Olatz Azpirotz Larzabal
Asteko egun bakoitzari funtzio bat dagokio: astelehenak errealitatea zein mingotsa den erakusten digu, asteartea gu eta astebururako desiren artean dagoen oztopoa da, asteazkena astegunetako ekuatore konformista da, eta horrela jarraikiz bihurtzen ditugu funtzional asteko zazpi egunak.
Ostirala, ordea, gu bezain gozoa eta gupidagabea da. Ostirala da larunbat eta igandeari, zehazki esparru sozialari, hasiera ematen diona.
Ostiral eguerdiko kafesnea hartzen ari garela, asteburuan ikusiko eta gurekin harremantzeko aukera izanen duten pertsonen zerrenda mentalki pentsatzen hasten gara. Zerrenda osatzen. Bat baino gehiago izateko beharrean ikusten duzu zeure burua, bestela zer gertakari kontatuko duzu lanean edo klasean ozenki? Ordea, lau pertsonatik gora izanez gero, besteen iritziz asteburua ez-produktiboa izanen da eta euren epaiak izanen du zuk kontatutakoak baino pisu handiagoa. Hortaz, batetik laura bitarteko izen zerrenda egitea komenigarria da.
Hala ere, aurretik aipatu bezala, ostirala batzuetan gozoa izanen da, eta zerrenda aurretik finkatua izanen dugu. Bestetan, ordea, gu bezain gupidagabea izanen da, eta aste horretan izenik ez daukagula bortizki ulertaraziko digu. Bigarren hau askotan gertatzen zaigu eta askotarikoak dira arrazoiak: beste pertsonekin egoteko gogorik eza, zuk zure buruari proposatutako planak lehenestea, etxean geratzeko gogoak edukitzea eta abar. Inork ez digu hori esaten, baina zerrendatutako horiek guztiak eta zerrendatik kanpo geratu diren beste guztiak ere zilegiak dira.
Ordea, batzuetan gure nahien eta beharren aurka jokatzen dute harremanek: askotan ez dugu inor izanen. Kasu horietan, gure bizitzatik aldendu edo ziztu bizian ospa egin dutenez oroitzen gara, baina baita guk bortizki bota genituenez ere. Errudun sentitzen gara. Eztabaida hura madarikatzen dugu, barkamena ematea hain zaila ez zela sinetsarazten diogu gure kontzientziari. Era batera edo bestera errua ezartzen diogu geure buruari. Errudun bihurtzen dugu gure izana eta, gehienetan, hori da zilegi ez dena.
Asteko egun bakoitzari funtzio bat ezarri eta hura aldagaitz bihurtzeko gaitasuna daukagu, eta horregatik, segur aski, harremanak ere aldagaitzak direla sinetsi dugu. Baina ez. Harremanak aldatzen, garatzen, hasten eta gehienetan amaitzen dira. Harreman bakoitzak bere ibilbide propioa dauka: batzuek bukaera izanen dute eta beste batzuek ez dute amaierarik izanen. Ordea, ez gara amaiera horien errudun, ez dago inolako errudunik.
Horregatik uler eta ikas dezagun ezer gutxi dagoela aldagaitza gaur egun, finkotasuna ez dela gure egunerokoan finkatu behar, harreman bakoitzak bere ibilbidea eta garapena daukala eta bukaera izatekotan errudunik ez dagoela. Ibilbideak gozoak eta gupidagabeak izan daitezke, asteko egunak bezala eta errudun bihurtutako errugabeok bezala.