[URTEKARIA, 2021]. Euskararen alorrean atzera urratsak izan direla nabarmendu dute euskalgintzako eragileek. Hizkuntza eskakizunen aurkako sententziez gain, lan deialdietan euskara aintzat ez hartzeak kezka eragin du. Euskaltzale askok kaleak hartu behar izan dituzte, hizkuntza eskubideak aldarrikatzeko.
Ion Orzaiz
Hizkuntza politika inboluzio betean da Nafarroan, bi indarrek sortutako zurrunbiloaren erdian. Alde batetik dago Nafarroako Gobernua, euskararen foru dekretua baliogabetuta, eremu ez-euskaldun nahiz mistoko lan deialdietan euskara meritutzat hartzeari sistematikoki uko egin diona. Bestetik, administrazioetako euskara eskakizun txikienak ere atzera botatzen dituzten epaileak. Bien erdian, haize kontra ibili dira euskalgintzako eragileak 2021ean, eta euskaraz bizitzeko eskubidea kalean aldarrikatzera behartuta ikusi dute beren burua, atzera berriz ere. Krisi garaiotan, baina, proposamen berriak ere loratu dira: indarra hartu dute euskarazko haur eskolen aldeko mugimenduak eta NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan euskara aldarrikatzen duenak; udazkenean, gainera, plataforma berri bat aurkeztu zuten Cortes herrian, euskararen esparruko aldarrikapen guztiak ehuntzeko xedez: Hordago.
Bi urte daramatza herrialdeak euskara administrazioan arautuko duen dekreturik gabe. 2019ko urrian, Nafarroako Auzitegi Nagusiak aurreko foru dekretua baliogabetu eta bi astera, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok jakinarazi zuen gobernua hasia zela “araudi berri bat” prestatzen. Asmoa zen auzitegiak ukitu gabeko puntuei eustea, eta atzera botatakoak moldatzea, besteak beste, lan deialdietan euskarak izan beharreko puntuazioa legez ezartze aldera.
Dekretu berria negoziatzeko tenorean, baina, azalera atera ziren PSNren eta Geroa Bairen arteko desadostasunak. “Bilera horietan defenditu genuen, besteak beste, euskararen ezagutza aintzat hartu behar dela eremu ez-euskalduneko lan deialdi guztietan, gutxienez, atzerriko hizkuntzen pare. PSNk ez zuen puntu hori era orokorrean onartu nahi, eta lanpostu bakoitzaren ezaugarrien araberakoa izateko eskatu zuen”, azaldu zuten Geroa Baiko iturriek [BERRIA, 2021-6-13]. Azkenerako, galga zapaldu zuen PSNk, eta zirriborro berri bat ondu zuen, gobernuko kideen oniritzirik gabe.
Ekainean, Javier Remirez gobernuko lehendakariordeak berak aurreratu zituen zirriborro horren gakoetako batzuk. Eremu ez-euskalduneko oposizio lehiaketetan euskara meritutzat ez jotzea, horixe izanen da dekretu berriaren berritasun nabarmenena, 2017an Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak adostutako arauaren ezaugarrietako bat bertan behera utzita. “Errealitate soziolinguistikoa errespetatuz” eginiko aldaketa dela nabarmendu zuen Remirez lehendakariordeak.
Ez da izanen, ordea, Nafarroako euskaldunek pairatuko duten murrizketa bakarra. PSNk proposatutako zirriborroa onartzen bada, eremu mistoko lan deialdietatik ere kenduko dute euskara meritutzat hartzeko beharra, eta “jendaurreko lanpostuetarako” bakarrik aintzatetsiko dute. Dekretu berria “urteko bigarren seihilekoan” tramitatu nahi zuen gobernuak, 2022rako indarrean egon zedin. Oraingoz, baina, ez dute agiria aurkeztu ere egin.
