Nafarroako Gobernuak asteazkenean burutu zuen hilaren 2an suhiltzaileen lantaldea indartzeko hasi zuen prozesua: Barne Departamentuko arduradunek 150 suhiltzaile laguntzaile kontratatu dituzte udan lan egiteko. Gainera, 120 basozain eta 13 ingurumen teknikari ariko dira urrira arteko kanpainan.
Edurne Elizondo
Suhiltzaileak prest dira. Asteazkenetik, Cordovillako, Lizarrako, Zangozako, Azkoiengo, Lodosako, Tuterako eta Iruñeko Miluzeko parkeetan dira Nafarroako Gobernuak udako kanpainarako kontratatutako suhiltzaile laguntzaileak. 150 dira, denera, eta haiekin ariko dira, datorren urrira bitarte, 150 basozain, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko hamahiru teknikari eta herrialdean dauden suhiltzaile boluntarioen zazpi taldeak.
Neguko kanpainan Beran eta Lesakan piztu zen sua gogoan du Pedro Zarok, oraindik ere; Nafarroako Gobernuko Barne Zuzendaritza Nagusiko Esku Hartze Operatibo, Parke, Kanpaina eta Taldeen ataleko burua da Zaro. Otsailaren 20an sortu zen sute horrek 769 hektarea baino gehiago erre zituen bi herriotan, hego haizea lagun; biharamunera arte ezin izan zuten itzali.
Sute hori bi tokitan piztu zela kontuan hartuta, Foruzaingoak hartu zuen ikertzeko ardura. “Oraingoz, ez dakigu zerk eragin zuen”, azaldu du Zarok. Zehaztu du, halere, neguko sute gehienak Nafarroako iparraldean gertatzen direla, larreak hobetzeko asmoz egindako erreketen ondorioz. Neguan, beraz, Mugairiko eta Aurizko parkeetako lantaldeak indartzen dituzte; iparraldekoak, alegia.
Bertzelakoa da egoera udan. Datozen hilabeteotan, batez ere, Iruñetik beherako eremuei so izanen dira herrialdeko suhiltzaileak. Nekazarien lanak eragiten duena da kontuan hartu behar duten arrisku nagusia. “Erdialdean eta Erriberan, laborea biltzeko garaia dute, eta jarduera horrek eragiten ditu su gehienak”, azaldu du Zarok. Makinak erabiltzen dituzte nekazariek uzta biltzeko; lurra lehorra dago, eta makinak sor dezakeen txinparta bakar bat nahikoa da sua pizteko. “Udako beroak eta hezetasunik ezak ez dute laguntzen, eta hego haizea badago, arazo handiak izan ditzakegu”, erran du suhiltzaileen arduradunak.
Zerbitzu integrala
Nafarroan, suhiltzaileen taldeak —400 kide inguruk osatua— zerbitzu integrala eskaintzen du. Hau da, edozein motatako suteen kontra egiten dute lan. Ohiko lantaldea ez da nahikoa udako eta neguko kanpainei aurre egiteko, ordea, eta, ondorioz, Nafarroako Gobernuak suhiltzaile gehiago kontratatu behar izaten ditu bi garai horietan aritzeko. Berez, suhiltzaile laguntzaileak dira; udan, 150 kontratatu izan dituzte azken urteotan; gutxiagok egiten dute lan, berriz, neguan: 30-35 inguruk. Udan aritzen diren guztiek, beraz, ez dute neguan ere aritzeko aukera, eta, aukera hori izanda ere, zazpi hilabete inguruko lanaldia dute, gehienez jota. Horrek ekartzen die bertzelako lanen bat bilatu behar izatea. Suhiltzaile laguntzaileen aspaldiko aldarrikapena da, hain zuzen, beren lana profesionalizatzea; suhiltzailetzat hartzea, alegia.
