Disko berria kaleratu du Ibil Bedi musika taldeak: ‘Beltxarga beltza’. Senosiainek azaldu duenez, «askatasunez» ondu dute lana, eta irrikan dira kantuak aurkezteko. Bihar ekingo diote kontzertu birari, Iruñean.
Uxue Rey Gorraiz
Agertoki gainera igotzeko gogoa disimulatu ezinik da Areta Senosiain biolin jotzailea (Iruñea, 1998). Otsailaren 26an kaleratu zuen bigarren diskoa Ibil Bediko taldekideekin: Beltxarga beltza. Lana aurkezteko, kontzertu bikoitza eskainiko dute bihar, 17:00etan eta 19:00etan, Iruñeko Katakraken.
Orain dela bi aste kaleratu zenuten disko berria. Zer moduzkoak izan dira azken egunak?
Oso erritmo biziko asteak izan dira, eta ia ez dugu astirik izan gauzak asimilatzeko. Aurrerapen kantuak atera genituenean iruditu zitzaigun oso luze egingo zitzaigula itxaronaldia, eta, ohartzerako, ailegatu da kontzertua emateko eguna.
Kontzerturako sarrerak ziztuan bukatu ziren; 24 orduan. Ondotik, bigarren kontzertua iragarri, eta bi orduan amaitu ziren horiek ere. Aurreikusia zenuten?
Egia esan, espero genuen lehenengo kontzerturako sarrerak bukatzea, baina ez hain azkar, inola ere. Imajinatzen genuen astebetean edo amaituko zirela. Gainera, izugarria izan zen ikustea sarrera erosi zutenen artean inor gutxi ezagutzen genuela. Hasiberriak ginenean, normala denez, familiakoek eta hurbileko lagunek betetzen zituzten aretoak. Oraingoan, berriz, askotariko jendea izanen dugu parez pare.
Nolako kontzertua izango dela espero duzu?
Ziur nago oso ongi aterako dela, atzean lan handia dagoelako. Dena dela, aldi berean, kontziente naiz kantu berriak direla, tentsio handia sentituko dugula… eta, gainera, ez zait inporta hau onartzea: oso urduri nago. Asko arriskatzea dakarten zenbait gauza egingo ditugu kontzertuan.
Zergatik egin duzue arriskuaren aldeko apustua?
Balantza batean jarri ditugu, batetik, ilusioa eta egitea gustatzen zaigun hori, eta, bestetik, segurtasun osoz jotzea; lehenbizikoaren alde egin dugu. Emozioa lehenetsi nahi dugu. Badakigu horrek arrisku handia dakarrela, izan zitekeela katastrofikoa, baina hori ez da gertatuko. Oso kontzertu berezia izango da.
2019an kaleratu zenuten lehen diskoa, Berandu baina garaiz. Zer alde dago orduko eta gaur egungo Ibil Bediren artean?
Sekulakoa. Bi talde desberdin balira bezala deskribatuko bagenitu, esango nizuke 2019ko talde horretan ziren kideek elkar ezagutzen zutela indibidualki, baina ez talde gisa. Ordutik, garatu egin gara, eta ez pertsonalki bakarrik. Askoz hobeki ezagutzen dugu elkar, guztiek dakigu zein diren besteen mugak, lan egiteko moduak eta indarguneak, adibidez. Azken batean, bizikidetza aldetik lanketa nabarmena izan dugu; izan ere, jakin behar da harremana zaintzen, ez baita erraza. Nik beti esaten diet nire hurbilekoei: Ibil Bedirekin dudana denok ezagutzen ditugun beste edozein harreman erromantikoren parekoa da, eta hau, gainera, bost pertsonak osatzen dugu.
Elkar hobeki ezagutzeak izan du eraginik musikalki?
Bai, teknikoki ere askoz gehiago dakigulako besteez. Uste dut soinu komun bat lortu dugula. Lehen ez bezala, orain ez da dena azaldu beharrik. Ez diot zertan azaldu zergatik egiten dudan zer, ez da beharrezkoa hain esplizitua izatea horretan. Hitzik gabe ere ulertzen dugu elkar.
