Iruñeko Udalak kanpaina bat hasi du usoen aurka. Azarotik, gainera, enpresa bat ari da animalion populazioa «kontrolatzen». Zaunk talde antiespezistak salatu egin du.
Edurne Elizondo
Iruñean bizi dira, eta Iruñeko hiritarrak dira, ondorioz. Iruñeko Udalak, baina, ez ditu hirian nahi; ez udal gobernuak, ezta oposizioak ere. Hiria gero eta arrotzagoa da Iruñeko usoentzat: izurritzat jotako hiritarrak dira.
Udalak animalion aurka hasi duen kanpaina izan da Navarra Sumak egindako azken urratsa: hiriko zenbait espaziotan —Gazteluko plazan, Sarasate pasealekuan eta Karlos III.a etorbidean, nagusiki—, kartelak jarri ditu herritarrei ohartarazteko usoei jatekoa eman ez diezaieten.
Gizakiz bertzeko animalien aldeko zenbait taldek gogor kritikatu dute Iruñeko Udalak hasitako kanpaina. Usoak Nire Lagunak izeneko taldea sinadurak biltzen hasi da, Internet bidez, udalari eskatzeko kanpaina bertan behera utz dezala. “Kanpainak usoen aurkako gorrotoa sustatu bertzerik ez du egiten”, salatu dute taldeko kideek. Uso gehiago ez hiltzeko galdegin du elkarteak, gainera, eta udalak animalion populazioa “kontrolatu” nahi badu, “bide etikoak” erabil ditzala exijitu du. “Ordua da udalak gezurrak bazter uzteko; bere burua zuritu bertzerik ez du egin nahi”.
Comerturen esku
Usoak Nire Lagunak elkartea iazko azaroan Iruñeko Udalak eta Comertu enpresa taldeak sinatutako kontratuaz ari da “gezurrak” eta “zuritzeko asmoak” aipatu dituenean. Kontratu horren bidez, oposizioko taldeek egindako kexei erantzun zien udalak. “Usoen izurria” salatu zuten oposizioko taldeek, hain zuzen, eta neurriak eskatu zizkieten hiriko agintariei.
“Kontratu horren atzean ez dago usoen auzia modu etiko batean kudeatzeko asmorik; usoak hiltzen ari dira; animalien aurkako tratu txarrak dira gertatzen ari dena, hori ezkutatzen saiatu arren”, salatu dute Usoak Nire Lagunak taldeko kideek.
Usoen inguruko kexak ez dira oraingo kontu. EH Bilduko Joseba Asiron alkate izan zuen udal gobernuak ere jaso zituen. 2015ean hartu zuen Asironen lauko gobernuak udal agintea, eta Hiriko Ekologia eta Mugikortasuna izeneko zuzendaritza nagusia sortu zuen, bertzeak bertze. Zuzendaritza horri zegokion usoen auzia kudeatzea, hain zuzen. Ordura arte, usoen populazioa “kontrolatzeko” modua animaliok hiltzea zela gogoratu dute aurreko legegintzaldiko arduradunek. Usoak sareekin harrapatzen zituzten. “Udalak gasa erabiltzen zuen usoak hiltzeko”. Asironen agindupean, bertzelako “bideak” saiatu zituen udalak. Legegintzaldia joan zen, ordea, neurri zehatzak martxan jarri gabe.
Gaixotasunen argudioa
Azarotik, Comertu enpresa taldea da usoen populazioaren kontrola egiten ari dena. Ordutik, bi mila uso hil dituztela salatu du Usoak Nire Lagunak elkarteak. “Usotegiak ez dituzte behar bezala erabiltzen; ondorioz, usoak hiltzen ari dira”. Usotegien helburua da usoak hor egotera ohitzea, eta arrautzak kentzea, populazioa kontrolatzeko. “Enpresak, baina, gutxi eta gaizki erabili ditu”.
Comertuk eta Iruñeko Udalak osasun publikoa aipatu dute usoen aurkako neurriak hartzea justifikatzeko. Udalak bere kanpainarako egindako karteletan jaso du, adibidez, “berrogei gaixotasun inguru” zabaltzen ahal dituztela. Auzi horri buruz, garbi mintzatu dira Usoak Nire Lagunak taldeko kideak: “Usoak ez dira katuak edo txakurrak baino arriskutsuagoak gizakiontzat”.
Usoek izan ditzaketen gaixotasunak ez dira animalion aurkako argudio, gainera. Horixe nabarmendu du Iruñerriko Zaunk talde antiespezistak. “Gizakiok ere baditugu, baina horrek ez ditu gure oinarrizko interesak kolokan jartzen”. Hiria “denona” dela erantsi du eragile antiespezistak. “Neurriz kanpokotzat” jo du udalak hasitako kanpaina, eta “erasoak” salatu ditu.
Milaka urteko etxekotzearen ondorio dira egun hirietan bizi diren usoak; gizakiaren ondoan bizi dira, baina zuzenean menpeko izan gabe. Hiria, baina, gero eta arrotzagoa zaie. Uxatzeko eztenak jartzen dizkiete eraikinetan, eta anitz dira autoek harrapatuta hiltzen direnak. “Gizakion eta beste animalien interesak ez dira kontrajarriak”, nabarmendu du Zaunk talde antiespezistak.