Itxuraldatzea prestatzen

Itxuraldatzea prestatzen

Laba sareko kideak Iruñeko Gazteluko plazan duten egoitza atontzen ari dira. Behar zuten babesa jaso zuten ekainean abiatutako finantzaketa kolektiboan, eta obra nagusia egiteko baimenaren zain daude orain. Euskara erdigunean jarri nahi dute, eta proiektu berriak sortzeko toki bat izan.

Edurne Elizondo

Sumendiak ekainean egin zuen eztanda: Laba egitasmoa aurkeztu zuten zenbait norbanakok, Iruñean, “euskararentzat eta euskal kulturarentzat topagune, gozagune eta sorgune” izateko. Pandemia garaian mamitutako proiektu bat da, eta helburutzat hartu du euskara erdigunean jartzea: bere jardueraren erdigunean, bai eta hiriarenean ere.

Gazteluko plazan hartu du toki Labak, hain zuzen, euskaraz aritzeko eta egiteko grina handik gainerako auzoetara eta inguruko herrietara zabaltzeko. Laba sareko kideek egoitza hori atontzen eman dute uda, martxan jarritako finantzaketa kolektiborako kanpainari esker behar zuten babesa jaso eta gero. Gogoz dira saretzea sustatzeko gune bilakatu nahi duten hori itxuraldatzeko.

Burokraziarekin topo egin du gogo horrek, halere, eta, ondorioz, Gazteluko plazako egoitza moldatzeko behar duten obra nagusia egiteko —komunak elbarrientzat egokitu, adibidez— baimenaren zain dira Laba sareko kideak. “Finantzaketa kolektiborako kanpaina amaituta eskatu genuen, uztaila erdialdean; hilabete bateko kontua izanen zela uste genuen, baina hiru ere izan daitezkeela jakin dugu. Zain gaude, beraz”, azaldu du Laba sareko kide Erkuden Aldasorok.

Nola gastatu

Hutsik dagoen Labaren egoitzan mintzatu da Aldasoro. Lan nagusiak egiteko zain, apustu etxe izandakoa ahal duten neurrian itxuraldatzen hasi dira proiektuan bat egin dutenak; pareta zurietan zintzilik dira Laba aurkezteko kanpainarako prestatutako kartelak, adibidez; apustu egiteko makinek utzitako arrastoa nabarmena da oraindik ere, baina are agerikoagoa da toki hori biziberritzeko gogoa. Prest dituzte han, adibidez, finantzaketa kolektiboan parte hartu duten laguntzaileei bidali beharreko paketeak, egindako ekarpenaren araberako saria jaso dezaten.

Finantzaketa kolektiboan parte hartu dutenentzako opariak, bidaltzeko zain. Idoia Zabaleta / Foku

Ekarpen horiei esker ari dira Laba sareko kideak beren lehendabiziko urratsak egiten, hain zuzen. Esker ona berretsi dute, jasotako konfiantzagatik. “Obra nagusiak egiteko erabiliko dugu dirua, bai eta martxan jartzeko behar ditugun altzariak eta tresneria erosteko ere, besteak beste”, erran du Labako kide Ander Perezek.

Obrekin, altzariekin eta gainerakoekin batera ordaindu beharko dituzte lizentziak, aseguruak… Era askotakoak dira egin beharreko gastuak, eta finantzaketa kolektiboan lortutako 30.000 euroak, ondorioz, urtea amaitu bitartean erabiliko dituztela uste dute Laba sareko kideek. Aurrera begira, helburua da elkartea bere burua finantzatzeko gai izatea.

Hori nola egin aztertzen ari dira xede horrekin sortutako lantaldeko kideak, orain. Egiturarekin eta ekonomiarekin lotutako auzien inguruko taldea da hori, eta bertze hiru ere osatu dituzte: komunikazioarena, programazioarena, eta, azkenik, diseinuarena.

