Olatz Azpirotz Larzabal
Urteko urtaro guztiek egun bereziren bat daukate; errealitatean bizi direnentzat aldarrikapen egunak izanen direnak, aurtengo udaberrian koronabirusaren egoerak murriztuta bi egunek soilik bete dute funtzio hori: martxoak 8ak eta maiatzak 1ak. Errealitateari uko edo bizkarra emanez bizi direnentzat aurreko asteko eguna jaiegun arrunta izan zen, horiekin maiatzaren 1ak ez zuen bere funtzioa bete.
Egun horren harira, Joxe Iriarte Bikila idazle eta politikariak 2017ko maiatzaren 12an idatzitako Non dago langile klasea? zutabeaz oroitu naiz, bertako hainbat adierazpenek gaurkotasuna galdu ez dutela iruditu baitzait. Iriartek testuan hainbat esparru ezberdin ukitzen ditu, baina kulturari dagokion bat gogora ekarri nahi izan dut: “Garai batean langile munduak literaturan zuen garrantzia ia desagertu da munduan eta are gurean. Gorkiren Ama edo Zolaren Germinal, edo Jack Londonen Burdinazko orpoa bezalako lanak jada ez dira idazten. XIX. eta XX. mendeetan ez bezala, gaur egun langileria demode edo boladaz kanpokotzat jotzen da. Batez ere belaunaldi berrian. Hortik kontuak! Gabriel Aresti, Koldo Izagirre eta bakan batzuk izan ezik, gure idazleek ia ez dute aintzakotzat hartu literatura mota hau. Ez atzo, langile mugimendua epikarako ematen zuenean, ezta gaurko garai hitsetan. Eta ez da literaturaren aldetik berezko interesa ez duelako”. (BERRIA)
Garratza izan daitekeen arren, Iriarteren adierazpen horien funtsak bertan dirau: euskal literaturari ez zaio langile klasea interesatzen, eta hori konpondu beharreko zeozer da. Ez bakarrik borroka hori lantzeko, baita lexikoa lantzeko eta gaur egun langile klaseak daukan egoera eta maiatzaren 1eko erradiografia bat egiteko ere.
Azken bi urteotan aldaketa asko jasan behar izan ditugu, guztiok; horregatik, langile klasea garen heinean, horrek ere aldaketak izan ditu. Hori ikusirik eta aldaketa guztiek behar duten bezala, lanketa gaurkotu bat beharrezkoa da (hala ere, horrek ez du iragana albo batera uztea ahalbidetu behar). Agian, lanketa horrek ekarriko baitu gaurkotasun totala eta freskotasuna; betikoaren betikotasuna ahalbidetzea, alegia.
Agian, freskotasun horrek irekitako ibilbidean bat eginen du mezuak eta Maiatzaren Leheneko argazkiak. Agian, freskotasun horrekin langile askorentzat jaieguna den eguna aldarri eguna izatera igaroko da, eta, azkenik, agian, barne —zein kanpo— aldaketa horiek langile klasea eta euskal literatura elkarri helduta bidea zabalduko diote eta merezi duen lanketa izanen du. Langile klasea beti egon baita hor eta bertan dirau. Bertan diraugu.