Nolakoa izan da Beltxarga beltza ontzeko prozesua?
Denbora izan dugu diskoa sakonki lantzeko, Ibai Osinagaren etxean grabatu dugulako, batik bat. Bestalde, edozein kantu grabatu ondoren, iragan dira hilabeteak, abestiak heltzen utzi ditugu, gauzak aldatu… Askatasuna izan dugu, eta esperimentatzeko aukera eman digu horrek. Izan ere, ez dugu lotsarik izan gauzak nahi adina errepikatzeko. Horrek, jakina, badu bere arriskua.
Zer gerta daiteke, bada?
Urteak eta urteak eman genitzake diskoa grabatzen, inoiz bukatutzat eman gabe. Oso erraza da estudioan motibatzea, eta jakin behar da noiz kendu. Esaten da konpositore batentzat garrantzitsuagoa dela borragoma arkatza baino.
Arkatzaren eta borragomaren arteko lehia horren ondotik, zein izan da emaitza, azkenean?
Batzuek esan digute aldendu egin garela gure berezko estilotik, baina nik ez dut uste hala gertatu denik. Erdigunea ez dugu galdu, baina ertzetara joan gara.
Pandemiak guztiz baldintzatutako urtean sortu duzue diskoa. Inoiz sentitu zarete sortzeko presiopean?
Egia da konfinamenduan bistakoa izan zela sortzeko histeria moduko bat. Sare sozialetan oso agerikoa zen. Hasieran guk ere pentsatu genuen horrelakorik; hau da, sortzeko aprobetxatu litekeela denbora hori. Egin genituen gauza solteak, baina, azkenean, konfinamendutik ateratzen hasi ginenean ekin genion kantuak egiteari. Aurretik ere bagenuen lan hori 2020an egiteko asmoa.
Cuarto Tempeliko kide ere bazara. Taldeak non du abiapuntua?
Kontserbatorioan hasi zen dena, Zaragozan [Espainia], 2018an. Oso pozik nago. Musika klasikoaren munduan, beste toki askotan bezala, zaila da talde bat aurkitzea non aukera duzun egiak aurpegira esateko, minik eman gabe. Gurean posible da hori.
Zer onura dakar aldi berean bi taldeetan aritzeak?
Musika klasikoari esker ditut Ibil Bedirako baliagarri zaizkidan tresna eta balio asko. Dena dela, egia esan, Ibil Bedirekin hasi nintzenean sentitu nuen ez nintzela musikaria edo artista, interpretea baizik. Izan ere, jaso dudan formakuntzak, musikari baino gehiago, interprete bihurtu nau. Oro har, zail egiten zaigu onartzea, baina hala da. Kontserbatorioan partiturara itsatsiak bizi izateak kalte handia eragiten du.
Musikari edo interprete, zein bide duzu nahiago?
Oso konplikatua da. Gauza bat da zer nahi nukeen nik, eta beste bat gure ingurua edo testuingurua. Oso zaila da musikari gisa egonkortasuna lortzea. Ordea, nik badakit musika klasikoan lor dezakedala postu finko bat, baina, hein batean, hori ez aurrera ez atzera gelditzea litzateke. Bi bideak balantzan jarri, eta iruditzen zait ni erdian naizela, kili-kolo. Zer esanik ez gaur egungo egoeran, non argi ikusi dudan zoriontsu egiten gaituzten gauza txiki horiei erreparatzen.
Nola aditu behar da musika?
Musika etengabe kontsumitzen dugu, ni neu ere leku guztietara joaten naiz entzungailuekin, eta uste dut kontsumo azkarrera ohitu garela. Kantu bat atera dela ikusi, egun bakarrean 30 aldiz entzun, eta nekatu egiten gara. Uste dut bestela izan behar lukeela: musikaz ehuneko ehun gozatu nahi baduzu, hartu letrak, eseri, eta aditu, lasai. Beltxarga beltza-rekin ere berdin egitea gustatuko litzaidake.