Iruñeko Artzapezpikutzak barkamena eskatu die El Puy ikastetxean gertatutako abusuen biktimei. Abusuak jasandakoek salatu dute eske hori ez dela nahikoa izan, eta beste biktima asko kanpoan utzi dituela.
Uxue Rey Gorraiz
“Elizaren barkamen eskea ez da nahikoa izan, eta haren atzean ez da benetako damurik”. Suminez eta mindurik mintzo da Mikel Eziolatza (Gasteiz, 1969) Iruñeko artzapezpikuak joan den astean egindako adierazpenen harira. Artzapezpikutzak Lizarrako El Puy ikastetxean gertatutako sexu abusuez txostena kaleratu berri du, eta, aurkezpenean, barkamena eskatu zien abusu horien biktima izan zirenei, Elizaren izenean. Nafarroako beste ikastetxe askotan gertatutakoen biktimei, baina, ez zaie egin inolako aitortzarik. Bazterrean gelditu direnetako bat da Eziolatza: gaztetan, abusuak jasan zituen Garesko Erreparaziokoen barnetegian.
Biktima gisa, zer iritzi duzu Iruñeko Artzapezpikutzak argitara ateratako txostenari buruz?
Nafarroako Elizak oso marketin kanpaina potentea abiatu du, eta txostena haren emaitzetako bat da. Lehenbizi, batzorde bat sortu zuten ikerketarako; orain, hau kaleratu eta barkamena eskatu. Batzordea sortzean, talde horretan sartu zuten Maite Quintana, orain gutxi arte Caritaseko zuzendari izan dena, eta, azken batean, han diren denak hatzaz aukeratuak izan dira; kideak ez dira independenteak, inondik inora. Ez dugu uste sinesgarritasun handirik dutenik. Gainera, behin baino gehiagotan esana digute dokumentazioa ez dela agertuko. Inoiz ez digute erakutsiko, eta horrek duda asko pizten dizkigu.
Nola justifikatu dute dokumentu falta?
Argi eta garbi esan ziguten ikerketa horrelakoa izango zela. Guk badakigu dokumentu horiek ez direla publiko egingo. Ez hori bakarrik, EHU Euskal Herriko Unibertsitatea eta Kataluniako Unibertsitate Irekia ikerketa batean sartuak dira gaur egun, Elizaren barruko sexu abusuak ikertzeko, eta haiek ere baimena eskatu zieten artxiboak aztertzeko. Unibertsitateek oztopoak baizik ez dituzte jaso bueltan; ukatu egin zieten aukera hori. Beste behin, oso agerian gelditu da zein den Elizaren politika: gertatu dena ezkutatzen saiatzen dira, eta soilik beste erremediorik ez dagoenean egiten dute gutxieneko urratsen bat. Barkamena erdizka eskatu, eta espero dute horrekin bukatzea eztabaida.
Zer sentitu duzue Elizaren barkamen eskea ikusita?
Ez digu balio. Biktimok hiru gauza nahi ditugu: aitortza, justizia eta erreparazioa. Hau al da aitortza? Tira, izan dateke, nahiz eta ez dugun sinesten barkamen eske horren atzean benetako sentimendurik dagoenik. Artzapezpikuari aditu behar izan diogu guregatik otoitz egiten zuela; marketin hutsa da, beste behin. Horregatik, ez dugu nahi bidea hemen bukatzerik. Ez dakit nola, baina aurrera eginen dugu justizia eta erreparazia ere lortu arte.
Aipatu duzu ez duzuela sumatzen benetako damurik. Zer asmo du Elizak?
Elizaren barruan sexu abusuak izan direla ez da berriki argitarata ateratako kontua; jendeak aspaldi du haien berri. Egunkarietan eta beste edozein komunikabidetan ere maiz agertu dira horien kontrako salaketak. Alde batetik edo bestetik, nahiko gai entzuna da, eta, zalaparta honen erdian, Elizak aurrera egin nahi du, ahal bezala. Gainera, ezin da ahaztu aita santuak berak eskatuta ere egin dela urrats hau. Aita santuak esan zuen Elizaren barrenean gertatutakoak ez zirela onargarriak, eta munduko eliza guztiei eskatu zien trapu zikinak garbi zitzatela. Horiek horrela, presioa bistakoa da: gizarteak ez ezik, Elizaren buruak ere egin dio eskea Nafarroako Elizari, eta barkarmena eskatu besterik ezin zuen egin.
