrago ikasten dituzte hizkuntzak bertzeek baino, baina PAIk hutsune asko ditu. Bigarren Hezkuntzan ez dago jarraipenik, eta, beraz, ikasle horiek lortutako gehiena gal dezakete. Gainera, ikastetxe batzuetan, DBHn hoberen doazen ikasleak aukeratu, eta horiekin ordu gehiago lantzen dituzte ingelesez; horrek sekulako lehiakortasuna sortzen du, eta ikasleen artean sailkapena egiten du. Eta, halere, gehienek ez dute beharrezko maila lortzen.
Ratioak igo izanak eragin du ikasketa prozesu horretan?
Zuzenean. Ingelesa komunikazio hizkuntza gisa erabiltzeko, ratioak jaitsi egin behar dira, eta gobernuak, murrizketen ondorioz, igo egin zituen. Ikasle mordoa gela berean sartuz ez da emaitza onik lortuko. Eta aldi berean PAI aplikatu zuten gainera. Ezin da miraririk egin hezkuntzan.
Behin erran zenuen ingelesa ikasteko eredurik hoberena D eredua dela.
Argi dago pertsona elebidun batek aukera gehiago izango dituela bertze hizkuntza bat ikasteko. Nire semeak horren adibide garbia dira. Egungo sistemaren barruan, eredu hoberena iruditzen zait ingelesa bermatzeko.
Gizarteak linguistikoki irekiago egon behar du?
Bai, oso garrantzitsua da hori, baina itxita dago erabat. Espainiako Estatuan gaztelera da erregea, eta gainerakoak gutxiestera jotzen da gehienetan. Euskara, galiziera, katalana eta abar ez dituzte ikusi ere egin nahi. Esaterako, telebistan zerbait katalanez azaltzen bada, bikoiztu egiten dute; ez dauka zentzurik. Denek uler dezakete katalana.
Nola atera gaitezke egoera honetatik?
Nire ustez, Nafarroako Gobernuak gai hori eremu politikotik atera behar du, eta teknikoan sartu. Niri gustatuko litzaidake nazioarteko debate tekniko bat egitea hemen; Europa osoko aditu akademikoekin. Aurkez dezatela PAI eredua haren sustatzaileek, ea zer iritzi dagoen Europan halako programa bati buruz. Gauza bera D ereduarekin ere. Era berean, ea haiek zer egiten duten, zein metodologia erabiltzen dituzten… Gurasoek argumentu objektiboak izan behar dituzte, eta ez argudio politiko soilak. Nafarroako iritzi publikoak jakin dezala zer altxor daukan hemen: D eredua, alegia.