Idazteko orduan, emozioak eta sentimenduak maiz izan dira inspirazio iturri Oihane Anduezarentzat. Orain, beldurrari erreparatu dio, eta ipuin bat argitaratu du gai horri helduta: Aittune, iluntasunaren beldur naiz.
Uxue Rey Gorraiz
Etenez jositako loaldi artean bururatu zitzaion Oihane Anduezari (Lakuntza, 1981) bere azken ipuina idazteko ideia, gaueko ilunean. Aittune, iluntasunaren beldur naiz jarri dio izena liburu argitaratu berriari. Kontatu duenez, lanean jasotako hitzak terapia bide izan daitezke zenbaitentzat; hein batean, hala sentitu ditu berak ere. Itxuraz, haurrei zuzendutakoa da liburua, baina, edonola ere, Anduezak argitu du badela garaia hesi horiek eraisteko. “Zertarako zehaztu adina?”. Uste du guztientzat izan daitekeela mamitsu emozioei so egitea, baita liburu bidez ere.
Zer kontatzen du ipuinak?
Elkarrizketa bat da, aittune eta bere bilobaren artekoa. Hor, bilobak aitonari kontatzen dio beldurra diola iluntasunari, eta aitonak lagundu egiten dio beldur hori gainditzen, edo, hori baino gehiago, bizitzen. Bide bat erakusten dio, elkarrizketa aski intimo baten bidez.
Nola okurritu zitzaizun ipuina sortzeko ideia?
Zalantzarik ez daukat nire amatasunarekin lotuta dagoela. Urtebeteko ume bat daukat, eta azken hilabeteotan gau pila bat pasatu dut erdi esna, erdi lo; lo eten askorekin. Une horietan, gogoeta bat sortzen zitzaidan barruan: gau ilun horietan alabarengandik gertu egon beharrean beste nonbait egon izan banintz? Zer gertatuko zen arreta hori eskaini izan ez banio? Orduan okurritu zitzaidan gaia. Bestalde, zortzi urte daramatzat Claudio Naranjo fundazioarekin harremanetan, hezkuntzaren alorrean. Hezkuntza integratzaile bat eraikitzea dugu helburu. Fundazioaren bidez egindako lanketa ere izan da inspirazio iturri ipuinerako, argi eta garbi.
Beldurrari buruz idatzi duzu. Terapeutiko izatea da asmoa?
Bai, zalantzarik gabe. Psikologiaren mundutik gertu bizi naiz, arte terapiari buruzko formakuntzak egin izan ditut, eta, nahi gabe edo, mota horretako idatziak ateratzen zaizkit. Oso erakargarria egiten zait, eta, gainera, irakasle naizen heinean, hutsune bat sumatzen dut hezkuntza sisteman. Hutsune hori betetze aldera ere idatzi dut oraingo ipuin hau, nolabait ere.
Zein da hutsune hori, bada?
Emozioak eta harremanak jorratzea falta da. Irakaskuntzaren oinarri nagusi izan behar lukete, eta ez da hori gertatzen, ez, behintzat, hezkuntza sistema ofizialean.
Zer zailtasun du itxura batean iluna izan daitekeen emozio bati buruz idazteak?
Nik idazten dudan guztia nigandik ateratzen da. Introspekzio lan sakona egin dut hau kanporatu ahal izateko, eta nire beldurretara ere bidaiatu dut. Biziki sinisten dut gure ilunetara sartze hutsak lagundu egiten duela argira hurbiltzen. Azken batean, izua parez pare jartze hutsa lagungarri da beldurrak gainditzeko.
Ipuina bi hizkuntzatan argitaratu da aldi berean; euskaraz eta gaztelaniaz. Nola kudeatu duzu hori?
Prozesua aldebikoa izan da. Bi bertsioak harremanetan izan dira etengabe; hau da, bata ez da bestearen itzulpena. Lehenbiziko zirriborroa gaztelaniaz idatzi nuen, marrazkilariarekin eta maketatzailearekin komunikatzea errazagoa izan zedin. Gero, baina, euskarazko testua eta gaztelaniazkoa elkarrizketa batean sartuta egon dira prozesu guztian. Euskaraz idazten nuen heinean, beste ideia batzuk sortzen ziren, eta gaztelaniazkoa ere elikatzen zen horrela.
