Nafarroako Txinatarren Elkarteak eta Nafarroako Gobernuak kanpaina bat hasi dute, herrialdean bizi diren txinatarren komunitatearen berri zabaltzeko. «Elkar ezagutzea» da helburua. 1970eko hamarkadan erroldatu ziren lehen txinatarrak Nafarroan; egun, 1.900 bizi dira.
Edurne Elizondo
Tabernan ikasi nuen txisteak kontatzen eta biraoak erraten gaztelaniaz”. Ai Wei Huang Huang txinatar nafarrak erran ditu hitzok, irribarrez. 1996. urtean ailegatu zen Iruñera, 14 urterekin. Ostalaritzaren arloan hasi zen lanean, 2003an. Orain, taberna bat eta etxe agentzia bat ditu, eta, gainera, Nafarroako Txinatarren Elkarteko presidentea da. Kanpaina bat hasi dute, Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuarekin batera, herrialdean bizi diren txinatarren komunitatearen berri zabaltzeko.
“Txinatarrok eta gainerako herritarrek elkar ezagutzea da gure helburua”, nabarmendu du Ai Wei Huang Huangek. Hori lortzeko urrats garrantzitsu bat izan da elkartea sortzea. Duela bi urte jarri zuten martxan. “Elkartea sortu arte, txinatarrok ez genuen inolako ordezkaritzarik administrazioarekin hitz egiteko. Migratzaileek osatutako ehun elkarte baino gehiago zeuden Nafarroan, baina bakar bat ere ez txinatarrona. Nor berean zegoen”, azaldu du.
1970eko hamarkadan ailegatu ziren lehendabiziko txinatarrak Nafarroara. Egun, ia 1.900 daude herrialdean erroldatuta. Txinako eskualde beretik ailegatu dira %80, Zhejiang probintziatik, hain zuzen ere. “500.000 biztanle inguruko eskualde bat da”.
Zhejiang eskualdeko Qingtian herrikoa da Huang Huang. Jin Ling Wu ere han sortua da. 2002. urtean atera zen Txinatik. Bilbo izan zuen lehendabiziko helmuga. “Osaba bat nuen han, eta haren etxera joan nintzen. Txinatik kanpoko mundua ezagutu nahi nuen. 19 urte nituen”. Bilbon urte erdi bat inguru gelditu zen; handik Gasteizera mugitu zen, eta ondoren, Bartzelonara.
“Gasteizen ezagutu nuen senarra; elkarrekin joan ginen Bartzelonara, eta handik etorri ginen Iruñera, 2004an”, kontatu du Jin Ling Wuk. Bazar txiki bat ireki zuten orduan, Iruñean. Bazar handi bat dute, orain, Cordovillan, eta, 2019tik, gainera, arropa denda bat.
“Harremana estutu”
Ai Wei Huang Huangek eta Jin Ling Wuk denbora gehiago eman dute Nafarroan Txinan baino. Garbi dute Nafarroan gelditu nahi dutela, eta bertako gizartearen parte diren heinean, “zubiak eraiki eta harremana estutu” nahi dute gainerako herritarrekin. “Jendeak erran ohi du txinatarrok nahiko itxiak garela, eta egia da, neurri batean. Badugu irekitzeko beharra, bai eta elkar ezagutzekoa ere”, erran du Huang Huangek.
Hori da Nafarroako Gobernuarekin prestatutako kanpainaren bidez lortu nahi dutena, hain zuzen ere: gainerako nafarrek txinatar komunitatea ezagutzea, alegia. Horretarako, eskuorriak prestatu dituzte, Txinan jaiotako nafarrek “herrialdeko ekonomiaren eta merkataritzaren ehunean betetzen duten funtsezko rola azaltzeko”. Txinatarrok banatuko dituzte eskuorri horiek beren bezeroen artean. Nafarroako Gobernuak 4.000 argitaratu ditu, gaztelaniaz eta txineraz.
Txinatik datozen migratzaile gehienak autonomoak dira. “Hasieran, ostalaritzan aritzen ginen, nagusiki. Orain, jatetxeez gain, baditugu tabernak, arropa dendak, janari dendak, ile apaindegiak, etxe agentziak, bazarrak eta bertze”, aipatu du Huang Huangek.
