Zenbait elkarte ekologistak txosten bat zabaldu dute, Caparrosoko makroetxaldea ingurumenean «kalte larria» eragiten ari dela salatzeko. Behien egoerari ez dio aipamenik egin; Nor talde antiespezistak, hain zuzen, gogoeta egiteko eskatu du gizakien eta gizakiz bertzeko animalien arteko harremanari buruz.
Edurne Elizondo
Estepako hegaztiak aipatu dituzte; kutsadurak haien habitatari eragin ahal dien kaltea. Behien egoerari buruz, ordea, hitz bakar bat ere ez. Sustrai Erakuntza fundazioaren babespean, Nafarroako zenbait elkarte ekologistak ia ordubeteko agerraldia egin dute, behiak esplotatzen dituen Caparrosoko makroetxaldeari buruz, eta zabaldu duten diskurtsotik at utzi dituzte animaliok. Gogoeta egiteko eskatu du Nor kolektibo antiespezistak, gizakien eta gizakiz bertzeko animalien arteko harremanari buruz, batzuen eta bertzeen interesak kontuan hartzeko.
Europako behitegirik handiena da Caparrosokoa; Alesbes eta Martzilla ondoan dago, eta Valle de Odieta enpresak kudeatzen du. 5.200 behi inguru esplotatzen ditu egun, eta 2023rako 7.200 izateko baimena eman diote. Caparrosokoaren gisako haztegi handiek toki nabarmena hartu dute eragile anitzen agendan, eta, neurri batean, erdigunean jarri dute gizakiz bertzeko animalien esplotazioaren auzia. Ez, ordea, espezismoarena: mugimendu ekologistak eragin du nagusiki gai horren inguruko eztabaida, eta makroetxaldeen “alternatiba jasangarri” gisa aurkeztu du abeltzaintza estentsiboa.
Txikiak, “idealizatuta”
Sustrai Erakuntza fundazioak, Ekologistak Martxan-ek, Greenpeacek, Urbizik, Martzilla Bizirik, La Hacenderak —Soriakoa (Espainia); Valle de Odietak bertze makroetxalde bat egin nahi du han— eta Alesbesko Alnus taldeak egin dute bat, bertzeak bertze, Caparrosoko haztegiaren aurka. Berriki txosten bat erregistratu dute Nafarroako Parlamentuan, eta taldeei eskatu diete esku har dezatela haztegiak eragindako ibaien eta akuiferoen kutsadurari aurre egiteko. Makroetxaldea “kalte larria” eragiten ari dela nabarmendu dute, eta udan okerrera egin duela egoerak. “Nitratoek eragindako kutsadura nabarmena da. Martzillako Udaleko eta Nafarroako Gobernuko arduradunei eman diegu egoeraren berri, baina auzia artxibatu dute”, salatu du Martzilla Bizirik eta Alnuseko kide Lurdes Gardek.
Ingurumenari ez ezik, “sektoreari” ere egiten dio kalte Caparrosoko makroetxaldeak, ekologistek aipatu dutenez, eta garbi utzi dute abeltzaintza estentsiboa dela “jarraitu beharreko bidea”. “Haztegi industrial batean, behiak hil arte esplotatu beharreko objektu hutsak dira. Abeltzaintza estentsiboan, behiak zoriontsu bizi dira, naturaz gozatzeko aukera dute, eta bizi dira bizi behar duten bezainbertze”. La Hacendera elkarteko kide Begoña Izquierdorenak dira hitzok, eta kazetarien galdera bati erantzunez erran ditu. Nor talde antiespezistako bozeramaile Maialen Saguesen ustez, agerian uzten dute gizarteak “idealizatu” egin dituela haztegi zentro txikiak.
59,5 milioi animalia hil
“Abeltzaintza estentsiboak ere ez ditu kontuan hartzen gizakiz besteko animalien interesak; gizarte espezista bat da gurea, eta ikuspuntu horrek erabat baldintzatu du beste animaliekin dugun harremana; esparru horretan ere alienatuta gaude, eta gogoeta sakon bat falta da”, erantzun du Saguesek.
