Nor ziren oroitu ahal izateko

Nor ziren oroitu ahal izateko

Urraulgoitin lanean hasi dira, XX. mendeko memoria gordetzeko. Karekin Kultura etxeko Kati Leatxe ari da materiala biltzen, liburu bat eta dokumental bat osatzeko.

Edurne Elizondo

Anitz dira beren iragan hurbilari so egin, eta iragan hurbil horren memoria gordetzeko urratsa egin duten herrialdeko udalerriak. Azkenetako bat izan da Urraulgoitikoa. Ibar horretako historia eta istorioak jasotzeko lanean ari da Karekin Kultura etxeko arduradun Kati Leatxe Aristu. 600 argazki baino gehiago bildu ditu jada, eta herriz herri lanean segitzen du, bizilagunen historiak, istorioak eta oroitzapenak jaso eta gero, guztiak liburu eta dokumental batean zabaltzeko asmoz.

Balisa Cervantes sendia, Ongotzen. BALISA CERVANTES FAMILIA-ILABARREN ETXEA.

Leatxe Aristu Longidan jaio zen, hangoa baitzuen ama. “Maistra zen, Ekain”. Amaren ama, berriz, Urrailbeitin sortu zen. Karekin Kultura etxeko arduradunak bi ibar horietan hasi du memoria jorratzeko eta gordetzeko bere proiektua, hain zuzen. “Udalerrietan aurkeztu, eta berehala esan zuten baietz”. Leatxe Aristuk onartu du Longidakoa “proiektu berezia” izan dela, Itoizko urtegiak baldintzatu duelako, neurri handi batean. Bildutako argazkietan ere sumatu du urtegiak herrietan eragindako mina, garai batean “bizi” ageri ziren herriak, herri huts eta hilak direlako orain. Itoitz bera urpean da.

Urte bat argazkiak biltzeko

Longidan eta Urraulbeitin osatutako liburuak eta dokumentalak erakutsi zituen Leatxe Aristuk Urraulgoitiko Udalean, proiektua martxan jarri zuenean, urte hasieran. “Herritarrek eskertzen dute lanaren emaitza zein izanen den ikusi ahal izatea”. Baiezkoa jasota, argazkiak biltzen hastea izan da lehendabiziko urratsa. “Lasai egiteko lan bat da”, azaldu du.

Herritar talde bat, Irurozkiko bestak ospatzen. ISTURIZ MELERO FAMILIA-PANTALEON ETXEA.

Horregatik, proiektuko lehen urte osoan egiteko zehaztu du zeregin hori Karekin Kulturako kideak. Izan ere, despopulazioak jotako herriak dira Urraulgoitiko anitz; zaila da aspaldi hutsik gelditu ziren etxeetan noizbait gordetako argazkiak aurkitzea, eta, horregatik ere, galzorian den memoria hori jasotzea are garrantzitsuagoa da. “Uda izaten da garairik aproposena, hilabeteotan elkartzen delako herrietan jende gehien”.

Argazkiak jaso, eskaneatu eta itzuli. Eta herritarrekin bat egiten duen bakoitzean, solasaldiak batzuekin eta bertzeekin. Proiekturako, gainera, zortzi elkarrizketa berezi egin ditu Leatxe Aristuk, Bi Ahizpak etxeko Aritz Gorostiagarekin batera. “Emakumeak eta gizonak hautatu ditugu, adin, bizi esperientzia, lanbide ezberdinetakoak”.

Urte hasieratik egindako bidea “hagitz aberasgarria” izan dela kontatu du Leatxe Aristuk. “Polita da oraingo herritarrek begirada atzera botatzea, eta garai bateko herrikideen egunerokoaren berri jasotzea”. Bidea oraindik ez du amaitu; denera, 2.000 argazki baino gehiago jasoko dituela uste du kultur kudeatzaileak, baina egin du lehen aurkezpen bat ibarrean, Urraulgoitiko Udaleko agintariekin batera, orain arte egindakoaren berri emateko, eta jasotako harrera “oso ona” izan dela nabarmendu du Kati Leatxe Aristuk.

“Memoria lantzeko grina”

Karekin Kultura etxeko arduraduna gozatzen ari da herrien iraganeko kontuak gordetzeko prozesuarekin, aitortu baitu etxean beti izan dutela “memoria lantzeko grina”. Gurasoengandik jaso du Leatxe Aristuk interes hori: “Gure etxean dena gordetzen genuen; amak eta aitak arbasoen istorioak kontatzen zizkiguten, eta adi entzuten genituen, bai eta grabatu ere”, gogoratu du Karekin Kultura etxeko kudeatzaileak.

Urraulgoitikoen gisako herri txikien memoria jasotzea “oso garrantzitsua” dela erran du Leatxe Aristuk. “Urrun irudikatzen ditugu herri txiki horiek”. Hurbildu nahi ditu bere lanarekin.