Beren negozioen jabe dira. “Lan eta lan ematen dugu eguna, eta horrek zailtzen du bertzeekin egoteko aukerak sortzea”. Muga nagusia hizkuntzarena dela erantsi du, halere, eta bere gurasoen erabakia jarri du egoera horren adibide: “40 urtez bizi izan dira Nafarroan; egunerokoan konpontzeko adina gaztelania badakite, baina Txinara itzultzea erabaki dute, pandemiagatik. Gaixotzeak beldurtzen ditu, medikuen hitzak ezin ulertzeak”.
Babes sarea
Bertze elementu bat aipatu du Huang Huangek: “Txinatik datozen guztiek badute senideren bat hemen. Bertzela, ez dira etortzen”. Gertukoen babes sarea badute, beraz, sorterritik kanpo egonda ere, eta horrek ondorio du, Huang Huangen ustez, txinatarrak txinatarrekin elkartzea, nagusiki.
Huang Huangen gurasoak bezala, haren aitona-amonak ere Txinara itzuli ziren, urte luzez Nafarroan egon eta gero. “Gehienok budistak gara, eta sorterrira itzultzen ohi gara zahartzaroan, sorterrian hiltzeko”.
Nafarroan bizi diren txinatarrek ez dute sorterriarekin duten harremana galdu nahi. Ai Wei Huang Huang 2018. urtean egon zen Txinan, azkenekoz. Ezin izan da itzuli, pandemiagatik. Jin Ling Wu Txinan zen izurria lehertu zenean, hain zuzen. “Nahi baino lehenago itzuli behar izan genuen, konfinamendua ezarri zutelako. Nafarroara bueltatu, eta handik pare bat hilabetera ailegatu zen birusa honat”.
Huang Huang eta Wu txinatar eta nafar sentitzen dira, aldi berean, eta garbi dute haientzat errazagoa izan dela herrialdeko egunerokora moldatzea aurretik etorri ziren txinatarrentzat bainoago. Seme-alabak dituzte biek, eta sumatu dute hurrengo belaunaldian gertatu den aldaketa ere. “Gure haurrak hemen jaio baitira”, aipatu dute bi emakumeek.
Ahalegintzen dira, halere, haurrek Txinarekin duten lotura gal ez dezaten. Jin Ling Wuren lau seme-alabak, adibidez, urtero joan ohi dira gurasoen sorterrira. “Familiarekin egotera, eta gure kultura ezagutzera”. Hemen ere, txinera idazteko eskolak hartzen dituzte. “Hitz egiten badakite, gurekin beti aritu direlako txineraz; zailagoa da idaztea, ordea, eta horregatik hartzen dituzte eskolak”, azaldu du Jin Ling Wuk. Onartu du, halere, seme-alabek elkarren artean gaztelaniaz aritzeko ohitura dutela. “Erosoago sentitzen dira gaztelaniaz hitz egiten”
Gurasoekin mandarin txinera egiten dute. “Mandarin txinera da nagusi, hori irakasten da eskoletan. Gure herrian erabiltzen dugun mintzaira ez dute ikasi, zailegia delako haientzat”, erran du Wuk.
9 eta 15 urte artekoak dira Jin Ling Wuren seme-alabak; 16 eta 18 bitartekoak, berriz, Ai Wei Huang Huangen hirurak. “Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikasten ari da alaba nagusia”, erran du, harrotasunez. Oroitu du 14 urterekin Nafarroara etorri zenean beretzat “zaila” izan zela institutua, eta “pozten” du seme-alabek beren bidean urratsak egiten ikusteak.
Urte Berri txinatarra
Nafarroako Txinatarren Elkarteak ere segitu nahi du urratsak egiten txinatarren komunitatea eta gainerako herritarrak lotzeko. Urtarrilaren 31n, adibidez, bigarrenez ospatuko dute Urte Berri txinatarra —2019an egin zuten lehen aldiz—, Barañaingo auditoriumean. “Gure kultura erakutsi nahi dugu, jendeak gu ezagutzeko”, berretsi du Ai Wei Huang Huangek.
Nafarroako Txinatarren Elkarteko presidenteak garbi du kanpainak lagunduko duela han eta hemen jaiotako nafarren arteko harremanak “aberasten”. Elkar ezagutzea da “gakoa”. Elkar ezagutu nahi izatea. Txinan jaiotako nafarrek garbi utzi dute zubiak eraikitzeko prest direla, Nafarroako Gobernuarekin hasi duten kanpainaren bidez.
