Bermudez 2016tik bizi da Nafarroan. Giza eskubideen defendatzailea zen bere sorterri Kolonbian, eta lan horrek eraman zuen erbestera. Minez izan du bere herrikideak azkeneko asteotan sufritzen ari diren errepresioaren berri.
Edurne Elizondo
Ezin du etxean gelditu. Kolonbian gertatzen ari denari buruzko “isiltasuna apurtzera” atera da Alexandra Bermudez (Florida Blanca, Kolonbia, 1979) Iruñeko karriketara, bertze ehunka herrikiderekin batera. Lagun eta senide ditu Kolonbian protesta egitera altxatu diren anitz.
Errepresioak gogor jo ditu zure herrikideak. Zer moduz zaude?
Mario Benedettiren poeman bezalaxe: haserre eta amorratuta. Kolonbian orain gertatzen ari den militarizazioa eta errepresioa ez genituen inoiz ikusiak. Latinoamerikako herri askotan erabili izan dute indarra gobernuek, baina benetan harritu nau gerrako armak erabili izana herritarren protestak isilarazteko.
Zer dago urrats horren atzean?
Gobernuak protesta soziala kriminalizatu nahi du, seinalatu eta estigmatizatu. Helburua da sinetsaraztea protesta ez dela zilegizkoa; are gehiago, terrorismotzat jotzea. Protesta egin dutenak, hain zuzen, terroristatzat eta gaizkiletzat jo ditu gobernuak.
Protesta egin duten herritarrentzat zein izan da urak gainezka egiteko falta zen tanta?
Kolonbiarren nekeak eragin ditu oraingo protestak eta manifestazioak; eta kolonbiarren nekea da gobernutik ezarri diren politika neoliberalen ondorio; herritarren eskubide sozialen eta ekonomikoen aurka egin dute neurri horiek, eta desberdinkeriak gora egitea ekarri dute, datuek agerian utzi dutenez.
Zein da egoera zenbakitan?
Kolonbiako herritarren %42,5 bizi dira pobrezian; eta %15,1, berriz, miseria gorrian. Hamarkada luzez sufritu dugun gatazka armatuaren arrastoa ere nabarmena da, oraindik ere; gatazka hori herritarren sektore handi baten bazterketa politikoaren eta ekonomikoaren ondorio da. Egoera horrek guztiak ekarri du sektore pobreenen eta oposizio politikoaren gero eta bakartze handiagoa. Salatzeko altxatu direnean, erantzuna errepresioa izan da.
Pandemiak ere izan du eraginik?
Bai; finean, berez kaskarra zen egoera bat are larriago bilakatu du, eta horrek ekarri du herriak eztanda egitea. Pandemiaren ondorioz, hain zuzen, hiru milioi pobre gehiago dago Kolonbian. Gose diren herritarrei buruz ari gara; erabateko bazterketa egoera batean diren herritarrei buruz. Haurrak gosez hiltzen dira, egun oro, baina inork ez du deus egin. Errepresioa izan da jasotako erantzun bakarra.
Testuinguru horretan, lan, pentsio eta osasun erreformak egin ditu gobernuak. Horiek salatu dituzte herritarrek karrikan.
Erreforma horiek ez dietelako mesederik egin egoerarik zaurgarrienean diren herritarrei; lehendik zegoen haserrea areagotu bertzerik ez dute egin. Horrek ekarri du jende gehiago altxatzea. Ez dira karrikara atera bakarrik aspalditik eta hamarkada luzez bertze eredu baten alde eta eskubide sozialen alde lanean aritu diren ezkerreko sektore tradizionalak; karrikara bertze jende anitz atera da, batez ere jende gaztea. Gazteontzat unibertsitatean ikastea pribilegio bilakatu da, eta lanpostu bat lortzeko aukerarik ere ez dute. Altxatu dira galtzeko deus ez dutelako, eta dena irabazteko; aldaketa eragiteko esperantzarekin ari dira.
