Landagain guraso elkarteak komunikazio bimodalaren gaineko ikastaro bat antolatu du berriki, Etxalarren. Larunbatero bilduko dira, abendura arte. Ane Pacheco logopeda da gidari ikastaroan.
Uxue Rey Gorraiz
Hitzak eta keinuak, elkarri laguntzeko. Esaldi horrek biziki ongi laburbiltzen du joan den larunbatetik Etxalarren abiatua duten ikastaroaren mamia: Hizkuntza bimodala. Landagain guraso elkartearen ekimenez antolatu dute, eta Ane Pachecho logopeda (Bera, 1999) dute gidari. Abendura arte izanen dira jardunean, larunbat goizetan.
Zer da hizkuntza bimodala?
Ahozko hizkuntza eta keinuak aldi berean ibiltzeari esaten zaio horrela. Dena dela, izatez, hori ez da hizkuntza bimodala, komunikazio bimodala baizik. Hizkuntza bat da, adibidez, keinu hizkuntza, horrek badituelako berezko gramatika eta egitura. Gorrek sortu zuten, beren artean solastatzeko. Komunikazio bimodala beste gauza bat da: ahozkoarekin konbinatua da; hau da, ahozko hizkuntzaren egiturari eusten dio. Horregatik, erran liteke sostengu bat dela, batzuentzat batez ere.
Noren mesedetarako da komunikazio bimodalaren erabilera?
Nire ikuspuntua nahiko subjektiboa da; izan ere, hain justu komunikazio bimodalari buruzkoa egin dut gradu amaierako lana, eta balio izan dit ikusteko horrela komunikatzen jakitea denontzat dela mesedegarria: izan daiteke haur bat hizkuntza baten zenbait gauza barneratzea zail egiten zaiona, izan daiteke pertsona autista bat… Ez horiek bakarrik: adibidez, heldutan iktus bat izan duen pertsona batentzat ere izan daiteke lagungarri, batzuek komunikatzeko zailtasunak baitituzte, nahiz eta mugitzeko ahalmenean problemarik ez izan.
Komunikazio mota hau oso zabaldua da mundu mailan? Noiztik da ezaguna?
1978an izendatu zuten horrela; hagitz berria da, beraz. Oraingoz, ez du oso ibilbide luzea egina. Nik ikasketetan ezagutu nuen, eta keinu hizkuntzan aritzeko gai naiz ikasketak egiten ari nintzen bitartean hura ikasteko izena eman nuelako. Udan bukatu dut. B2a lortu dut; azken maila, alegia.
Nola sortu zen ikastaroa martxan jartzeko ideia?
Etxalarren bada neska gor bat, haur bat. Pandemiaren eraginez, maskara ibiltzen hasi behar izan genuen guziok, eta herritarrak hasi ziren sumatzen zailtasun handiak zeudela harekin komunikatzeko. Adibidez, neskaren lagunei eskatu behar izaten zieten laguntza: “Erraiozu faborez, ez-dakit-zer”. Neskaren klasekide gehienek badakite keinu hizkuntzan hitz egiten. Txikitatik daude eskolan elkarrekin, eta zertxobait ikasi dute; polita da, harritu ere egiten zara elkarren artean nola komunikatzen diren ikustean. Kontua da herritar gehienak ez direla horretarako gai. Pandemiarekin, are argiago ikusi zuten ikasteko premia zutela, eta ideia hau izan zuten.
Joan den larunbatean izan zenuten lehenbiziko saioa. Zer moduzkoa izan zen?
Nahiko urduri nengoen, nire lehenbiziko aldia zelako horrelako zerbaitetan. Beldur nintzen nola aterako zen, jendeak zer erreakzio izanen zuen, interesatuko ote zitzaion… Baina, egia erran, orduek aurrera egin heinean, ohartu nintzen jendea pozik zela. Alfabetoarekin hasi ginen. Azken batean, ikastaroak abendura arte iraunen du, eta ez dago denborarik keinu hizkuntza erabat ondo ikasteko, baina behintzat balioko die ongi adierazten ez dakiten gauzak letreiatzeko. Gainera, saioan sumatzen nuen jendea gauza berri batzuez konturatzen ari zela, kontzienteago zela gauza batzuen inguruan. Harrituak ziren.
Zertaz konturatu ziren?
Ohartu ziren gorra izateak zer zailtasun ekartzen dituen gure gizartean. Hagitz kontent nago; izan ere, niretzat behintzat, ikastaroaren helburua ez da soilik komunikazio bimodala irakastea: sentsibilizazioa bultzatzea ere bada asmoa. Gorrek guk ikusten ez ditugun hesi asko dituzte. Soinu asko barneratuak ditugu; ohituak gaude, adibidez, txirrinak edo alarmak erabiltzera, konturatu gabe gorrek beste modu batzuk behar dituztela mezu horiek jasotzeko.
Sentsibilizazioa xede, asko falta da egiteko?
Baietz erranen nuke. Anitzetan iruditzen zait gorrak ia ikusezinak direla; gure gizartea ahozkoa da guztiz. Kalean norbait ikusi, harekin hizketan hasi, eta konturatzen garenean gorra dela, barkamena eskatu eta alde egiten dugu, elkar ulertzen saiatu beharrean.
Zer neurritan zabaldu beharko litzateke komunikazio bimodalaren erabilera gizartean?
Nik beti pentsatu dut ezin hobea litzatekeela eskolan irakastea. Berdin Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan edo Bigarrenean. Ingelesa ikasten dugun bezala ikas genezake keinu hizkuntza, eta ederki etorriko litzaiguke guzioi.
Zer beste neurri hartu beharko lirateke gorrek oztopo gutxiago izan ditzaten?
Ni ez naiz gorra, eta ezin dut azaldu beste batzuek eginen luketen bezala. Dena dela, adibidez, nire irakasle izan diren gor batzuek argi azaldu izan dute asko falta dela egiteko. Gauza askotan sumatzen da. Esaterako, telebistan argi ikusten da: bada kate bat keinu hizkuntzako itzulpena eskaintzen duena, baina hainbatetan exijitu izan da keinu hizkuntzan hizketan den pertsona agertzen den koadroa handiagoa izan dadila. Azpidatziak ere beharrezkoak dira. Gauza txikiak dira, itxuraz, eta ez gara ohartzen, baina ahalegin handiagoa behar da.