E. Elizondo
NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko Confucio gelako arduraduna da Monica Yu (Taiwan, Txina, 1980). Txinera irakasteko akademia bat ere badu Iruñean, eta Nafarroako Txinatarren Elkartetik ari da lanean , gainera, “zubiak eraikitzeko” asmoz. 2000. urtetik bizi da Yu Nafarroan.
Nafarroako Txinatarren Elkarteko idazkaria zara. Zer asmoz?
Parte hartzea erabaki nuen, batez ere, bertze txinatarrak laguntzeko asmoz. Gehienek arazoak dituzte hizkuntzarekin. Uste dut elkarteak zubi lana egiten ahal duela gure komunitatearen eta gizartearen artean; zubiak eraiki ditzakegu ere hedabideekin eta erakunde publikoekin. Hor lagundu nahi dut nik, jendeak txinatarrok hobeki ezagutzeko.
Hizkuntza da txinatarrrentzat arazo nagusia?
Txinatarroi, oro har, kostatu egiten zaigu irekitzea, eta arrazoi nagusietako bat da hizkuntzarena. Baina badira bertze faktore batzuk ere. Gure kulturagatik, adibidez, zuhur jokatzeko joera dugu. Hedabideetatik gurekin harremanetan jartzen direnean, kostatu egiten zaigu elkarrizketa bati baiezkoa ematea, adibidez.
Zergatik?
Batez ere, huts egiteko beldur garelako erraten dugu ezetz. Lehen harreman hori egitea gehiago kostatzen zaigu, hanka sartzeko edo irrigarri gelditzeko beldur garelako. Gure eta hemen jaiotakoen ohiturak ezberdinak dira, eta horrek ekartzen du lehen une batean atzera egitea.
Hizkuntzaren muga gainditzeko egiten duzu lan NUPen eta handik kanpo ere.
Nafarroako Unibertsitate Publikoan Confucio gelako arduraduna naiz. Gainera, akademia bat badut, Nihao Navarra. Eskolak modu bat dira Txinako eta hemengo kulturak batzeko, elkar ezagutzeko.
Hizkuntza irakastea baino gehiago da?
Bai. Kultura baten berri ematen saiatzen naiz; gelan jorratzen dugun gaiaren arabera, bideoak erakusten dizkiet, adibidez, edo eskulanak egiten ditugu. Helburua da gure kultura hobeki ulertzea eta ezagutzea. Pandemiagatik iaz ezin izan genuen egin, baina Urte Berri txinatarra ere ospatzen ohi dugu, mahai baten bueltan errazagoa delako gauzak barneratzea.
Sumatzen duzu ikasleak hurbiltzen direla zuengana eta zuen kulturara?
Bai. Nik uste dut ondorio nagusia dela jendeak gure kultura ezagutzen duenean errespetatzen hasten dela. Haurren artean ere sumatzen dut hori, ulertu dutela hizkuntzek eta kulturek ematen duten aberastasun hori ona dela.
NUPen egoteak ere laguntzen dizu aberastasun hori erakusten?
Bai. Confucio gelan hasi aurretik ere ni izan naiz txinerako azterketa ofizialen arduraduna Nafarroan. Confucio Institutua Zaragozako Unibertsitateak sortu zuen, eta haien bidez jarri genuen hemengo gela martxan, 2017an, txinera irakasteko.
Nafarroako Gobernuarekin kanpaina hasi du orain Nafarroako Txinatarren Elkarteak.
Helburu nagusia da txinatarrok ikusgarri bilakatzea. Ostalaritzaren esparruan ikusi gaituzte txinatarrok, orain arte, nagusiki, baina gero eta arlo gehiagotan gaude. Horren berri eman nahi dugu, hemen gaudela azaldu, eta gu ere Nafarroako egunerokoaren parte garela erakutsi.
Zuen egunerokoan sumatzen duzue gizartea arrazista dela?
Pandemia hasi zenean, oro har, entzun ziren txinatarren kontrako komentario batzuk. Nafarroan, hala ere, arazorik ez dugu. Nik hori bertzerik ezin dut erran. Ez dut komentario txarrik entzun. Egoera ezberdina izanen da hiri handietan, segur aski, baina hemen nik ez dut horrelakorik sumatu. Izanen dira komentario orokorrak, baina niri, zuzenean, ez didate deus erran. Nire esperientzia beti izan da ona.