Nafarroan, 59,2 milioi animalia hil zituzten 2020. urtean, Nafarroako Gobernuko datuen arabera. Gizakiz bertzeko animalia horien arten, hegaztiak ziren gehienak: 56,4 milioi, hain zuzen ere. Urte horretan 31.263 behi hil zituzten; haztegietan, berriz, 123.450 behi zeuden. 2019ko datuen arabera, esnea ekoizteko haztegitan ziren 25.480 behi baino gehiago, eta ia 9.500 txahal. Nafarroan, denera, 246.328 litro behi esne ekoitzi zituzten urte horretan.
“Haztegia handia edo txikia izan, gizakien menpe dira beti beste animaliak, eta gizakiek erabakitzen dute noiz jaio, nola bizi eta noiz hiltzen diren”, zehaztu du Nor taldeko eledun Maialen Saguesek. Caparrosokoaren gisako haztegi handiak “animalien merkantilizazioaren eta espezismoaren alderdirik gogorrenetako bat” direla erantsi du Saguesek. “Industrializazioak gora egiten duen neurrian, are eskasagoa da gizakiz besteko animalien norbanako izateko gaitasuna”.
Baina baserri edo haztegi txikietan ere ez dira bermatzen gizakiz besteko animalien oinarrizko interesak. “Baliabide hutsak dira”, erran du Nor taldeko kideak. “Akaso, esan daiteke halakoetan begirada zabalago bat dagoela animalien ongizatearekiko, baina hori erdibideko eragiketa bat besterik ez da. Antiespezistok dena eskatu behar dugu: animalion askatasuna”.
Bat egiteko aukerak
“Errora jotzeko” beharra erantsi du Saguesek, hain zuzen: “Animaliak etxekotzeko prozesu bat egon da, eta, horren ondorioz, autonomo izateko gaitasuna lapurtu diegu”. Prozesu horren guztiaren inguruko hausnarketa eskatu du Nor kolektiboak, zehazki. Egun, gainerako animaliak gizakien menpeko bilakatzeko prozesu horren ondorioz, “esplotatzaileak erabakitzen du animalia batekin zer egin: haragia saltzeko ondo daudenean hiltzen dituzte; edo esne gehiago ekoizteko gai ez direnean”.
“Ekologistekin bat egin dezakegu zenbait puntutan; kapitalismoak ekartzen duen homogenizazioaren aurrean, guk ere txikiari eutsi nahi diogu, eta desazkundera jo. Kontua da guk garbi dugula eraldaketa prozesu horretan animaliak erabiltzeari utzi behar diogula”, aipatu du Saguesek.
Abiapuntu hori izanda, komunean dutena garatzeko aukera jorratzea litzateke egin beharreko bidea, Nor taldeko kidearen ustez: “Gogoeta sakon bat eskatu nahi diegu gizartea eraldatu nahi duten eragile guztiei, gizakiz besteko animaliekin dugun harremana azter dezaten; ezinbestekoa da harreman hori berrikustea”.
Ekologisten eta abeltzain txikien arteko aliantzen aurrean, Saguesek zehaztu du mugimendu ekologista “askotarikoa” dela, eta horrek eragiten du “batzuengandik urrunago eta beste batzuengandik hurbilago” sentitzea. “Bada bide bat elkarrekin egiteko aukera”.
Ekofeminismoarena izan daiteke aukera hori, Saguesek gaineratu duenez. “Gizakien artean ere bestelako harreman mota bat aldarrikatzen dituzten tokiak izan daitezke auzi honi buruz hitz egiteko erosoenak”, nabarmendu du Norreko kideak. “Feminismoak ematen ahal digu hitz egiteko eta elkar entzuteko espazio seguru bat, eztabaida zaintzaren bidez garatu ahal izateko”. Asmo hartu dute, betiere, esplotatutako animaliak erdigunean jartzea.
