Apiriletik, ramadanean murgilduak dira hainbat herritar. Bigarrenez, birusak oztopatu egin ditu haren parte diren zenbait ospakizun. Elkartasunak, ordea, ez du indarra galdu, Chachairen ustez.
Uxue Rey Gorraiz
Ilargiaren zikloari so eginez; halaxe jakiten da ramadanak noiz duen hasiera eta noiz amaia. Aurten, islama praktikatzen dutenek apirilaren 13an ekin zioten ramadana ospatzeari, eta maiatzaren 12an, datorren asteazkenean izanen dute azken eguna, ilberrian. Bigarren urtez, izurriteak bete-betean baldintzatu du ohitura hori. Fatna Chachai tuterarrak (Casablanca, Maroko, 1975) kontatu duenez, “asko dira mugak”, eta sakon hunkitua da horregatik. Azaldu du ramadana, erlijioarekin loturiko asmoetatik harago, “partekatzeko” eta “elkarri laguntzeko” hilabete bat dela.
Apirilaren 13an hasi zen aurtengo ramadana. Zer moduzkoa ari da izaten?
Egia esateko, nahiko gaizki bizi dut, ez da batere erraza izaten ari; latza da pandemiak hain baldintzatuak gaituen egoera batean egin behar izatea. Normalean, anai-arrebekin, gurasoekin eta ilobekin gosaltzen dugu ramadaneko egunetan; orain, ordea, nor bere etxean gelditzen da, ezinbestean, eta etxekoekin baizik ezin gara elkartu eguneko momentu horretarako. Otordu horri gosari esaten diogu, baina zera izendatzeko erabiltzen da: baraualdia hausteko otordua, hau da, iftar-a. Berriz ere, iaz gertatu bezala, oso arraroa da.
2020an, gainera, are mugatuago zineten hura ospatzeko: tartean zen etxeko konfinamendua. Zer oroitzapen duzu?
Oraindik ere gogorragoa izan zen, bai; ia bakarrik pasatu behar izan nuen. Gainera, meskitak ere itxiak ziren, eta, beraz, ezinezkoa zen horietara joatea tarawih-rako, baraualdiaren osteko otoitzerako. Aurten bai, ahal da. Dena dela, iruditzen zait ez dela jende asko joaten. Herritar anitz izutuak dira, kutsatzeari beldur diotelako.
Erlijioak berebiziko garrantzia du ramadanean, baina ez da horretara mugatzen. Zer beste aspektu dira inportanteak?
Jainkoari eskainitako hilabetea da, jakina, baina harago doa. Batetik, sinetsia nago osasun aldetik on egiten digula, eta, bestetik, esanen nuke maite duzun jendearekin elkartzeko ospakizun handia dela, baita partekatzekoa ere, zalantzarik gabe.
Zer partekatzen duzue? Eta norekin?
Behartsuenei laguntzeko garaia ere bada ramadana. Guretzat, elkartasuna balio bereziki inportantea da aste hauetan guztietan; zorionez, mugak muga, aurten posible da horri eustea. Adibidez, maiz kozinatzen dira jatekoak, gero meskitara eraman eta ahora zer eraman ez dutenek har ditzaten. Gainera, oro har, erakusten zaigu hori guztia modu nahiko diskretuan egin beharra dagoela. Jendeak ez du zertan jakin zer egiten ari zaren besteei laguntzeko; ez da harrotzeko egiten den ekintza bat. Hain zuzen, uste dut hori dela laguntzeko erarik hoberena: nahi duzulako egiten duzunean, ondokoa babesteko, eta ez inori deus erakusteko edo lezioak emateko.
Oso antzinako tradizioa da. Modu bakarra dago ospatzeko?
Normala denez, ohiturak guztientzat ditu elementu berberak oinarrian. Denek egiten diegu so eguzkiari eta ilargiari; izan ere, horiek zehazten dituzte egunean egin beharrekoak eta ramadanaren hasierak eta bukaerak. Halere, bakoitzak bere bizipen emozionalak ditu, eta nork bere ukitua ematen dio hilabete honetan egiten denari. Ez da harritzekoa: beste herritar askori ere antzekoa gertatuko zaie, esaterako, Aste Santuarekin edo Gabonekin. Gure etxean, adibidez, janariari begira, ez da inoiz falta harira. Datilak, are gutxiago.
Zer rol hartzen du emakumeak?
Normalean, emakumeak kozinatu behar izaten du etxean. Lan zama handiagoa eduki beharra dakar ramadanak, otorduak ez baitira egunerokoan egiten direnen neurrikoak; konplexuagoak dira. Seguru nago familia batzuetan asmatzen dutela lanen banaketa egiteko orduan, baina egia da gehienbat emakumea dela ardura hori hartzen duena, zoritxarrez. Beste familia batzuetan igandeetan gertatzen denarekin konpara liteke; izan ere, gizarte osoan da desorekatua lanen banaketa.
Zure ustez, zer iritzi dute islama urruneko errealitatetzat duten herritarrek ramadanari buruz?
Iruditzen zait, orokorrean, errespetu handiz ikusten dutela ohitura, baina desinformazioa oso agerikoa da. Dakienari galderak egitea izan daiteke ohiturari buruz ikasteko modu egokiena, eta, horregatik, nik beti animatzen ditut horretara, eta lortzen dut, neurri batean. Gustuko dut inguruan jakin-mina sumatzea.
Zein galdera dira ohikoenak?
Gehienak baraualdiari buruzkoak izaten dira: ‘Ni ezinen nintzateke hainbeste ordu egon deus jan gabe. Nola moldatzen zara?’. Edo: ‘Inoiz ez duzue hutsik egiten?’. Asmo txarrik gabeko galderak dira, harridurak bultzatuak, beste ezerk baino gehiago. Izanen da inguruan aurreiritzi asko nabaritzen duenik, baina ni oso errespetatua eta babestua sentitzen naiz, zorionez.
Nolakoa izatea espero duzu datorren urteko ramadana?
Familiarekin ospatu ahal izatea espero dut, nahi dugun guztiok elkartu ahal izatea. Eta, ameslari izatea bada ere, ea ordurako ez den maskararik jantzi beharrik eta ez dugun gure artean distantzia fisikorik gordetzeko premiarik. Orain urrun gara besteengandik; hurbil nahi ditut sentitu.