Hizkuntza bakoitzak ez al dio kutsu bat ematen?
Baliteke. Nigan ere hori sentitzen dut. Hizkuntza bakoitza bizipen batzuetara lotua daukadala iruditzen zait, emozio desberdinak azaltzen zaizkit bakoitzarekin. Euskara daukat intimoagotzat. Berriz, gaztelaniaz egin dut formakuntza guztia, eta horrek ere badu eragina. Bietan da berezia.
Ipuina irudiz josia dago. Zenbateraino da inportantea idazlearen eta marrazkilariaren arteko harremana?
Oso garrantzitsua da. Ipuin honetarako Victoria Garcia Masdeu marrazkilariarekin egin dut lan. Mallorcakoa da (Herrialde Katalanak), eta nire aurreko ipuinean ere, Darse cuento izenekoan, harekin aritu nintzen. Pena nuen ez genuelako fisikoki egoterik izango, baina, aldi berean, harremana estua izan da, eta oso erraza izan da elkar ulertzea. Marrazkilaria ez ezik, irakaslea ere bada, eta baita arte terapeuta ere.
Irudiei so, zer itxura du ipuinak?
Ni oso pozik nago; prozesu polita izan da. Bospasei hilabeteko esperimentazio fasea izan da horri dagokionez. Victoriak irudiak bidaltzen zizkidan, eta iritziak eskatu. Nik intuizioz erantzuten nion, eta, pixkanaka, joan da forma eta zentzua hartuz. Azkenean, akuarela da nagusi, nahiz eta beste teknika batzuk ere azaltzen diren irudietan. Uste dut akuarela oso egokia dela, ez baita oso definitua; beldurra bezalakoa da: lausoa.
Haurrentzako bigarren ipuina duzu hau. Hori zaizu erregistrorik erosoena?
Ez nuke jakingo zein aukeratu. Poesian ere aritu naiz, baita antzerkigintzan ere. Uste dut adierazi nahi dudanaren araberakoa dela; gaia zein den, forma bat edo beste bat aukeratzen dut. Agian, gaia existentzialistagoa edo intimoagoa baldin bada, poesia aukeratuko nuke. Gaia sozialagoa bada, antzerkia.
Jendeak aurreiritziak ditu haur literaturaren gainean?
Bai. Bada gauza bat bi liburuetan gertatu zaidana. Galdetu izan didate: “Zein adinetarako dago zuzendua ipuina?”. Helduok dena etiketatu beharra sentitzen dugu, umeek ez bezala. Esan nahi dut: posible da ume bati liburu bateko marrazkiak asko gustatzea, nahiz eta irakurtzen jakin ez, eta ipuina izan daiteke aproposa harentzat. Nire liburuek mami sakona izaten dute; idazten dudanean, badakit gerta daitekeela guztiek ez ulertzea, baina ez dut problemarik ikusten horretan. Gainera, zertarako zehaztu adina? Azken finean, helduok eta haurrek gaitasun eta zailtasun antzekoak ditugu gauza askotan, harremanetan batez ere.
Zer gai nahi zenuke gehiago lantzea haur literaturan?
Sektorea ez dut oso sakonki ezagutzen. Alde horretatik, ez nago oso jantzia. Halere, iruditzen zait badagoela joera nabarmen bat: gehienetan, ipuinen bidez, umeengan sartu nahi izaten dira berez helduonak diren exijentzia eta ideiak. Nolabait, umeak bideratu nahi izaten ditugu helduok, handik edo hemendik, eta kosta egiten zaigu ulertzea umeen mundua den bezalakoa dela. Neure buruarekin ere kritikoa naiz, agian nik ere egiten baitut hanka sartze hori. Hain zuzen ere, hau esatearekin batera ohartzen naiz nik ere saiatu beharko nukeela bide hori hartzen, umeek berez dakartena ikusten eta bere horretan uzten.