Linas Korta: “Haztegietan gertatzen dena erakutsi behar da”
Gurean’ dokumentalaren egileak gizakiz bertzeko animalien zapalkuntza zabaltzea eta hari so egitea du xede, bere kameraren bidez. Caparrosoko errealitatearen berri ere emanen du.
Linas Kortak kamera du espezismoaren berri emateko eta zabaltzeko lan tresna. Askekintzarekin batera zuzendu zuen Gurean dokumentala, gizakiz bertzeko animaliak erabiltzen dituzten Euskal Herriko bestei buruz —Argia saria jaso zuen ikus-entzunezko horrek, 2019an—. Euskal Herriko hiltegien inguruko ikerketa bat ere egin zuen, Nor talde antiespezistarekin batera, eta bidean jarraitzen du, bertzeak bertze, haztegietan gertatzen dena erdigunean jartzeko.
Caparrosoko makroetxaldean egona da, eta han ikusitakoaz badu zer erran: “Beste etxalde askotan ikusitakoa ikusi dut han, baina dena da askoz handiagoa: txahalentzako anitzez ere iglu gehiago dituzte, adibidez; ehunka daude halakoetan sartuta”, kontatu du.
Dokumentalista gisa, eta ikus-entzunezkoa bere euskarri izanda, Caparrosokoaren gisako haztegi bat “leku interesgarri bat” dela aipatu du Kortak: “Haztegi txikietan gertatzen dena gertatzen da handietan ere, baina dena batera. Caparrosoko haztegia da, nolabait esanda, Nafarroako beste haztegietan gertatzen denaren ispilu; gertatzen den esplotazioaren erakusle da”.
Falta den elementua
Linas Kortak azaldu du mugimendu ekologistak haztegi handien aurka egin izanak balio izan duela, neurri handi batean, auzia erdigunean jartzeko. “Uste dut ona dela ekologistek gai horri so egin izana, fokua jartzea gizakiz bertzeko animalien esplotazioan”. Erantsi du, halere, ekologisten analisian “ezinbertzeko” elementu bat falta dela: “Falta da jorratzea haztegiek animaliengan duten eragina, eragiten dieten sufrimendua eta kaltea”, erran du Kortak.
Ekologisten diskurtsoan, hain zuzen, Caparrosokoaren gisako haztegiek ekosistemetan duten eragina nabarmendu ohi da. Kortaren ikuspuntutik ere “garrantzitsuak” dira ekosistemak, eta garrantzitsua da ekosistema horiek zaintzea; ez, ordea, berez dutelako balioa, baizik eta “animalien etxe” direlako dutelako duten garrantzia.
“Kutsadurak ekosistemei eta horietan bizi diren animaliei kalte egiten diela salatzen dute; kutsadura sortzen duten haztegiek esplotatzen dituzten animaliei ere egiten diete kalte, baina hori ez dute aipatzen. Errealitateari so egiten diote, baina begi bat itxita”, dio dokumentalistak.
Linas Kortak anitzek ikusi nahi ez dutena erakusteko egiten du lan, hain zuzen. Euskal Herriko eta hemendik kanpoko hiltegietan filmatu du, bertzeak bertze, gizakiek kontsumitzeko hiltzen dituzten animalien azken minutua. “Hor ez dago alderik: esplotatzen dituztenek erabakitzen dutenean ailegatzen dira animaliak hiltegira, eta berdin du abeltzaintza estentsibo edo intentsiboko haztegitakoak izan. Ez batzuek, ez bertzeek ez dute hil nahi, eta hori agerikoa da hiltegian”, kontatu du.
Euskal Herrian eta hemendik kanpo egin du lan Linas Kortak. Garbi du haztegien auzia erdigunean jarri izana aprobetxatu behar dela eztabaida bideratzeko gizakiz bertzeko animalien aurkako zapalkuntzara. “Aukera baliatu behar dugu, gizarteari erakutsi haztegietan zer gertatzen den”.
Hemen ikus daiteke Linas Korta, Four Paws elkartearekin batera, prestatzen ari den lanaren lagin bat.
Goiko argazkia: FOUR PAWS / AITOR GARMENDIA