Ez zuten beste erremediorik.
Nafarroako artzapezpikuak berriki kaleratutako txostenean Lizarrako El Puy ikastetxean gertatutako abusuak jaso dira. Barkamen eskea ere biktima horiei zuzendua izan da soilik. Zer sentitu duzue beste biktimek?
Bazterrean sentitu gara, bigarren mailako biktima bagina bezala. Gainera, aurretik zenbait modutan saiatu gara gure kasuak iker daitezen, eta jasotako erantzunak oso gogorrak izan dira beti. Eskatu genuen iker zitezela Garesko Erreparaziokoen Barnegetian gertatutako kasuak, jakiteko, esaterako, zer gertatu zen abusuak egin zituzten apaizekin. Ezezkoa jaso genuen, eta ez hori bakarrik: mehatxatuak izan ginen. Esan ziguten ez zaitzaigula komeni horrelakorik egitea, gure familiakoei buruzko datuak dituztelako. Kontuz ibiltzeko esan ziguten.
Sufritutako sexu abusuak salatu zenituenetik, inoiz iruditu zaizu zure bertsioa dudan jarri dela?
Hasieratik. Gainera, nire kasua nahiko berezia da, gertatu bezain laster salatu nuelako ikastetxean. Maiatza zen, eta hurrengo ikasturtean apaiza dagoeneko ez zegoen zentroan. Barneko ikerketa egin zuten, galdeketak egin zizkiguten, eta, halere, esan ziguten ez zekitela ezer; gezur hutsa zen.
Zer arrasto utzi dizu bizitakoak?
Egia esateko, ni nahiko ondo geratu naiz. Eragin dizkit problemak, esaterako, sexu harremanak izateko orduan, baina beste kide batzuk askoz larriago daude. Batzuek, 60 urtetik gora izan arren, tratamendu pskiatrikoarekin jarraitzen dute gaztetan jasandako abusuen ondorioz, eta ezin izan dira normaltasunez bizi; gaixorik daude, ezin izan dute jasandako kaltea bazter utzi .
Nafarroako Ikastetxe Erlijiosoetako Biktimen Elkarteko kide zara. Babestuago zara horrela?
Asko laguntzen du. Izan ere, urteetan pentsatu izan dugu kasik bakarrik geundela. Batzuek ez diote orain arte inori ere kontatu sufritutakoa, 40 bat urte egon dira isilik, eta berriki eman dute pausoa. Hori oso kolpe latza da, eta iruditzen zait elkarte baten parte izateak asko laguntzen duela, behintzat ulertua zarela sentitzen. Ezezagunak ginen, eta orain harreman oso estua dugu. Halere, jakin badakigu beste jende asko dagoela elkartetik kanpo, antzekoak bizi izan dituena eta oraindik pausoa eman gabea.
Datozen urratsei dagokienez, zein da zuen hurrengo eskea?
Behar bezalako zenbaketa bat egitea nahi dugu. Beste herrialde batzuetan, gobernuak erregistroak egin ditu, gertatutako abusuak kontatu eta biktimei ahotsa emateko. Hemen inguruan den bakarra El Pais egunkariak egindakoa da, baina guk ere badugu erregistro ofizial baten premia.
Gero eta gehiago ari da ikertzen Elizaren abusuei buruz. Norabide onean ari dira?
Ari dira gauzak egiten, eta gu geu nahiko babestuta sentitzen gara. Adibidez, berriki proposamen bat izan da Nafarroako Justizia Departamentutik: ikerketa bat egingo dute Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin. Pauso inportantea da, batez ere instituzoetatik bultzatua delako. Anonimotasuna bermatuta, jende askok egingo du bizitakoa kontatzeko urratsa.