E. Elizondo
Lan handikoak izan dira azken hilabateak, Nafarroan, Aranzadiko kideentzat. Abenduan, 1936ko altxamendu militarraren ondorioz fusilatutako zazpi pertsonaren gorpuak aurkitu zituzten, Iberon. Urtarrilaren 31n, berriz, Ezkabako gotorlekuko espetxetik ihes egindako hamasei pertsonaren arrastoak topatu zituzten, Olaben. Bi herriotan, Nafarroako Gobernuaren laguntza eta babesa jaso zuten Aranzadiko teknikariek: Ana Ollo gobernuko bozeramaile eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria han izan zen. Departamentu horretako Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendaritza nagusiak, hain zuzen, bere egin du oraindik ere desagertuta dauden nafarrak bilatzeko eta lur azpitik ateratzeko lana.
Urrats hori egiteak ekarri du erabateko aldaketa Nafarroako Gobernuaren orain arteko jardueran. Eta aldaketa hori sumatu dute Aranzadiko kideek. “Gobernuak, orain, badu gogoa. Babes horrek duintasuna ematen die hildakoei, bai eta haien senideei ere; goi mailako ordezkariak indusketa lanetan egoteak ematen dio zilegitasun demokratikoa gobernuari; Europan kokatzen du Nafarroa, herri gisa”.
Aranzadiko idazkari nagusi Juantxo Agirrek erran ditu hitz horiek. Eskertu du bultzada. Gobernu berria osatu bezain pronto, Nafarroako agintariak Aranzadiko kideekin jarri ziren harremanetan. “Aranzadik egiten duen lana funtzeskotzat jo zuten; gure esku zegoen informazioa helarazi genien, eta elkarlanerako erabateko adostasuna lortu genuen”.
Horrela, esku hartzeko modu erabat ezberdina jarri zuten martxan gobernuko kideek. Aurreko legegintzaldietan, diru laguntzen bitartez bideratu zuten UPNko agintariek 1936ko altxamenduaren ondorioz hildakoak lur azpitik ateratzeko lana. Agirrek argi erran du. “30.000 euroko diru laguntza oso murritza zen”. Prozedura hori, gainera, ez zela batere arina erantsi du Aranzadiko kideak, ezta eraginkorra ere.
Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendaritza nagusiak ardura bere gain hartu eta gero, haren aurrekontuaren barruan sartzen da indusketak egiten jarraitzeko lanak behar duen saila. “100.000 euro ingurukoa izanen da”, zehaztu du Agirrek. Zuzendaritza bera da egin beharreko lanak eta urratsak kontrolatzen dituena. “Gobernuak jasoko ditu eskaerak; eskaera horiei buruz txosten teknikoa egingo dugu guk, bideragarriak ote diren edo ez zehazteko, eta horren arabera gobernuak erabakiko du”. Lan egiteko modu hori finkatzeko gobernuarekin hitzarmena sinatzeko zain direla azaldu du Aranzadiko idazkari nagusiak.
Azken palakadan
Akordioa laster sinatuko dutela espero du Agirrek. Ez baita denborarik galtzeko. “Zer egin bada, oraindik ere”, azaldu du Aranzadiko kide Lourdes Herrastik. Berak ere eskertu du gobernuaren bultzada, eta babes horrek fruiturik emanen duela espero du. Indusketa lanek hedabideetan duten oihartzuna lagungarri izan daitekeela erran du. “Orain arte deus esan ez duenak esan dezake zerbait”. Hori gertatu da, adibidez, Olaben. “Fermin Ezkieta aritu da han ikertzen, batez ere. Informazio eta datu gehiago jaso, eta haiei esker aurkitu genituen han lurperatuta zeuden gorpuak”, azaldu du Herrastik.
Zorteak ere zerikusirik izan duela gaineratu du. “Azken palakadan agertu ziren lehen arrastoak”. Denera, hamasei gorpu. “Ezusteko ederra hartu genuen”.
Olaben eta Iberon azken hilabeteotan aurkitutako gorpuak Aranzadiren laborategian dira orain. “Hezurrak garbitu behar ditugu, aztertu, datu antropologikoak jaso…”. Olabekoak identifikatzeko lana hagitz zaila izanen dela uste du Herrastik, Ezkabako ihesaldian Euskal Herritik kanpoko hamaika pertsonak parte hartu zutelako. “Estatuan Garcia bat bilatzea, adibidez, oso zaila da”.
Iberon, Aranzadik abenduan egindako lanak ez dira hango gorpuak lur azpitik ateratzeko lehendabizikoak izan. 1978an, Larragako 21 bizilagunen gorpuak atzeman zituzten. Baina ezaguna zen gehiago bazirela. “1978an aritu zirenek utzitako hezurrak aurkitu, eta haiek eman ziguten behar genuen pista”, azaldu du Herrastik. “Beste sei hobi aurkitu genituen; gorpu bana bazuten, batek izan ezik; batean bi zeuden”.
Lanean jarraituko du Aranzadik. Horixe nabarmendu du Juantxo Agirre idazkari nagusiak, eta argi utzi du lan horri bultzada ematea nafar guztiei eta haien erakundeei dagokiela.