Zaragozako (Espainia) hazien bankuan hartu dituzte. Erriberan lantzen zuten melona izeneko sandia mota berreskuratu dute.
Edurne Elizondo
Intia Nekazaritzako Elikagaien Teknologiak eta Azpiegiturak elkarte publikoak 78 hazi zahar jaso eta gorde ditu, klima aldaketara egokitzeko Europako Life Nadapta programaren barruan. Intiako teknikariak herrialdeko nekazariekin elkarlanean aritu dira, nekazariok gorde baitituzte belaunaldiz belaunaldi landutako haziak. Hazi horiek jaso, eta Zaragozako (Espainia) Nekazaritzako Elikagaien Teknologia eta Ikerketa Zentroaren esku utzi ditu Intiak, erakunde horrek duen hazien bankuan.
Nafarroako 50 herri baino gehiagotako nekazariek parte hartu dute haziak biltzeko programan. Proiektu horren bidez, klima aldaketaren jokalekura egokituko diren haziak gorde nahi ditu Intiak. “Gaur egungo nekazaritzan, enpresek saldutako haziak nagusitzen ari dira; horrek ekartzen du mundu osoan hazi berdinak erabiltzea; hazi horien oinarri genetikoa, gainera, anitz sinplifikatu dute”, azaldu du Intiako teknikari Salomon Sadabak.
Belaunaldiz belaunaldi gordetako hazi zaharren oinarri genetikoa zabalagoa da, eta, ondorioz, teknikariek uste dute aukera handiagoa izanen dutela klima aldaketara egokitzeko. “Belaunaldiz belaunaldi gordetako haziak dira; erabiltzen zituzten eremura hagitz ongi egokitutako haziak dira”, kontatu du Sadabak. Nekazari zahar anitz beren lana utziz joan diren neurrian, desagertu egin dira hazi horiek ere, ordea. “Nekazaritzarekin lotutako jakintza bat ere desagertzen da pertsona horiek galtzen ditugunean; horregatik ere garrantzitsua da haziak eta haien inguruko informazioa eta ezagutza jasotzea”, nabarmendu du Intiako teknikariak.
Elkarteko kideek jasotako hazien artean, Erriberako zenbait herritan melona deitzen zuten sandia motarenak daude. “Garai batean, anitz lantzen zuten; baina 1970eko hamarkadan ia desagertu zen”. Sadabak zehaztu du gaur egun Murillo el Fruton egiten dutela. “Garai batean, melona gozokia egiten zuten Erriberako etxe anitzetan fruitu horrekin”, erantsi du Salomon Sadabak.
Tuterako tomate itsusia
Nafarroak ez dio ihes egin hazien esparruan mundu osoan gertatu denari. “Hemen ere, hazi mota komertzialak nagusitu dira, hein handi batean”, onartu du Sadabak. Halere, nabarmendu du nekazaritza ekologikoa handitzen ari dela, eta gero eta gehiago direla nekazaritza mota horren alde egiten dutenak.
Tomatearen adibidea aipatu du Intiako kideak, Nafarroan hazi komertzialak baztertu, eta nagusiki Tuterako tomate itsusia hazten baitute nekazariek. “Berotegietan ere hazi hori nagusitu da; bertakoa da, eta anitzez ere hobeki egokitzen da”.
Intiako kideek hazien bankua elikatzen jarraitu nahi dute, eta azaldu dute hazi zaharrak biltzeko programa martxan dela oraindik. Telefono zenbaki bat dute parte hartu nahi duten herritarrentzat eta nekazarientzat: 948-01 30 40. Salomon Sadabak parte hartzera deitu ditu nekazariak, eta garbi erran du hazi zaharrak biltzeko programak balioa eman nahi diela herrialdeko nekazariek belaunaldiz belaunaldi egindako lanari.
Argazkia: Melona. Intia