Taldeok zehazten ari dira ekainean eztanda egindako sumendiaren labak zer bide hartu. 30-40 pertsona ari dira zuzenean taldeotan lanean, baina zabalagoa da Labaren inguruan sortutako babes sarea; zabala eta askotarikoa, gainera. “Bileraren batean parte hartu dutenak kontuan hartuta, 80 pertsona inguruk bat egin dute proiektuarekin”, zehaztu dute Labako kideek. Gazteak dira anitz, baina badira adin guztietako kideak. Ateak zabalik dituztela gogoratu dute Labako kideok, eta parte hartu nahi dutenen mezuak jasotzeko helbide bat eman dute: info@laba.eus.

Egoitza badute; ateak irekitzeko atontzen ari dira jada; garbi dute gune ireki bat eskaini nahi dutela, eta moldagarria, era askotako ekinaldiak egiteko. Kafetegia izanen dute, eta emanaldiak antolatuko dituzte, bertzeak bertze. “Toki dinamiko bat” izan nahi dute, finean, era askotako jendearentzat bilgune izateko; euskara erdigunean jarrita, betiere. “Euskaraz zer egiten eta sortzen den erakutsi nahi dugu; erdaldun asko euskal kulturatik urrun da, baina euskaldunen artean ere asko dira zer sortzen den ezagutzen ez dutenak”.

Laba sareko kideen egoitza, barrutik, Gazteluko plazan. Idoia Zabaleta / Foku

Euskal kulturaren arloak pisu nabarmena izanen duela zalantzarik ez dute, eta euskaraz sortzen denaren erakusleiho ere bilakatu nahi dute. Labako kideen asmoak, halere, harago doaz, eta euskara ardatz hartzen duten ekonomiaren, elikaduraren edo dena delakoaren arloko egitasmoentzat ere izan nahi dute nolabaiteko helduleku.

Egin eta gozatu

Laba sarekoek garbi dute euskarak eta euskal kulturak behar duten “ikusgaitasuna” lortuko dutela Gazteluko plazako egoitzari esker. Asmoetako bat hori da. Plaza “toki sinboliko” bat da hirian, zalantzarik gabe, erdigunean baita, euskarak bete izan dituen “lubakietatik” urrun.

“Lubakia” utzi dute Labako kideek; bai eta pankarta ere, nolabait erranda, Perezek kontatu duenez: “Gozamenetik eta norberaren interesetik sustatu nahi dugu euskara; euskararen aldeko jarrera erakutsi bainoago, euskaraz egitea da kontua, natural, egiten duzun hori euskara salbatzeko egiten duzula justifikatu beharrik gabe”. Egiten den horrek hizkuntzari mesede egiten diola jakinda.

Azken urteotan piztu diren bertze zenbait egitasmo aipatu ditu Perezek gozamenetik abiatuz aritzeko ideia hori nabarmentzeko, hain zuzen: “Iruinkoko libertimendua, adibidez”. Inauterien bueltan sortutako egitasmo bat da hori, eta horretan aritu diren zenbait euskaltzalek bat egin dute Laban ere.

Irabazi asmorik gabeko elkarte gisa antolatu dute kideek Laba, baina parte hartzaileek nabarmendu dute norbanakoek osatutako proiektu bat dela. Haien arteko saretzeak ekarri du Labak aurrera egitea. “Aurretik elkar ezagutzen ez genuen askok bat egin dugu Laba sarean; harreman bat sortzeko aukera eman digu”, kontatu du Erkuden Aldasorok.

Anitz dira Gazteluko plazako 2.aren ondoko egoitzan mamitu nahi dituzten ideiak; egiteko duten lana ere ez da gutxi, Labako kideek ederki dakitenez. Obrak egiteko baimenen zain, Laba sareko kideen gogoa piztu du urratsez urrats garatutako egitasmoak egia bilakatzeko aukera gero eta hurbilago egoteak. Gero, “egunerokoak” markatuko du eginen duten bidea, saretzearen eta elkar sustatzearen bidez proiektu berri anitzi haize eman nahi baitiote. Toki onean dira hori lortzeko: Gazteluko plazan. Erdigunean. Batzuen eta bertzeen urratsak gurutzatzen diren tokian.

 

Oskar Zapata: «Gazte askok parte hartu du, eta ideia berriak ekarri dituzte»

Topaguneak ospatu egin du Laba sarea abiatu izana. Oskar Zapata erakundeko buruak
azaldu du prozesuan lagundu dutela; proiektuak ekarri dituen molde berriak eskertu ditu.