Dena den, zirriborroari buruzko xehetasunak filtratu eta berehala, kexu azaldu zen euskalgintza. Arau berria “atzerapausoa” izanen dela eta “euskaldunen eskubideak murriztuko dituela” adierazi zuen Euskalgintzaren Kontseiluak, eta manifestazioa egin zuten Iruñean, uztailaren 2an, Euskaraz bizitzearen alde, batuz. Eskubide murrizketarik ez! lelopean.
Euskara plana, aurrera
Dekretua ez, baina Nafarroako Gobernuak prest du hizkuntza politikako bigarren arau garrantzitsuena: Euskararen II. Plan Estrategikoa. Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ollok eta Euskarabidea institutuko zuzendari kudeatzaile Mikel Arregik aurkeztu zuten, urrian. Datorren urte hasieran sartuko da indarrean. Plan horren bidez, hizkuntza politikari lotutako jarraibide orokor eta ardatz nagusiak ezarri nahi ditu Euskarabideak, gobernuko departamentu guztietan. Euskararen bide orri moduko bat, alegia.
Agirian jasotako neurri aipagarrienen artean daude Nafarroako haur guztiei euskara ikasgaia emateko “aukera aztertzea”, administrazioko lanpostu elebidunen kopurua handitzea, euskarazko hedabideak sustatzea eta euskarari buruzko legedia “garatzea eta moldatzea”. Euskarabideak ezarri ditu irizpide orokorrak, baina departamentu bakoitzak erabakiko du horiek nola ezarri. Besteak beste, Hezkuntza Departamentuko buru Carlos Gimenok esana du ikasle guztiei euskarazko ikasgaia emateko aukera baztertu dutela. “Euskararen inposizioaz” hitz egin zuen Gimeno kontseilariak, berriz ere.
Euskararen normalizazioaren eta ofizialtasun zantzu txikienaren aurkako diskurtsoen aldean, ordea, hizkuntza eskubideen aldeko aldarrikapenek ere bidea egin dute aurten, gizarte ekimeneko mugimendu eta eragileen eskutik. Urte hasieran, esate baterako, Mendigorriko eskola publikoan D ereduko lerro bat zabaltzeko baimena eman zuen Hezkuntza Departamentuak. Urtebeteko borrokaren ostean, helburua bete zuten herrian euskarazko hezkuntza aldarrikatzen zuten gurasoek, eta, irailetik, D ereduko haurrek ez dute Gareseraino desplazatu beharrik.
NUPeko euskara taldeak ere zeresana eman du aurten. Unibertsitatean euskaraz ikasteko eskubidearen aldeko kanpaldia egin zuten, azaroan. Lau eskaera nagusi egin zituzten; besteak beste, euskara arautuko duen euskara plana martxan jartzeko eta euskararen errektoreordetza sortzeko. “NUPen ez dago euskara arautzen duen legezko egiturarik”. Horrez gain, euskara kredituei dagokienez, exijitu zuten aurreko ikasturtean urratzen hasitako bideari eusteko; kasurako, irakasleen kontratazioetan euskara eskakizuna ezarrita, eta unibertsitateko gainerako postuetarako lan deialdietan ere euskararen ezagutza aintzat hartuta.
Azaroan, euskararen aldeko aldarriei bide emateko egitasmo berri bat aurkeztu zuten Cortesen: Hordago elkartea. “Edozein nafarrek, edonon dagoela eta edonon bizi dela, Nafarroa osoan euskara ezagutu eta erabiltzeko duen eskubidea praktikan jartzea eragozten duten oztopo guztiak kentzea” jo zuten egitasmo berriaren xede nagusitzat.
Cortesko adierazpena izena eman zioten elkartearen sortze agiriari eta, bertan, Nafarroako zonifikazioa gainditzera dei egin zuten. “Zonifikazio hori bidegabea zen duela lau hamarkada, eta orain, gainera, anakronikoa ere bada”. Banaketa administratiboa “diskriminazio, desberdinkeria eta desadostasun iturri” dela adierazi zuten, hedabideen aurrean.