Iruñeko Donibane auzoko hamaika eragilek bat egin dute egitasmoan. Zaharrei gailu elektronikoak erabiltzen irakastea da haien asmoa.
Edurne Elizondo
Iruñeko Civican eta Yamaguchi liburutegiek, eta Donibaneko San Juan Xar elkarteak kanpaina bat hasi dute zaharrei gailu elektronikoak erabiltzen laguntzeko. Arrakala digitala gainditu lelopean, eta Adinekoen Aldeko Itunaren barruan, asmoa da 65 urte baino gehiagokoak eta gazteak harremanetan jartzea, gazteek zaharren kezkak argitu ditzaten, sakelako telefonoaren edo ordenagailuaren erabilerari buruz.
“Gero eta gehiago dira online egin beharreko tramiteak; zaharrentzat, anitzetan, zaila izaten da. Dituzten kezka nagusiak argitu, eta gailuak erabiltzen lagundu nahi diegu”, azaldu du Yamaguchiko liburuzain Ana Labianok. Programan parte hartu nahi dutenek liburutegi horretan, Civicanen eta San Juan Xar elkartean eman dezakete izena.
Abenduan, parte hartzaileak harremanetan jarriko dituzte lagunduko dieten boluntarioekin. “Bikoteak osatuko ditugu, arreta ahalik eta zehatzena izan dadin”, erran du Labianok. Eta, urtarriletik aurrera, martxan jarriko dira.
Ikasleak boluntario
Zaharrak lagunduko dituzten boluntarioak San Cernin ikastetxeko eta Navarro Villoslada institutuko gazteak dira. “Ez da gisako lan bat egiten duten lehendabiziko aldia; Navarro Villosladan, adibidez, ikastaro bat egin zuten zaharrei gailuak erabiltzen irakasteko. Esperientzia hagitz ona izan zen, eta oraingo kanpainarekin ere berehala bat egin dute”, kontatu du Ana Labiano liburuzainak.
Kanpaina horren bertze helburua da gazteen eta zaharren arteko harremana sustatzea, eta, arrakala digitalarekin batera, belaunaldien artekoa ere gainditzea. “Adinekoen Aldeko Itunak ere badu helburu hori”. Civican eta Yamaguchi liburutegietan izanen dute zaharrek eta gazteek bat egiteko aukera. “Astean behin eta ordubetez elkartzea da asmoa. Bikote bakoitzak zehaztuko du eguna eta ordua”, erantsi du Labianok. Parte hartu nahi dutenek azaroa bukatu arte dute izena emateko aukera.