Kolonbiako Gobernuak eta FARCek 2016ko azaroan sinatu zuten bake akordioa. Hori ere ez da bete?
Ez. Akordio horrek esperantzarako aukera bat eman zien kolonbiarrei, baina ez da gauzatu. Alderantziz: suntsitu egin dute, eta sinatzaileak jazarri dituzte. 300 pertsona baino gehiago hil dituzte jada: hemen bertze inon baino oposizioko politikari eta sindikalista gehiago hil dituzte; lurraren eta giza eskubideen defentsan ari ziren buruzagiak hil dituzte. Preso politiko gehien duen herria da Kolonbia. Eta nazioarteko herriek ez dute deus erraten horri guztiari buruz.
Isiltasun horrek errepresioa laguntzen du?
Isiltasuna errepresioaren laguntzaile da, zalantzarik gabe. Eta isiltasuna da nagusi, Kolonbian urrea, ikatza, koltana eta bertze baditugulako, hain zuzen ere. Kolonbian, gobernuek bermatu izan dituzte baliabide horiek ustiatu nahi dituzten enpresa transnazionalen negozioak. Irabazi gehienak, noski, enpresa horientzat eta enpresa horien herrientzat dira. Dena ustiatzen eta eramaten ari dira, eta ingurumena eta giza eskubideak babesteko inolako neurririk gabe, gainera. Atzerriko ekonomia herrian sartu da, eta nahi duena egiten du.
Zer enpresa dago atzerriko ekonomia horren atzean?
Enpresa horien bidez gauzatu da oraingo kolonialismoa, eta enpresa horiek dira, bertzeak bertze, Prisa eta Planeta. Horiek dute Kolonbiako hedabideen kontrola. Nork du etxeetako zerbitzu publikoen kontrola? Endesak eta Naturgyk. Nork du banketxeen kontrola? Santander taldeak eta BBVA etxeak. Espainiako buruzagi politiko anitzen izenak aurki ditzakegu enpresa horietako kideen artean. Europa da gertatzen ari denaren laguntzaile. Eta ezin dugu horrelakorik onartu. Zenbat hildako behar ditu Europak egungo jarrera aldatzeko?
Zuk zer eskatuko zenioke Europari?
Sarraskia gera dezatela bertzerik ezin dugu eskatu orain. Eta presioa egin behar dugu hori lortzeko. Kanpotik zigorrak iragartzen badira baino ez du atzera eginen Kolonbiako Gobernuak. Mundu osoan ari gara manifestaziora deitzen kolonbiarrok.
Nafarroan babesa sentitu duzue?
Bai; herritarrena eta erakunde anitzena. Gure betebeharra da gertatzen ari denaren inguruko isiltasuna apurtzea, eta isiltasun hori laguntzen dutenen ardura agerian uztea. Nazioarteko elkartasuna behar dugu. Bertzela, zertarako balio dute giza eskubideak babesteko akordioek?
Zuzenean jasotako errepresioak eraman zaitu zu erbestera; 2016tik ez zara itzuli. Han, baina, gertuko jende anitz duzu. Gogorragoa da distantzia egunotan?
Hagitz gogorra. Nik ihes egin behar izan nuen bizirik jarraitzeko. Kolonbian jarraitzen duten senideak eta lagunak karrikara ateratzen ari dira, egun oro; eta beldur naiz; armek zauritu edo hilko ote dituzten beldur, bai eta koronabirusak gaixotuko ote dituen beldur ere. Egoera hagitz mingarria da.
Zu ere karrikara atera zara.
Hemendik ere, Kolonbiaren alde borrokatzen jarraitzen ahal dudalako.
Nafarroan ere bada zer borrokatu?
Bai, noski. Migratzaileen eta arrazializatutako pertsonen eskubideen alde ari gara, baina hemengo herri mugimenduen dinamikak bazter utzi gabe. Hemen ere badelako demokraziaren alde egiteko beharra.