Udako kanpainarako kontratatuko suhiltzaileak basoko suteetan aritzen dira bakarrik. Hilaren 2an iritsi ziren lehenengoak herrialdeko parkeetara; hilaren 9an hasi zuen kanpaina bigarren talde batek; eta, azkenak, berriz, asteazkenean hasi ziren lanean. “Suhiltzaile laguntzaile berri guztiek formakuntza zehatza egin behar dute; gero, urtetik urtera, ikasitakoa eguneratzen dute, kanpainaren hasieran”, azaldu du Zarok. Lan poltsa bat du Nafarroako Gobernuak suhiltzaile laguntzaile horientzat. “Lau urtean behin berritzen da”.
Udako kanpainan ari diren suhiltzaileetako zenbait Iruñeko Miluzeko parkean izanen dira, urrira bitarte. “Parke horretan dago helikopteroz mugitzen den brigada”, erran du Zarok. Esku hartze lasterreko brigada da hori. Bigrada horrek erabiltzen duen helikopteroa ez da suhiltzailek udako kanpainarako duten bakarra. “Bertze bi ditugu, eta Espainiako Gobernuak uzten digun hegazkin bat, gainera, Noainen”, aipatu du suhiltzaileak. 42 ponpa auto ere badituzte, eta suhiltzaileak garraiatzeko bertze 54 ibilgailu. Sute handi bat pizten bada, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko ibilgailuak eta makinak ere erabiltzen ahal dituzte suhiltzaileek.
Gero eta handiagoak
Suhiltzaileek, ibilgailuek eta helikopteroek nekez egin dezakete suteen kontra beren lana, sugarrek eguraldia lagun badute. “Eguraldiarekin lotutako baldintzek anitz mugatzen ahal dute gure jarduna”, onartu du Zarok. Tafalla eta Puiu arteko 2016ko sutea jarri du adibide: “Hego haize zakar eta lehorra genuen, eta bizpahiru ordutan suak zortzi kilometro egin zituen. Hori gertatzen denan, nekez lor dezakegu sugarren bidea moztea”.
Tafalla eta Puiu arteko suak 2.300 hektarea baino gehiago erre zituen orain bost urte. Azken hamarkadako suterik larriena izan da. Urte hartan, 4.300 hektarea baino gehiago erre ziren Nafarroan, udan. 2012ko udako kanpaina ere gogoan du Zarok, sute bakar batean 1.000 hektarea baino gehiago kiskali zirelako, Arasen.
Azken hamarkadan, 2015ekoa izan da suak kalterik txikiena egin duen urtea: uda hartan, denera, 197,7 hektarea erre ziren. Iaz, berriz, ia 737 hektareak hartu zuten su. Gaur egun, klima aldaketaren aldaera kontuan hartu behar da, “ezinbertzean”, Pedro Zarok nabarmendu duenez. “Joera da uda gero eta beroagoak izatea; gero eta lehorte gehiago, eta handiagoak. Suteak, ondorioz, gero eta larriagoak izanen dira”.
Suhiltzaileak saiatzen ari dira egungo jokalekura egokitzen. Gaur egun, helikopteroak dira haientzako lan tresnarik baliagarrienetako bat; batetik, suhiltzaileak azkar ailegatzen ahal direlako sua piztu den tokira; eta bertzetik, zerutik ikusten dutenak ematen dielako lurretik lan egin behar dutenei ahalik eta eraginkorren izateko behar duten informazioa. “Baina helikopteroak ezin ditugula beti erabili, eguraldiagatik”.
Bertzelako tresnak ere badira; mapa dinamiko bat osatzen ari da Nafarroako Gobernua, adibidez, eremu bateko baso mota, azalera eta inguruan dauden herrien gisako parametroak kontuan hartuta, toki batean edo bertzean pizten ahal den su baten larritasun maila kalkulatzeko. Zarok garbi erran du, halere, betiko lan tresna bat dela, oraindik ere, egokiena: “Prebentzioa”. Pizten ez den sua itzaltzen delako errazen.