Espainiako, Nafarroako eta Aragoiko gobernuek Muga meategia ustiatzeko baimena eman diote Geoalcaliri. Ekologistek berretsi dute ingurumenari kalte eginen diola.
Edurne Elizondo
Badu baimena: Geoalcali enpresaren Muga meategi proiektuak badu gatza eta potasa ustiatzeko baimena; uztailaren 1ean sinatu zuten Espainiako, Nafarroako eta Aragoiko gobernuek. Hiru administrazio horien oniritzia behar zuen meategiak, Nafarroako eta Aragoiko (Espainia) lurrak ukitzen dituelako. Lantegia, hain zuzen, Zangoza ondoan eginen dute; meatze ahoa, berriz, Aragoiko Undues de Lerga herrian. 1.700 hektareako luze-zabalera izanen du meategiak, eta 600 metroko sakonera duten tunelak eraikiko dituzte, lur azpian.
Geoalcalik urrats bat egin du aurrera Muga meategia ustiatzeko baimenarekin; ez da azkena, halere. Horixe nabarmendu du proiektu horren kontrako plataformako kide Enrique Mirandak, eta garbi erran du helegitea aurkeztuko dutela Mugak jasotako baimenaren aurka. Zangozako Udaleko alkate Lucia Etxegoienek ere horixe nabarmendu nahi izan du: “Ustiatzeko baimena egin beharreko urrats bat da, baina bidea ez da amaitu”. “Zuhurtziaz” jokatzeko beharra aipatu du alkateak. “Proiektua aspaldikoa da, eta orain arteko bidean hobera egin du, Zangozako Udalak eta bertze zenbait erakundek egindako zuzenketei esker; hemendik aurrera ere adi aztertu beharko ditugu emandako pauso guztiak”, erran du Etxegoienek.
“Hagitz kontent”
Geoalcaliko arduradunek eman zuten jasotako baimenaren berri, uztailaren 5ean, enpresaren webgunean jarritako bideo baten bidez; Geoalcaliko zuzendari nagusi Ignacio Salazarrek hartu zuen hitza bideo horretan: “Hagitz kontent gaude baimena jaso dugulako; horretarako aritu gara urte luzez borrokan eta lanean. Berehala hasiko gara meategia eraikitzeko lanak prestatzen”.
Enpresako kideek berretsi dute “urratsak egiten” jarraituko dutela, eraikitzeko lanak “ahalik eta azkarren” hasteko. Gogorarazi dute proiektua 2011n jarri zutela martxan, eta 40 zundaketa inguru egin dituztela geroztik. Orain arte, hain zuzen, 75 milioi euro gastatu ditu Geoalcalik, enpresak berak ezagutarazi duenez.
Geoalcaliko arduradunek nabarmendu dute ingurumena zaintzeko behar diren “neurri guztiak” hartu dituztela kontuan, eta proiektuak ukitzen dituen “alde guztiei” eman dietela hitza prozesuan. “2022ko udaberrian hasi nahi dugu meategia eraikitzen”, erantsi dute.
Muga proiektuaren kontrako plataformako kideek ere erran dute lanean jarraitzeko prest direla. Enrique Mirandak azaldu du “zerbaiten zain” zirela, enpresak jasotako baimenaren berri eman aurretik. Izan ere, Geoalcali enpresa Highfield Resources multinazionalaren parte da, eta duela zenbait aste, kotizazioa bertan behera uzteko eskatu zuen Australiako burtsan. “Hori egiten da urrats esanguratsuren bat egin aurretik, espekulazioari bidea ixteko asmoz”, azaldu du Mirandak.
Geoalcalik meategia ustiatzeko baimena jaso du; hurrengo urratsa izanen da meategia eraikitzeko proiektua egitea. Meategia eraikitzeko, hain zuzen ere, Zangozako Udalaren lan baimena beharko du Geoalcalik, eta Mirandak zalantzan jarri du hori lortzeko aukera. “Udalaren egungo planari so, zaila izanen da, meategiko lantegiak hartuko lituzkeen lurretan planak babestutako zenbait baso eremu daudelako”.
Zangozako Udaleko alkateak uxatu ditu Mirandak erdigunean jarritako zalantzak: “Nafarroako Gobernuak erran digu jada udal plana moldatu beharko dugula enpresari lanak egiteko baimena eman ahal izateko”, ezagutarazi du Lucia Etxegoienek. Ez du zehaztu prozesu horrek zenbat iraun dezakeen, baina “denbora” beharko dela erran du. Plana aldatzeko prest da udala, halere.
Kezka segurtasunarekin
Muga proiektuaren aurkako plataformak garbi du meategiak “kalte handia” eraginen lukeela ingurumenean. Nafarroako Ekologistak Martxan erakundeak ere salatu du proiektua, eta “berri txartzat” jo du ustiatzeko baimena jaso izana. Meategiaren aurkakoek erdigunean jarri dituzten auzien artean daude hondakinena —enpresak erran du ez dituela kanpoan utziko, eta galeriak betetzeko erabiliko dituela—, sismikotasunarena —Loitiko faila dago inguruan; administrazioak, hain zuzen, sismografo sare bat jartzera behartu du Geoalcali—, eta Esako urtegiari eragiteko arriskuarena.
Ebroko Ur Konfederazioak berak ohartarazi du Esari eragiteko arrisku horretaz; Zangozako Udalak ere onartu du urtegia handitzeko lanek sortutako kezkak “gora” egin duela meategi proiektuarekin: “Adi egonen gara”.
Geoalcaliko arduradunek azaldu dute, hain zuzen, “ingurumena eta segurtasuna zaintzeko baldintzapean” jaso dutela ustiatzeko baimena. “Ohiko prozedura da hori”, erantsi dute enpresako kideek. Administrazioaz gain, proiektuaren aurkakoak ere adi izanen dituzte datozen hilabeteotan. Bidea ez da amaitu.
Goiko argazkia: Muga proiektuari buruzko irudia. Geoalcali.