E. Elizondo

Euskaltzaleen Topaguneak gidatu du Laba sarea sortu duen prozesu parte hartzailea, eta erakunde horretako zuzendari Oskar Zapatak (Iruñea, 1963) garbi du elkar laguntzen jarraituko dutela. Labak euskarari ematen ahal dion ikusgaitasuna eta erreferentzialtasuna nabarmendu ditu.

Aurrera doa Laba sarea; ospatzeko moduko berri bat da?

Bai, noski. Guretzat oso proiektu garrantzitsua da; ilusioz betetzen gaitu euskaratik eta euskaraz sortutako proiektu bat Iruñeko bihotzean kokatzeak.

Zer ekartzen ahal dio hiriari?

Ikusgaitasuna euskal munduarentzat eta euskal kulturarentzat, bai eta erreferentzialtasuna ere. Nire ustez, hori da inportanteena. Mundu guztiak ikusteko moduko toki batean dago, eta jendeak jakinen du euskaldunok erdigunera etorri garela.

Bazen garaia?

Beti amestu izan dugun aukera bat sortu zaigu, eta hori gertatu bezain pronto ohartu ginen zerbait berria egin behar genuela, jende berria erakarriko zuen zerbait; hau da, euskalgintzatik ez hain hurbil dagoen jendea erakarri nahi genuen, eta, batez ere, gazteak. Gazte askok parte hartu du prozesuan, eta haiek ekarri dituzte ideia eta molde berriak.

Zer-nolako rola jokatu du Topaguneak Laba sarea martxan jartzeko prozesuan?

Egoitzaren aukera sortu zenean, Topagunearen inguruko lauzpabost lagunek bat egin genuen. Erabaki bat hartu behar genuen: elkarteok sortu zerbait, edo beste zerbait berria martxan jarri. Azken aukera horren alde egin genuen, eta uste dut hautu zuzena izan zela. Erabaki hori hartu eta gero, proiektu berri hori sortzeko prozesu parte hartzailea diseinatzea eta gidatzea izan da gure zeregina.

Eta hemendik aurrera?

Laguntzea eta babestea izanen da gure zeregina; behar den bitartekaritza lan guztia erraztea ere bai. Garbi dugu harreman natural bat sortuko dela gure artean, elkarren ondoan egonen garela.

Laba sareak erakutsi du egiteko molde berrien garaia dela?

Ez dakit orain arteko bideak agortu ote diren. Baina garbi dago gazteek erabaki nahi dutela zer egin, eta horretarako hartu dute libre zegoen espazio bat. Horrelakoak behar dira gauza berriak egiteko, eta aurretik dauden inertziak bazter uzteko.

Sumatzen duzu mugimendu berezirik gazteen artean?

Bai, hala da. Laba sarea martxan jartzeko prozesuan hori ikusi dut. Egiteko gogoa badute, espazio berri horiek hartzekoa. Aurretik egindako bidearekin bateragarria da gogo hori; nork bere esparruan eragin behar du, baina ziur naiz elkarlanerako aukerak izanen direla; elkar osatzekoak.

Hizkuntza eskubideak aldarrikatzen jarraitzeko beharra bada, oraindik ere.

Hala da. Egungo Nafarroako Gobernuarekin gertatu da Euskarabideari eman diotela euskara sustatzeko gauzak egiteko aukera, baina lan esparrura iritsi garenean, gobernuak ez du onartu pausoak ematea. Ikusi dugu lan deialdietan. Horri buruz hitz egin beharko dugu, errespetua oinarri duen elkarbizitza baten alde. Lanean jarraitu behar dugu, eta gogoeta egin inkesta soziolinguistikoen arabera herritarrek euskararekiko duten jarrerari buruz.

Zer kezka duzue?

Herritarren %39k dute euskara sustatzearen aurkako jarrera, eta beste heren batek dio ez alde eta ez aurka dela. Hori landu behar dugu, eta horretarako jardunaldi bat eginen dugu, urriaren 14an, Iruñean. Urratsak egiteko beharrezkoa da auzi horri heltzea.