Herrialdeko 33 gunetan eginen dute. 75 tailer eginen dituzte denera, 5 eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzat. Giza eskubideak jorratzea da helburu nagusia.
Edurne Elizondo
Herrialdeko liburutegietan giza eskubideen auzia jorratzeko udako programa bat abiatu du Nafarroako Gobernuak. Uztailean eta abuztuan eginen dute, 33 zentrotan. 5 eta 16 urte bitarteko haur eta nerabeentzat prestatutako programa da, “bakearen eta bizikidetzaren” aldekoa. Denera, 75 tailer eginen dituzte. Kultura Departamentuak eta Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak prestatu dituzte, gobernuz kanpoko zenbait erakunderekin elkarlanean.
Programan parte hartzen duten liburutegietan, adinaren arabera prestatutako lau tailer mota eginen dituzte, hain zuzen: 5 eta 8 urte bitarteko haurrentzat, ordubeteko saioak antolatu dituzte, giza eskubideei buruz hitz egiteko. Jolasaren bidez, giza eskubideen auzia jorratzen hasiko dira gazteenak. Inma Gurrea, Izaskun Mujika eta Marisa Serrano ariko dira haurrekin dinamizatzaile lanetan.
8 eta 12 urte bitartekoentzat, berriz, Eskolara bideak izeneko tailerra prestatu dute, batetik; Arete Activa erakundeak zuzenduko ditu saioak, haur eta nerabeei azaltzeko munduko zenbait tokitan bizi diren ume anitzek zer zailtasun dituzten eskolara joateko. Bertzetik, adin tarte horretarako bertze tailer bat prestatu du Bakeolak, parte hartzaileek munduan giza eskubideen alde ari diren ekintzaileen berri jaso dezaten.
Azkenik, 12 eta 16 urte bitarteko nerabeentzat, Pobreziaren eta Bazterketa Sozialaren Aurkako Nafarroako Sareak sustatutako ihes gela izango dute programarekin bat egin duten liburutegietan. “Helburuetako bat da gazteoi azaltzea bazterketa sozialak hamaika aurpegi dituela”, erran du sareko kide Jaione Eugik.
Bazterketa sozialaren inguruko aurreiritziak alde batera uztea da asmoa, eta ideia orokor eta abstraktuagoetatik kasu zehatzetara jotzea, egunerokora, gazteek “inguratzen dituen errealitatea” ezagutzeko aukera izan dezaten, hain zuzen ere.
Pobreziaren eta Bazterketa Sozialaren Aurkako Nafarroako Sareak urte hasieran bazterketa sozialaren inguruan prestatutako kanpaina hartu du abiapuntutzat bere ihes gelarako. Liburutegietan aritzeko aukera “oso interesgarritzat” jo du Eugik. “Liburutegiak guztionak dira, kulturarako toki irekiak; gune horietan bazterketa sozialaz aritu ahal izatea oso egokia iruditzen zaigu”.
Zer eta nola azaldu
Kanpainarekin batera, gazteentzako unitate didaktikoak ere prestatu dituzte sareko kideek azken hilabeteotan, eta material hori guztia baliatuko dute datozen asteotan liburutegietako zikloan. “Inportantea da zer azaltzen den, bai eta nola azaltzen den ere”, erran du Nafarroako sareko kideak. Helburua da informazioa “erakargarria” izatea. “Bazterketaz ari gara, aurreiritziez eta berdintasun asmoez; gaiak konplexuak dira, eta, horiek azaltzeko, inportantea da gazteen moldeekin bat egitea”
Horretarako, ihes gelaren formatua aukeratu dute, eta, haren barruan, jolasen bidezko “abentura” bat. “Bazterketa den bezala ikusteko betaurrekoak janztea da xedea. Betaurrekoak puskatuta daude, eta, jolasen bidez, gazteek piezak lortu behar dituzte, betaurreko horiek jantzi ahal izateko”.
Bazterketaren zenbait alderdi jorratuko dituzte sareko kideek, hain zuzen: genero indarkeria, lan esparruko bazterketa eta etxebizitzaren arloa. “Askotan gazteek uste dute bazterketa pobrezia ekonomikoarekin lotuta dagoela, baina auzia askoz ere zabalagoa da”, azaldu du Eugik. Horren guztiaren inguruko hausnarketa bultzatzeko lan eginen dute datozen asteotan, liburutegietan garatuko duten programan.
Irudia: Nafarroako Gobernuak prestatutako programa zabaltzeko kartela.