Lur Albizu Etxetxipia
Pasa en asteburuan eguraldiaren joan-etorriek erotu gintuzten. Ekaitz, euri-zaparrada eta eguzki, bero eta fresko, bero berriz, fresko berriz. Hala, euri eta euri artean manifestazio batek hartu zuen Iruñean, Antoniuttiren eta Foruen plazaren arteko bidea. Pankartak halaxe zioen: Altxa Nafarroa! Soberanía es libertad. Sinple baina argi, ozen eta kementsu.
Duela 500 urte gertatutakoak izan ginenaren posibilitate hori irekitzen digu, leihoa: behin izan ginen estatu, behin askatu ginen kateetatik, behin lortu genuen burujabetza, behin egin genuen altxamendu hura. Eta esanen nuke ez dela bakarrik hori, baizik eta izan ginen hori guztia, gertakizun historikoetatik harago, garenaren parte ere badela. Eta izan nahi dugunarena: aitzakia bat da historia, baina komunean jartzen gaituena, eta, gainera, ez duena hain garrantzitsu egiten gertakizun historiko hori, baizik eta komunitate oso bat. Geroztik, edo ez dakit noiztik aurrera, ez dakit mende guztietan edo noizbehinka, matxinadak piztu dira, zituzten, ditugu nafarrek.
Nafarroa errebelde hori: Gamazadan altxatu zena, Noain, Iruñea eta Amaiurkoa, euskaraz bizi dena, planto egin duten feminista horiek guztiak, intsumisoak, beste mundu batean sinesten duten horiek guztiak, okupak, abortatzeko eskubidearen alde borrokatu diren horiek guztiak. Nafarroa kasposo eta eskuindar, katoliko horren aurrean ez etsi eta horren atzaparretatik askatu nahian borrokatzen diren horiek guztiak. Errebeldia DNAn txertatuta, inkonformista horiek guztiak. Ez zeudenak konforme, ez daudenak ados.
Ez ados eta ez konforme, baina beste zerbaiten alde lanean eta ekinean. Herri bizia da gurea, mugimenduz josia, asoziatiboa, komunitatearen alde asko borrokatzen dena. Balore kolektiboak zabaltzen dituena. Hori nahiko nuke izatea nafar izatearen harrotasuna: komunitate errebelde bat, beste sistema bat eraikitzearen aldekoa.
Mundu berriak asmatzeko, sortzeko eta eraikitzeko, burujabetza da dugun giltza garrantzitsuenetako bat. Ez baita zer nahi dugun bakarrik, baizik eta zertarako ahalmen edo eskuduntza eman dizkiguten. Baimena eskatzera behartu nahi duten lurraldea. Besteen erabakien menpekoa, ez buruaski ez justu. Burujabetzarik gabe, beste edozer egitea ez da erraza, ezinezkoa ez bada.
Burujabe izan nahi dut, erabakitzeko zerbitzu publikoak oinarrizko eta lehentasunezko izatea; burujabe izan nahi dut argia eskubide eta ez orduen araberako pribilegio izan dadin, burujabe izan nahi dut baldintza duinak eskaintzen dituen herri batean bizitzeko, burujabe izan nahi dut tresna buruaskiak sortzeko. Eta burujabe izan nahi dut erabakitzeko, noski, zein estatutan bizi nahi dudan. Burujabetza asko da, dena izan daiteke, aldi berean ez da ukigarria. Burujabetza askatasuna da, eskubideak eta bermeak, etorkizuna da. Burujabetza sistemaren aurka aritzeko bide (autopista) horietako bat da.
Leave a Reply