Garcia Carreño da Kuna Nafarroako Kultur Kudeaketarako Profesionalen Elkarteko lehendakari berria. Aitortu du iragan urtea iluna izan dela kulturan, baina susmo ona hartu dio datorrenari.
Uxue Rey Gorraiz
Otsailetik, lemazain berria du Kuna Nafarroako Kultur Kudeaketarako Profesionalen Elkarteak: Angel Garcia Carreño (Aviles, Espainia, 1980) izendatu dute elkarteko lehendakari. Dioenez, ikasketa urtea izan da 2020a, eta sinetsia da hori abantaila handia dela urrats handiagoak egiteko.
Zer moduz zaude kargua hartu berritan?
Ilusio handia dut, uste dudalako izendapen honi esker salto handia eman dela belaunaldiei dagokienez. Ez naiz nitaz bakarrik ari, baizik batzarreko kide guztiez; adinaren batez bestekoa 30 urte ingurukoa da, eta hori aberasgarri da gauza askotan. Finean, poz- pozik nago; oso konprometitua naiz lankideek aurretik egin duten lanarekin segitzearekin, eboluzionatu nahiarekin eta egungo erronkei erantzutearekin.
Adinaz gainera, zer ekarpen eginen diozue elkarteari?
Ondoan izanen dudan lantaldeko kideek askotariko profilak dituzte. Horrek nabarmen lagunduko digu elkartera kontzeptu berriak ekartzen.
Datozen hilabeteetarako plana aurkeztu duzue. Zer du oinarri?
Elkarteak lau helburu nagusi ditu: kudeaketa kulturala duintzea bultzatzea; kulturaren balioa eta herritarrek bizitza kulturalerako irismena izatea defendatzea; kidetuen interesak babestea; eta, azkenik, kolaborazio sarea sendotzea eta egonkortzea, Nafarroako kultur sistema indartzeko. Lau asmo horiek ez dira berriak, Kunaren DNAren berezko osagaiak baitira, eta horietatik abiatuta zerrendatu ditugu planean bilduak diren bederatzi lan lerroak.
Zein dira lan lerro horiek?
Askotarikoak dira, eta denbora gehiago beharko dugu horietako batzuk gauzatzeko, epe luzeko asmoak baitira. Dena dela, lehentasuntzat dauzkagu, adibidez, kulturari eskaintzen zaion aurrekontua handitu dadila exijitzea, sektorea digitalizatzea, eta kultur kudeaketan dauden profilen gaineko ikerketa bat abiatzea.
Zertan datza ikerketa hori?
Bilboko Ikerpartners enpresarekin jarri dugu martxan. Helburua da zehaztea zein den gaur egungo Nafarroako kultur kudeatzailearen profila; identifikatu egin nahi ditugu. Inportantea iruditzen zaigu jakitea nor garen zehazki, eta, are gehiago, zertan gabiltzan. 2007an ere egin zen azterketa bat, baina zaharkitua gelditu da.
Zertan lagun dezake datu horiek esku artean izateak?
Oso baliagarria da jakiteko zer abilezia garatu behar genituzkeen aurrean ditugun erronkei ahalik eta hobekien erantzuteko. Garrantzitsua da informazio hori izatea, ateratako ondorioak kozinatzea, eta baita horiek gizartearekin partekatzea ere. Gainera, sinetsia nago txosten horrek asko lagun dezakeela Nafarroako Kultur Profesionalen legean aurrerapausoak emateko.
Kudeaketa kulturala duintzea aipatu duzu elkartearen asmo nagusi gisa. Zergatik da beharrezkoa prozesu hori?
Oso premiazkoa da, haren kontratazio publikoan oraindik ere ez dagoelako araupetze argirik. Oro har, baldintzak ez daude zehazturik; ez pertsona horrek izan behar duen formakuntza, ez gaitasuna, ezta soldataren informazio zehatza ere. Esparru argiagoa behar dugu, eta, hori lortze aldera, urratsak eginen ditugu datozen hilabeteetan. Hitzarmen bat sinatu nahi dugu Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin. Gure asmoa da gaia jorratuko duen lantalde egonkor bat osatzea.
Azaroan, Kunakoak kexu agertu zineten Nafarroako Gobernuak 2021ean kulturari bideratuko zion aurrekontua ikusita.
Bai. Aurrekontu osoaren %0,8 eman zaio kulturari, eta hori ez da nahikoa. Guk Europan gertatzen denari egiten diogu so. Europako Batzordeak aholkatu zuen aurrekontua %1,5 izatea, eta, hain zuzen, ideia hori helarazi genien Nafarroako talde politikoei. Printzipioz, hitz ederrak jaso genituen bueltan, ehuneko hori erdiesteko borondatea adierazi zuten denek, baina erabakia ez da koherentea izan. Administrazioek kulturaren aldeko apustu sendoa egitea behar dugu, jarduerak bizirik irauteko. Agian, orain galtzen diren azpiegiturak ez dira sekula berreskuratuko.
Parlamentuan izan zineten joan den ostiralean. Zer azaltzeko?
Esplikatu genuen zer garen, zertan gabiltzan, baita gure asmoak zein diren ere. Talde guztiak pozik agertu ziren guri entzundakoan, eta uste dut denek dutela argi kultura ezinbesteko elementua izan zela pandemian.
Krisiak gogor zigortu du kultura. Zer egoeratan zen lehenago?
Sektorea berez da hauskorra; izan ere, urteetan jasan ditu erasoak. Hori gertatu da, batik bat, kultura eta entretenimendua nahasi direlako, eta ez dira gauza bera. Kultura hori baino gehiago da. Inoiz ez gara nekatuko hau esateaz: kultura tresna ederra da desberdintasunei kontra egiteko. Aldiz, bistakoa da ez garela lehentasun. Kulturari buruzko batzordeak beti dira ostiral arratsaldeetan, albistegietan kultura beti da azkena aipatzen… Beti gara amaieran.
Aurrera so, itxaropentsu zarete?
Hala izan behar dugula erakutsi digute azkenaldiko bizipenek. Uste dut etorkizunari begira aski arrazoi ditugula baikor izateko. Batik bat, lege batzuk martxan dira, eta hori aurrerapauso handia izanen da. Nafarroako kultur sistema arriskuan bada ere, oztopoak oztopo, sasoiko dago.